Contek Mattarellaren onespena du Italiako lehen ministro bilakatzeko

Orain, Italiako presidenteak baietza eman beharko die hautagaiak proposatutako ministrogaiei. Contek adierazi du datozen egunetan «batasuneko programa bat» aurkeztuko duela Kongresuan

Sergio Mattarella eta Giusseppe Conte bilduta, atzo, Erroman. PAOLO GIANDOTTI / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Hauteskunde orokorretatik 80 egun igaro ziren atzo Italian, eta badirudi martxan dela gobernu berri baten osaketa. M5S Bost Izarren Mugimenduak eta Lega Nord alderdi xenofoboak lehen ministro izateko aurkeztutako hautagai Giusseppe Conte Italiako presidente Sergio Mattarellarekin bildu zen, haren onespena lortzeko asmoz. Mattarellak baietza eman dio, eta orain Italiako Parlamentuan bozkatuko dute hautagaitza. Contek «aldaketarako gobernu bat» nahi duela adierazi du.

Italiako Konstituzioaren arabera, estatuburuak du lehen ministroa izendatzeko eskumena, «hauteskundeen emaitzak kontuan izanda». Mugarik ez duen arren, parlamentuaren gehiengoak proposatutako hautagaia aukeratu ohi du. Hala gertatu da oraingoan ere. Quirinale jauregiko idazkari nagusi Ugo Zampettik eman zuen berria, Mattarellaren eta Conteren arteko ia bi orduko bilera amaitu ostean. Contek «diskrezioz» onartu du egitekoa, bere ministroak izendatu eta presidenteak horiei ere baietza eman arte.

«Herrialdeak erantzunak espero ditu», adierazi zuen Contek, bileraren ostean: «Italiar guztien interesak defendatzea espero dut orain». Horretarako, datorren egunetan «adostasunerako programa bat» aurkeztuko du Kongresuan, «aldaketarako gobernu bat» osatzeko bidean. Contek esan du Mattarella presidenteak Italia «fase delikatu batean» dagoela azaldu diola, eta aurrerako erronka ugari izango dituela.

Erronka horien artean, Italiak Europara eta nazioartera begira izan beharreko «jarrera zehazteko» premia azpimarratu dio Mattarellak. Contek adierazi du hortaz jabetu dela, eta «lehentasunezko» jo ditu egun Europako Batasunean martxan diren negoziazioei aurre egitea: batasuneko aurrekontuen, asilo eskubidearen erreformaren eta banku batasunaren ingurukoak.

Orain, eman beharreko hurrengo pausoak ministro zerrenda aurkeztea eta karguari zin egitea izango dira. Contek aurkeztu dezakeen gobernu taldeak arazoak sor ditzake, horiek ere Matarellaren baietza izan beharko baitute. Besteak beste, Paolo Savona ministro ohiaren izena atera da, Ekonomia Ministerioaren ardura hartzeko. Savona euroaren aurkari amorratua da, eta Mattarellak atzera bota dezakeen zerbait da hori. Kontuan izan behar da adostutako gobernu akordioan ez dela eurotik ateratzeko planik aurreikusten, baina azken proposamenaren aurretik filtratu zen zirriborroak aukera mahai gainean uzten zuela.

Gobernu taldea osatuta, Italiako Parlamentuko bi ganberenonespena lortu beharko du, Kongresuarena eta Senatuarena. Hurrengo astean lor dezake hori, ez baita horretarako arazorik egotea espero. Gainontzeko alderdiak M5Sren eta Legaren arteko gobernuaren aurka egon arren, bien artean gehiengo osoa dute.

Lehen ministro kargura iritsita ere ez du lan erraza izango Contek. 72 urtean Italiak izaniko 65. lehen ministroa bihurtuko litzateke, batez beste, urtebete eta bi hilabete iraun baitu bakoitzak. Conteren buruhauste nagusietako bat lidergoa mantentzea izango da, alboan hura gobernura eraman duten bi alderdiburuak izango baititu, M5Sko lider LuigiDi Maio eta Lega Nordeko idazkari federal Matteo Salvini. Salvinik jada adierazi du Conte ez dela aginduen «gauzatzaile hutsa» izango.

Azken unera arteko dudak

Ezbaian zegoen Mattarellak Conteri baiezkoa emango ote zion, astelehenean Di Maiorekin eta Salvinirekin bildu ostean, asteartea pentsatzeko hartu baitzuen presidenteak. Conteren esperientzia politiko falta eta azken egunetan haren curriculumaren inguruan kaleratutako albisteak izan dira itxaronaldiaren arrazoi nagusiak.

Hainbat hedabidek gezurrezkotzat jo dituzte Contek nazioarteko unibertsitatetan eginiko ikastaroak, besteak beste, AEBetako Yalen, Frantziako Sorbonan eta Ingalaterrako Cambridgen, eta Italian zeresana eman du gaiak. La Repubblica egunkariaren arabera, Conte atzo bildu zen M5S mugimenduko buruekin eta azaldu zien eginikoak ez zirela ikastaroak izan, irakasleekikokontaktuak eta unibertsitate haietako material juridikoaren inguruko kontsultak baizik.

Italiako hainbat hedabidek azaldu dute Mattarella presidenteari eta haren inguruari ez zaiela gustatu M5Sk eta Legak azken orduetan eginiko presioa ere. Besteak beste, M5S mugimenduko parlamentari ohi Alessandro Di Battistak adierazi zuen Mattarellak denbora luzez gobernu bat osatzearen beharra azpimarratu duela, eta orain, gehiengoa osatuta, hari baietza emateko betebeharra duela: «Italiarrek gobernu indartsu bat izateko eskubidea dute; esku hartzeko gai den gobernu bat, beharrezko gogortasunarekin, justizia soziala berreskuratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.