Lehiari eutsiko dio Fillonek

Frantziako eskuinaren presidentegaiak bere aurkako akusazioei erantzun die: «Ez da egokia izan etikaren ikuspuntutik aztertuta, baina legezkoa da». Le Penek mundializazioaren aurka egin du

François Fillon eskuinaren hautagaia, prentsaurrekoan, atzo, Parisen. PHILIPPE WOJAZER / EFE.
ander perez zala
2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Kontraerasoari ekin dio François Fillon Frantziako LR Errepublikanoak alderdiko presidentegaiak. Azken hamar egunetan isilik egon ostean, konfiantzaz eta gogor erantzun zien atzo haren aurkako akusazioei: «Dena legearen barruan egin dugu. Funtsik gabeko erasoak dira». Ziurtatu du akusazioek eskuinaren hautagaia ahuldu ez, are gehiago indartu dutela udaberriko presidentetzarako hauteskundeei begira. Data horretarako bi hilabete eta erdi falta direla, hautagaitzari eustea erabaki du. Eliseorako bidean faborito nagusia zenak, ordea, gero eta babes txikiagoa du.

Bere emaztea eta seme-alabak diputatuaren laguntzaile posturako kontratatzeagatik barkamena eskatu du, baina behin eta berriz gogorarazi du legezkoa dela hori egitea: «Etikaren ikuspuntutik aztertuta ez da egokia izan, baina legezkoa da. Ez dugu ezer ezkutatzeko. Hutsegite bat egin dut, eta barkamena eskatzen dut. Ez naiz perfektua». Baina, aldi berean, zehaztu du bere buruari ez diola ezer aurpegiratzen. Parisen egindako prentsaurrekoan, LRren hautagaiak argudiatu du lanpostu horretarako gaitasunak zituztelako kontratatu zituela emaztea eta seme-alabak. Le Canard Enchaîné astekariaren arabera, Penelope Fillonek ez zuen lanik egin diputatu-laguntzaile gisa, baina bitartean diru publikoa jaso zuen. Presidentegaiak gezurtatu egin du hala denik: «Nire emazteak bazekien kontratu bat zuela, eta lanean ari zela. Nola ez du jakingo, ba?». Ziurtatu du 1986az geroztik bere emazteak 3.677 euro garbi jaso zituela hilean batez beste, zifra «justifikagarria», haren ustetan. Orotara, 900.000 euro gordin. «Nire ordezkariaren laguntzaile ere izan zen, nik eskatuta, ministro hautatu nindutelako», argudiatu du.

Ordea, 2007an Kim Wilsher kazetariari emandako elkarrizketa batean, Fillon emazteak adierazi zuen ez zela inoiz izan senarraren laguntzailea. «Penelopek ez du inoiz jendaurrean erreibindikatu bere lana. Zuhurtziaz lan egin du. 2007ko hitzak testuingurutik atera dituzte. Whilserrek esan dit harrituta dagoela gaiak izan duen oihartzunaz». Gai horren inguruan, honako hau erantzun zion atzo Wilsherrek Twitterren, bi txiotan: «Duela hamar urte, elkarrizketa bat egin nion Penelope Filloni. Berak esandakoa idatzi nuen. Berak esandakoa grabatu genuen. Ez da nire iritzia: grabatutako egitate bat da»; «Ez, Fillon jauna. Ez dituzte hitzak testuingurutik atera. Utzi nire izenean gezurrak esateari». Ikerlariek emaztearen lanaren frogarik aurkitu ez duten arren, Fillonek bere webgunera igo zituen atzo gauean kontratuari eta lanari buruzko xehetasunak. «Nire aurkako estatu kolpe instituzionala izan da, lintxatze politikoa», kexatu da eskuinaren hautagaia.

Seme-alaben defentsa

Emaztearen lana aipatu ostean, seme-alaben lanari buruz azalpenak eman ditu. Alabak hamabost hilabetez egin zuen lan —2005 eta 2006 artean—, eta semeak sei hilabetez —2007an—, diputatu-laguntzaile gisa; lan horregatik, hilean 3.000 euro garbi jaso zuen bakoitzak, oraindik Zuzenbide karrerako ikasle zirela. Alabaren kasuan, liburu bat idazten lagundu ziola esan du Fillonek, eta, semearen kasuan, Nicolas Sarkozyren 2007ko presidentetzarako hauteskunde kanpainako programa prestatzen lagundu zuela. Lan hori, gainera, legez kanpokoa litzateke, Sarkozyk kanpaina funts publikoarekin eta irregularki finantzatu baitzuen.

