Theresa Mayk 'brexit'-aren aurkari bat izendatu du lehen ministrorde

Erresuma Batuko lehen ministroak aldaketa ugari egin ditu gobernuan, baina giltzarri nagusiak mugitu gabe, tartean 'brexit'-az arduratu direnak

May, Alderdi Kontserbadoreko presidente Lewis —ezk.— eta presidenteorde Cleverlyrekin —esk.—. F. ARRIZABALAGA / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayk aldaketak egin ditu gobernuan. Horretarako hartu ditu atzoko eta gaurko egunak. Aldaketa nagusietako bat lehen ministrorde berriaren izendapena izan da: abendutik hutsik zegoen kargua David Lidingtonek hartu du, orain arte Justizia ministro zenak.

Lehen ministrorde berria Justizia ministro izan da orain arte. David Cameron lehen ministro zela, Europarako ministro ere izan zen Lidington, eta EB Europako Batasunean geratzearen alde agertu zen brexit-eko erreferendumaren aurretik.

Damien Greenek abenduan dimisioa eman ostean libre zegoen lehen ministrorde kargua. Mayk bultzatuta hartu zuen erabakia Greenek, 2008an parlamentuko bere ordenagailuan aurkitutako pornografiaren inguruan emaniko azalpen ahulen ondorioz.

Dimisio hori izan da lehen ministroa gobernuan aldaketak egitera bultzatu duena. Hala adierazi zuen tory-en liderrak asteburuan: «Green Gabonen aurretik irten izanak hainbat aldaketa egin behar direla esan nahi du, eta egingo ditut».

Alderdi barrura ere iritsi dira aldaketak, eta zuzendaritza berria izendatu du Mayk. Brandon Lewis izango da alderdiko presidente berria, Patrick McLoughlin ordezkatuz. Lewis Immigraziorako eta Atzerri Gaietarako estatu ministro izan da orain arte. Kontserbadoreen presidente izateaz gain, sailik gabeko ministro ere izango da. Lewisek kargua hartzearekin batera, James Cleverly alderdiko presidenteorde izendatu du Mayk.

Alderdiko presidentetzan eginiko aldaketaren arrazoi nagusia iazko ekaineko hauteskundeetan McLoughlinek jokatutako rolean dago. Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa galdu zuen hauteskunde horietan. Horiek ez dira, ordea, Londresen egon diren aldaketa bakarrak. Besteak beste, David Gauke Justizia ministro izango da, Matt Hancock Kultura eta Kirol ministro eta Jeremy Hunt Osasun ministro.

Halere, Erresuma Batuak bizi duen garai politikoan gako garrantzitsuak diren karguetan ez du aldaketarik egin. Boris Johnson Atzerri ministroak, Philip Hammond Ekonomia ministroak, Amner Rudd Barne ministroak eta David Davis brexit-erako ministroak karguetan jarraituko dute. Aurretik, Johnsonek brexit-eko negoziazioa bere gain har zezakeela zabaldu zen.

Horiek horrela, Lidington lehen ministrorde berriaren zeregin nagusia brexit-ari aurre egiteko dauden bi joeren arteko batura lana egitea izango da, laster hasiko baitira bigarren fasea negoziatzeko elkarrizketak.

Aldaketa Ipar Irlandan ere

Erresuma Batuko Gobernuan egon den beste aldaketa garrantzitsua James Brokenshire Ipar Irlandarako ministroaren dimisioa izan da, osasun arazoengatik. Brokenshire ez da gai izan DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren eta Sinn Feinen arteko negoziazioak aurrera eramateko, bi alderdiek osatutako gobernua urtarrilean hautsi ostean. Hauteskundeak egin eta gero, Ipar Irlandak hamar hilabete daramatza gobernua osatu ezinik, eta azaroan, Londresek aurrekontu bat ezarri zion Belfasti. Orain, Karen Bradleyk hartu du kargua, Kirol eta Kultura ministerioa utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.