Yemen hegoaldeko milizia independentistak Aden hiriaren kontrola hartu du

Gobernuak traiziotzat jo du mugimendu independentistak armak hartu izana. Hautsi egin da milizia xiitei kontra egiteko eratutako aliantza

Yemen hegoaldeko milizia independentistak Aden hiriaren kontrola hartu du.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Yemenen protestak hasi zirela zazpi urte badira, eta egoera gero eta gehiago korapilatzen ari da. Sana hiriburuan abiatu zen iraultza, 2011ko urtarrilaren 27an, baina gatazka zaharragoa da; 1990an batu ziren herrialde bakarrean Ipar eta Hego Yemen. Eta garai hartako zatiketak oraindik ere baldintzatzen du herrialdearen egunerokoa. Aden, hegoaldeko hiriburuan dago orain, gatazka gunea. Hegoaldeko milizia independentistek hiriaren kontrola bereganatu dute azken orduetan. Hiru eguneko borroken ostean, su-etena adostu dute aldeek, baina iturri militarrek menia ez errespetatzea leporatu diote milizia independentistari, STC Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalari.

Yemengo Gobernua 2015ean ezarri zen kostaldeko hiri horretan, huthiek, ipar-mendebaldeko gerrilla xiitak, hiriburutik kanporatu zutenean. Abd Rabu Mansur Hadi presidentearen exekutiboak hegoaldera egin zuen, eta, agintariak, berriz, Saudi Arabiara. Riadek, orduan, huthien kontrako gerrari ekin zion, ez duelako nahi bere mugetan mugimendu xiita bat indartzea. Iranen tresna bat izatea ere egozten dio.

Ali Abdullah Saleh presidente ohia ere aliatu zuten huthiek hura hil zuten arte —2011ko protesten ondoren eman zuen amore—. Eta haien kontra egiteko aliatu egin ziren hegoaldeko milizia independentistak ondorengo gobernuarekin. Aliantza hori, baina, hautsi egin da egunotako enfrentamenduarekin. Igandetik 21 lagun hil dituztela salatu dute. Egun horretan sartu zen milizia independentista gobernuaren egoitzetan.

Eidaruz al-Zubeidik zuzentzen du mugimendu independentista, eta estatu propio bat aldarrikatzen dute hegoaldean —1967-1990 artean izan zen independente hegoaldea—. Zubeidi Adengo gobernadore izan zen apirilera arte, egungo gobernuaren abaroan, baina independentzia eskatzeari ekin ziotenean kargugabetu zuten. Protestak piztu ziren orduan, eta orain bien arteko aliantza erabat hautsi da. Buruzagiak, hain zuzen, igandera arteko epea eman zion gobernuari exekutiboan erreformak egiteko, eta egin ez direnez, armak hartu dituzte. Gobernuak, berriz, traiziotzat jo du, eta, hainbat iturriren arabera, base militar batera joatekoak ziren bart, handik erbestera joateko, Riadera.

Giza krisia

Saudi Arabia gerran esku hartzen hasi zenetik, 2015eko martxoan, nazioarteko koalizioa zuzentzen, herrialdearen egoerak okerrera egin du. Nazioarteko lege humanitarioa urratzea egotzi diote. NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du erasoaldia hasi zenetik 9.245 lagun hil direla eta gerrak hiru milioi desplazatu baino gehiago eragin dituela. Biztanleen hiru laurden, 22 milioi lagun, giza laguntzaren premian dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.