Albistea entzun

Biharamunik gozoena

24 urteren ondoren, Argentina Munduko Kopako finalera itzuli da. Buenos Aires hartu dute zaleek; Romero atezaina da heroi berria; Riorako hegaldien prezioa bikoiztu egin da, eta, hala ere, 70.000 argentinar joango dira sarrerarik gabe.
Zale bat, <em>Argentina bihotzean eramaten da</em> leloa duen bufanda erakusten, Buenos Airesko ospakizunetan.</em>
Zale bat, Argentina bihotzean eramaten da leloa duen bufanda erakusten, Buenos Airesko ospakizunetan. E. G. M. / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2014ko uztailak 11

Argentinak aspaldiko biharamunik gozoena izan zuen atzo. Futbol selekzioa Munduko Kopako finalerako sailkatu zen, herenegun Herbehereak penaltietan kanporatuta. 24 urteren ondoren, partidarik garrantzitsuenean izango da Argentina. Ospakizunek Buenos Aires kolapsatu egin zuten; egunkariek ez zuten beste gairik, eta Argentinako bidaia agentziek pagotxa edukiko dute. Brasilgo agintariak ere prest daude iganderako, beste 70.000 argentinar joango baitira Riora, gehienak sarrerarik gabe.

Futbola nazio auzia da Argentinan, eta atzoko egunkariek hizki larriak konplexurik gabe erabili zituzten. Sergio Romero atezaina —bi penalti gelditu zituen— eta Javier Mascherano goratu zituzten. Olé egunkariak azal irudimentsua egin zuen, hitz joko bat eginez: «Heroyco» (Heroikoa), Sergio Goycoechea El Vasco-rekin alderatuz Romero. Goycoechea Argentinaren atezaina izan zen 1990eko Munduko Kopan, eta orduan ere penaltietan sailkatu zen finalerako —baita finalerdietarako ere—. La Nación-ek, berriz, «Loriarantz korrika» idatzi zuen, eta Romero «heroitzat» jo zuen. Clarín-ek ere adjektibo bera aukeratu zuen bere webgunerako: «Romero izan zen heroia penaltietan».

Kaleetan ere ospakizunik ez zen falta. 1990tik, txapeldunorde izan zenetik, Argentina finalerdietarako sailkatu gabea zen. 1994an final-zortzirenetan kanporatu zuten, eta hortik aurrerakoetan final-laurdenetan hirutan, eta behin lehen fasean (2002).

Euforia zabaldu zen Buenos Airesen, herrialdeko biztanleen %40 han bizi dira. Obelisko ezaguna izan zen zaleak biltzeko lekua, jende uholdea, baina, Maiatzeko Plazaraino eta Exte Arrosaraino iritsi zen, Argentinako presidentearen egoitzaraino.

Uztailaren 9a jaieguna da Argentina, Independentziaren Eguna, eta izen bereko etorbidea lepo bete zen. 198 metroko zabalera du. Kalkulu ofizialik ez dago, baina Buenos Airesko agintariek esan dute milioiak direla kalera irtendako hiritarrak. Adarjotzerik ere ez zen falta izan, eta Corrientes kalean, antzokien kalean, Rioko Kristo Barkatzailearen estatua bat jarri zuten. Brasilen eta Argentinaren artean adarjotzea da nagusi, eta Brasilen txapeldun izan ahal izateak gatza gehitu dio auziari.

Brasil hain gertu izanda argentinar mordoa espero dute Rion iganderako. Sao Paulon 60.000 bildu ziren herenegun, eta finaleko egunean 70.000 gehiago biltzea espero da, gehienak sarrerarik gabe. Rio de Janeirok horretarako hainbat gune prestatu ditu, tartean Sanbodromo ezaguna, eta segurtasun neurri bereziak hartuko ditu istiluak eragozteko.

Argentinar gehienak errepidez joango dira —Buenos Airestik Rio de Janeirora 2.800 kilometro daude—, bidaien prezioa bikoiztu egin baita. Cordobatik, esaterako, atzo irten eta asteazkenean itzultzeko txartel batek 1.743 euro balio zuen, opor garaian baino bi aldiz gehiago. Itzulerak asteazkenean behar du ezinbestean, astelehen eta astearterako Riotik Argentinara joateko hegaldi guztiak beteta baitaude. Ostiralean irten eta ostegunean itzultzeak, berriz, 2.000 euro inguru balio du. Sarrerei dagokienez, birsaltzaileak dira aukera bakarra, eta atzo 2.800 euro inguru eskatzen zituzten Rion.

Argentinaren aldeko mezuek hartu zuten Twitter herenegun. Asko dira Euskal Herrian bizi diren argentinarrak, baita kirolariak ere, eta euren sentimenduak azaleratu zituzten sare sozialetan. Andres Nocioni Laboral Kutxako jokalariak (@soyelchapu) hauxe txiokatu zuen: «Orain bai Brazuca, begira esazue nola jokatuko dugun finala». Mauro Quiroga ere (@Mauro09Q) Gasteizen ari zen iragan sasoira arte, Alavesen, eta hunkituago zegoen. «Hitzik gabe. Ilusio eta alaitasun malkoak dira denak. Eskerrik asko, selekzioa; eskerrik asko, Jaungoikoa». Martin Bustos Moyano Baionako joko irekitzailea da, eta hark ere ospatu zuen (@tinbustosmoyano): «Gaur inoiz baino gehiago. Goazen Argentina, carajo!».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

Mokoka amaitu dute bidea

Beñat Mujika Telleria Ainara Arratibel Gascon

Iñigo Martinezek Athletic uztea erabaki du. Klubak dio jokalariak uko egin diola kontratua luzatzeko eskaintzari, baina haren komunikazio agentziak ukatu egin du eskaintza
Braulio Vazquez prentsa aretoan ©@Osasuna

Braulio Vazquez: «Elkarrekin sufritu genuen duela bi urte, eta elkarrekin gozatu dugu orain»

Beñat Mujika Telleria

Osasunaren denboraldiaren balorazioa egin du eguerdian Braulio Vazquez kirol zuzendariak. Haren esanetan, sasoia, oro har, «klubaren historiako onena» izan da, Espainiako Kopako finalerako eta Konferentzia ligarako sailkatuta.

 ©Andoni Canellada / Fotu

Erreka eta Buruzgain finalerdietara

Jon Eskudero

Ezusteen asteburua izan da Berria Txapelketan. Izan ere, faborito zirenek huts egin dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.