Le Monde egunkariak atzo zabaldu zuenez, Frantziako Justizia aztertzen ari da bi akusazio berri gehituko ote dituen: hauteskunde kanpainarako legez kanpoko finantzaketa eta influentzia trafikoa. Hain zuzen ere, Poliziari eta fiskaltzari ohartarazpen bat egin die: «Frantzian botere banaketa dago. Beraz, diputatuek izan ezik, inork ezin du laguntzaileen lana epaitu». Fillonek dagoeneko ziurtatu du presidentegai izateari utziko diola inputatua izanez gero.

«Hilketa politiko baten saiakera jasan dut. Gaur arratsaldean[atzo] kanpaina berria abiatuko dut. Ezerk ez nau presidentetzarako bozetatik desbideratuko. Garaipena lortzeko hautagaia naiz».Lau milioi frantziarren babesa duela gogorarazi du, primarioetan bozkatu zutenena, alegia.

Dena den, ahulduta dago Fillon, eta alderdi barruan areagotu egin dira haren hautagaitzaren aurkako ahotsak. Joan den astean zenbait senatari eta diputatuk beren jarrera ezagutarazi zuten, eta, alderdiak publikoki Fillon babesten duen arren, alternatibak aztertzen ari da. Esperotakoa, ordea, ez da egia bihurtuko: lehen ministro ohi eta Bordeleko alkate Alain Juppek ezetza eman zuen atzo, beste behin ere. MoDem alderdiko presidente François Bayrouk ere iritzi bera du: «Irtenbide bakarra hautagaitza bertan behera uztea da». Ikerketa judizialak aurrera jarraitu bitartean, ziurgabetasuna izango da nagusi LRn.

Ekitaldiz ekitaldi

Gainontzeko alderdiei dagokienez, mitinez betetako asteburua izan da aurrekoa, eta hiru hautagai garrantzitsuk kanpaina hasteko erabili dute. Lyon hirian izan ziren FN Fronte Nazionaleko presidentegai Marine Le Pen, PS Alderdi Sozialistako presidentegai Benoit Hamon eta La France Insoumiseko Jean-Luc Melenchon —Parisen izan zen aldi berean, holograma bidez—.

Le Penek bere programako neurri eta ideiarik garrantzitsuenak ezagutarazi zituen herenegun. Zin egin du frantziarrak EB Europako Batasunetik, atzerritarrengandik eta musulmanengandik babestuko dituela: «Gure agintariek erregulaziorik gabeko mundializazioa hautatu dute. Horren ondorioz, ekonomia finantzializatu behar izan da, eta horrek fundamentalismo islamista erakarri du». Ideia horretan sakondu du: «Mundializazioak, batetik, eta erreakzio faltak, bestetik, kontrolik gabeko immigrazioa eragin dute; eta, horren ondorioz, islamismoa». Le Penen ustetan, irtenbidea argia da: «Abertzaletasun ekonomikoa». Horrez gain, erreferendum bat antolatuko du presidente izanez gero, Frantziak EBko kide izaten jarraitu behar duen galdetzeko; Schengen eremutik atera nahi du; frantziar nazionalitatea kendu nahi die «terroristei»; Defentsarako aurrekontua BPG barne produktu gordinaren %2ra igo nahi du lehenik, eta %3ra ondoren.

Gainera, Frantzian lan egiten duten kanpotarrei zerga bat ezarri nahi die, herrialdean lan egiteagatik. «Txanpon nazional» bat sortzea ere proposatu du, betiere Europako Batasuneko herrialdeekin erabiltzeko «txanpon komun» batekin, enpresek nazioarteko negozioetan erabiliko luketena.

Melenchonek, berriz, ez zuen Le Pen aipatu, eta kritika guztiak Macronengana bideratu zituen: «Macronek jende askoren bizia usteldu du El Khomri legean parte hartuz». Le Penek etorkinen haurrei doako eskolatzea kendu nahi die; Melenchonek, aldiz, nahi du 3 eta 18 urte artean denentzat «nahitaezkoa» izan dadila. Horrez gain, «herrialdeko aberastasunaren %1» kulturari eman nahi dio.

Hamonek, berriz, «borrokarako ezkerra» prestatu nahi du apirilaren 23ko eta maiatzaren 7ko hauteskundeetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.