Mohamed VI.aren zain

Marokoko Rif eskualdeko erresistentziak erregearekin hitz egin nahi du egoera konpontze bidean jartzeko. Gaurko ere grebara dago deituta

Rabat hiriburuan ere egin zuten manifestazio bat igandean, eta Zafzafi askatzeko eskatu. ABDELHAK SENNA / EFE.
Igor Susaeta.
Donostia
2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Rifeko Herri Mugimenduarekin hitz egiteko prest dago Marokoko Gobernua. «Elkarrizketarako ateek irekita jarraitzen dute», adierazi zuen igandean. Erresistentziak urte erdia darama mobilizatzen, eta ez dauka konfiantzarik gobernuarekin. Izan ere, 2011n onartutako konstituzioa gorabehera, gobernuak ia ez du botererik, eta parlamentuak are gutxiago. Agintzen duenarekin, Mohamed VI.a erregearekin, hitz egin nahi du zuzenean herri mugimenduak, eta hari exijitu eskualdean inbertitu dezala garapen ekonomikoa sustatzeko, zerbitzu publikoak hauspotzeko.

Halaxe jakinarazi zuen erresistentziaren burua zenak, Nasser Zafzafik —atxilotuta dago maiatzaren 29tik—, duela hiru aste, eta jarrera hori baieztatu du haren lekukoa hartu duenak, Nawal Benaisak: «Erregeak Rif maite du, eta riftarrek hura maite dute. Harengan sinesten dugu, ez gobernuarengan. Eta uste dugu erreakzionatuko duela». Asteburuan greba orokorra egin zuten eskualdean, eta gaurko ere deitu dute.

Gobernuko kideak Rifeko gizarte zibileko ordezkariekin bildu ziren orain hiru aste, eta haiei jakinarazi erregeari «arrazoizkoak» iruditzen zaizkiola aldarrikapenak. Oraindik, baina, ez dute aurrerapausorik eman. Mohamed VI.ak aste batzuk pasatzen ditu udan Al-Hoceiman, oporretan. Maroc Hebdo frantsesez kaleratutako astekariaren arabera, marokoarrak erregeak noiz esku hartuko daude, esperoan: «Dirudienez, erregea da egoera baretzeko baliabideak dituen bakarra».

Estatuaren aurkako delituak

Zafzazi protestetako liderra zena joan den maiatzaren 29an atxilotu zuten erresistentziako beste 22 kiderekin batera —giza eskubideen aldeko erakundeen esanetan 37 ziren—, eta herenegun Casablancako Apelazio Auzitegiko fiskal nagusiak iragarritakoaren arabera, horietako hemeretzi «estatuaren barne segurtasunari eta erreinuaren batasunari eraso egiteaz» akusatzen ditu. Zafzafi ez dago delitu hori leporatzen dietenen artean.

Marokoko agintariek Rifeko herri mugimenduko beste bi kide atxilotu zituzten atzo. Horren harira, Mohamed Xtatu analista politikoak adierazi dio Al Jazeerari Rabatek beste jarrera bat duela orain Rifeko mobilizazioekiko: «Hasieran modu baketsuan aurre egin zieten protestei, baina modu geroz eta basatiagoan jokatzen ari dira. Etxeei erasotzen diete, protestak zapaldu. Mezu indartsu bat ari dira zabaltzen».

AI Amnesty International ere kezkatuta dago eta atxilotze kanpaina salatu du —erakundearen datuen arabera, 50 lagun baino gehiago atxilotu dituzte azken asteotan—. Atxilotutako batzuen abokatuek, gainera, ohartarazi dute haien bezeroak jo dituztela. Kontrakoa dio gobernuak. «Atxilotutakoen berme legalak errespetatzen dituela baieztatzen dugu», adierazi zuen ostegunean Mustafa Jalfi bozeramaileak.

Eta Rifen gertatzen ari denaren barruan nabarmentzekoa da, aldi berean, emakumezkoen agerikotasuna. Haiek ere aktiboki parte hartzen ari dira mobilizazioetan—Nawal Benaisa ageri da orain lider gisa—, eta Xtatu analistaren ustez, «aipagarria» da. «Maroko iparraldean, heziketa bat edukita ere, emakumezkoek inoiz ez dute politikan parte hartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.