Kosovo, Europatik gertuago

EBrekin elkartzeko akordiorako oinarria sinatu du Kosovok.Itunak ez du aitortzen Serbiako probintzia ohia estatu independentea denik.Espainiako Estatuak jarri dizkio traba gehien prozesuari

Europako Batasunak kontratatutako langileak Kosovo iparraldeko Mitrovica herriko zubian lanean. VALDRIN XHEMAJ / EFE.
Jone Amonarriz.
2015eko urriaren 28a
00:00
Entzun
«Egun handia da guztiontzat», ziurtatu zuen atzo Johannes Hahn EB Europako Batasuneko Erregio Politikarako komisarioak. 2008ko otsailean aldarrikatu zuten Kosovo estatu independente, eta badira oraindik pauso hori onartu ez duten herrialdeak —Espainia, besteak beste—. Baina Kosovok ez du denborarik galdu nahi. Urrats esanguratsua egin zuen atzo: EBkin elkartzeko akordiorako oinarria sinatu zuen Estrasburgon, Frantzian.

Aurrerapauso «oso garrantzitsua» dela jakinarazi zuten Federica Mogherini Europako Batasuneko Kanpo Politika eta Segurtasun Bateratuaren arduradunak eta Kosovoko lehen ministro Isa Mustafak. Bi ordezkariek eta Europako Integraziorako ministro eta negoziazioen buru Bekim Collakuk sinatu zuten atzo ituna.

EBra sartzeko akordiorako oinarria da, nolabait, hitzarmena. Elkarrizketak 2013an hasi zituzten bi aldeek, eta iazko maiatzean finkatu zituzten itunaren ardatz nagusiak: finantza laguntza, elkarrizketa politikoa, harreman komertzialak, justizia, segurtasuna, askatasuna eta elkarlana, adibidez. Komertzioaren alorrari dagokionean, Kosovoko produktuei «ia oztoporik gabeko» sarbidea bermatuko diela hitzeman du EBk. Era berean, Kosovok hamar urteko epemuga izango du muga zerga kentzeko Europako merkatuko produktuei. Sinatu berri duten hitzarmena 2016ko lehen hilabeteetan jarriko dute martxan, Europako Parlamentuak oniritzia eman bezain laster. Estatu kideek ez dute erabakia berretsi beharko, azken hitza EBrena delako.

Europako perspektiba «hezurmamitzeko» eta Kosovo Europara gerturatzeko «pauso zehatzak» emateko prest dagoela zehaztu du EBk. Behin akordioa indarrean dagoenean, «kontratu harreman horrek elkarrekiko eskubideak eta betebeharrak» xedatuko ditu.

Mendebaldeko Balkanen integrazioa sustatzeko hainbat politika jarri zituen abian Europak 1999an —sinatu berri duten hitzarmena, besteak beste, orduan sortu zuen—. Kroazia 2013. urtean sartu zen EBn, eta Mendebaldeko Balkanetako gainerako herrialdeak ere bidean dira jada. Itun hori sinatua dute: Albaniak (2013), Bosnia eta Herzegovinak (2008), Mazedoniak (2005), Montenegrok (2010) eta Serbiak (2012). Montenegro, Serbia, Mazedonia eta Albania hautagai ofizialak dira; lehen biak EBn sartzeko negoziazioak martxan dira jada. Bosnia eta Herzegovina eta Kosovo, aldiz, hautagai potentzialak dira. Lotura politiko eta ekonomikoak indartzea eta EBko kide izatea dituzte helburu herrialde horiek guztiek.

Gehiengoa, alde

Atzo sinatutako akordioaren bigarren artikuluak argi eta garbi dio Europako Batasunak ez duela Kosovo estatu independentea gisa aitortzen. Hala ere, 2008an, independentziaren aldarrikapenaren ondotik, hogeita zazpi herrialdeetatik hogeita bik Kosovo estatu independentea zela onartu zuten. Bost dira hori aitortzen ez duten estatuak: Espainia, Eslovakia, Zipre, Errumania eta Grezia. Inguruko herrialdeetatik, berriz, Serbia eta Bosnia eta Herzegovina.

Garai berri bat

Europarako hurbilpen hori negoziatzen hasteko traba gehien jarri dituen herrialdeetako bat da Espainia; 2013an onartu zuen EBk negoziazioak hastea Kosovorekin. Erabaki horrek ez zuela maila nazionaleko aitorpenik eta berrespenik ekarriko ziurtatu zioten lehenago, Iñigo Mendez de Vigo Espainiako estatu idazkari ohiaren arabera. Hori horrela, joan den ostegunean eman zioten oniritzia hogeita zortzi estatuetako gobernuek akordioari, baita Kosovoren independentzia onartzen ez dutenek ere.

«Bi aldeek eginiko lana» azpimarratu du Mogherinik: «Ziur nago Europako Batasunari eta herrialdearen egonkortasunari eta integrazioari mesede handia egingo diola». Kosovoko lehen ministroak, aldiz, nabarmendu du «arduratsuak» izango direla. Hurrengo urratsa bisen liberalizazioa izatea espero duela gehitu du. Bestalde, Serbiaren eta Kosovoren arteko harremanak normalizatzeko 2013an sinatutako akordio historikoa ekarri zuten gogora. Europarako bidean elkarri kalterik ez egiteko konpromisoa hartu zuten bi herrialdeek, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.