Bonu jasangarrien eskaria eskaintza halako hiru izan da merkatuetan

Jaurlaritzak arrakastaz jarri ditu 500 milioi euro merkatuetan, %1,45eko interesarekin. Nazioarteko inbertitzaileek 1.583 milioi eskatu dituzte

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburua. IREKIA.
xabier martin
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Merkatuek harrera bikaina egin diete Eusko Jaurlaritzaren bonu jasangarriei. 500 milioi euroko zorpetzea ipini du merkatuetan Lakuak %1,45eko interesarekin hamar urtera, eta oinarrizko hamabost puntuko errentagarritasunarekin pareko produktuekiko. 500 milioiko zorpetzea halako hiru jartzeko aukera izango zuen gobernuak, eskaria eskaintza halako hiru izan baita. Hamahiru herrialdetako inbertitzailek 1.583 milioi euroko eskaera egin dute. Horrela eman zuen ezagutzera Jaurlaritzak, atzo.

Aurreko asteartean ziren jaulkitzekoak Gasteizko gobernuaren estreinako bonu jasangarriak, baina merkatuaren aldarteak—Espainiako gobernu aldaketaren atarikoak eta Italiaren egoera tartean zirela— jaulkipena atzeratu zuen. Ogasunak asmatu duela esan daiteke, atzo arrakastaz gauzatu baitzuen eskaintza. «Gaur [atzo] ez dira egon aurreko egunetako hainbat baldintza», esplikatu zuen Josu Erkorekak Jaurlaritzako bozeramaileak. Horregatik erabaki zuten jaulkipena gauzatzea. Erkorekak aipatutako «baldintza egokiak» arrisku sariaren «egonkortasuna» da. Pedro Azpiazu Ogasuneko sailburuak berretsi zuen Espainiako arrisku saria «egonkor» egon zela goizean, nahiz eta gero apur bat igo zen, eguna 100 puntutan bukatu arte (91n hasi zuen jarduna); egonkortasun hori «oso positiboa» izan dela azaldu zuen Azpiazuk. Eguerdirako hark helarazi zion Erkorekari albiste ona. «Argi geratu da bonu jasangarriek merkatuan eragin duten interes handia».

Atzerriko inbertitzaile asko

500 milioi euroak erakundeei eskaini zaizkie, ez inbertitzaile partikularrei. Zorpetzearen %65 Espainiako eta Euskal Herriko ez beste herrialde batzuetako inbertitzaileek hartu dute. Jaurlaritzakzorra dibertsifikatu nahi zuen, eta helburua argi eta garbi lortu du. Espero zuen harrera on bat, Ogasunari bonuekiko interesa helarazi ziotelako jaulkipenaren aurkezpenetan, Parisen, Frankfurten, Dusseldorfen eta Madrilen; eta aurreikuspena erabat bete da. Horrela banatu da bonu jasangarrien inbertsioa: Espainia (172 milioi euro), Frantzia (115,75 milioi), Alemania (94,85), Austria (34,77), Italia (19,45), Herbehereak (19,2), Suitza (14,45), Hego Korea (10), Luxenburgo (8,2), Suedia (5,5), Portugal (4,6), Erresuma Batua (1,21) eta Arabiar Emirerri Batuak (0,1). Inbertitzaileen tipologiari dagokionez, gehienak inbertsio funtsak dira (%38,66). Horien atzetik datoz aseguruen (%25,96) eta bankuen (%22,92) sektoreko erakundeak. Pentsio funtsek, Banku Zentralek eta enpresa pribatuek presentzia txikiagoa dute.

Baina jaulkipena atzeratzea oinarrizkoa izan da operazioa ondo ateratzeko, Azpiazuk berak onartu zuen moduan, orain egun batzuk ez baitzegoen merkatua egin ahal izateko. «Arazoa ez zen garesti aterako zitzaigula, merkatua ez zela egongo baizik». Herenegun, urratsa egiteko prest zegoen, ordea, merkatuak baretu ostean, eta, atzo, gauzatu egin zen bonu jasangarrien jaulkipena.

Lakuak esan zuen euskal jaulkipenak «zabaldu dituela berriro merkatuak», Espainiako eta Italiako krisi politikoek eragindako geldialdiaren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.