Julen Martija, erakusleihora

Atzelari gaztea izango da sanferminetako berritasun nagusia, eta Irribarriarekin jokatuko du torneoan. Olaizola II.a-Albisu iazko txapeldunak elkarrekin ariko dira. Sarrera salmenta erritmo onean hasi da

Sanferminetako torneoan parte hartuko duten pilotariak, Caixa Bank babesleko ordezkariekin. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Pilota enpresen koadroak gaztetzen ari dira, bizkor-bizkor. Aspen, esaterako, bi hilabeteko epean hiru beteranok hartu dute erretiroa: Abel Barriolak, Juan Martinez de Irujok eta Aitor Zubietak. Hirurak pilotari handiak, eta sasoiko baleude aurtengo San Fermin ferian egongo ziren. Hipotesiak, baina, ez du balio, ez baitira egongo, eta Eibarko enpresak gazte bati aukera ematea erabaki du. Julen Martija Etxebarriko (Nafarroa) 20 urteko gazteak binakako torneoa jokatuko du Iker Irribarriarekin.

Profesionaletan urtebete pasa eginda, eta ia estelarrik jokatu gabe iritsiko da Martija sanferminetara. Aspek esana zuen udako torneoetan atzelari gazteei aukera emango ziela, ezinbestean bestalde, eta Martija hautagaien zerrendan zegoen. Nafarra izanik, ardura handia da berarentzat. «Labrit nire pilotaleku kutuna da, eta sanferminetan egoten den giroa, izugarria. Ardura handia da halere. Rezusta, Zabaleta, Albisu... Atzelari hain indartsuei aurrea egitea zaila izango da». Martijak hiru atzelari izendatu zituen, eta ez du horietako bat ere aurkari izango bere multzoan.

Binakako torneoa, izan ere, ohi denez, hiruna bikotez osaturiko bi multzotan jokatuko da. Irribarria eta Martija A multzoan egongo dira, Bengoetxea VI.a-Beroiz eta Urrutikoetxea-Larunberekin batera. Larunbek ere lehen aldia du sanferminetako torneoan. A multzoan, berriz, hiru atzelari jotzaileenak egongo dira: Ezkurdia-Rezusta, Altuna III.a-Zabaleta eta Olaizola II.a-Albisu. Azken horiek torneoko txapeldun izan ziren iaz. Lehen fasea ligaxka bidez garatuko da, eta multzo bakoitzeko irabazlea sailkatuko da finalerako.

Feria uztailaren 7tik 14ra jokatuko da, eta bederatzi jaialdi izango ditu. 7an, bi jokatuko dira, lau t'erdiko finalekoa goizean, eta gauekoa. 14an, berriz, binakako finala torneoko jokatuko da, hori bai, arratsaldez, beraz ez du bat egingo Gaixoa ni-arekin. Azken aurreko egunean, Ardoaren Desafioa jokatuko da, eta dagoeneko zehaztuta dago. Mendizabal III.ak eta Bakaikoak jokatuko dute lau t'erdian, Elezkano II.a-Merino II.ak eta Artola-Untoriak binaka, eta Jakak eta Lasok buruz buru.

Uztailaren 7ko goizeko jaialdiaren aurretik, omenaldia egingo diote Aitor Zubietari. Han egon nahi duen zaleak presa izan beharra dauka, aste honetan jarri baitituzte salgai feriako jaialdietarako sarrerak, eta 7ko bi jaialdietarako oso gutxi gelditzen zira. 8rako, berriz, larunbat arratsaldez, ez da sarrerarik gelditzen. Beste egunetarako, badaude oraindik. Sarrerak 10 eta 50 euro artekoak dira.

Lau t'erdikoa, bidean

Binakako torneoko egutegia lau t'erdikoaren finalera iristen diren pilotarien arabera antolatuko da, izan ere, bi adarretako finalistak argitzeko daude oraindik. Asegarcekoan, Bengoetxea VI.ak eta Olaizola II.ak elkarren aurka jokatuko dute hilaren 24an Muskizen (Bizkaia). Partida horretako irabazleak Urrutikoetxea iazko txapeldunarekin neurtu beharko ditu indarrak uztailaren 1ean, Barañainen (Nafarroa).

Aspeko adarrean, berriz, partida gehiago gelditzen dira. Altuna III.ak eta Irribarriak igandean jokatuko dute, Beasainen (Gipuzkoa), eta irabazleak Elezkano izango du aurkari 25ean, Eibarren. 25ean ere bai, Jakak eta Retegik jokatuko dute Arrasaten (Gipuzkoa), eta irabazleak Ezkurdiaren aurka ariko da, 29an, Mungian (Bizkaia). Eibarko eta Mungiako irabazleek uztailaren 2an jokatuko dute Sopelan (Bizkaia), eta hortik irtengo da beste finalista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.