EH Bilduk nahi du DSBEa «jatorrizko espiritutik» abiatuta hobetzea

«Adostasun soziala adostasun politiko» bihurtzeko garaia iritsi dela esan du. Ez du murrizketarik nahi diru sarrerak bermatzeko errentan

Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren eleduna, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irune Lasa.
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Gizarte aurreratu batek bere kideak zaindu eta babesteko betebeharra du», gogorarazi zuen Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren eledunak, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta moldatzeko koalizioaren proposamena aurkezterakoan, atzo, Bilbon. Iriarteren aburuz, «agerikoa da DSBEa positiboa izan dela, ez soilik hura jaso duten familientzat, baizik eta gizarte osoarentzat. Espainiako hainbat politikak eragindako kalteak arintzen ere lagundu du; horren adibide izan daitezke pentsiodunak eta langile pobreak».

Hala ere, EH Bilduren ustez, «DSBEaren mugak gero eta handiagoak dira». Hamar urte igaro eta gero, «errentak ez du gehiagorako ematen» eta «ez da nahikoa bizitza duina egiteko». Horrez gain, Iriartek salatu zuenez, «azkenaldian kalte handia egin zaio babes sistemari. Batetik, eraso populista eta bidegabeak jasan ditu. Bestetik, Jaurlaritzaren murrizketak».

DSBEa moldatu egin behar dela uste du koalizioak, eta legea aldatzerakoan haren jatorrizko espiritutik abiatzea nahi du. Egungo legea «gizarte eragileen eta ekimen politikoen arteko bultzadaren emaitza da», eta, Iriarteren arabera, hori bilatu beharko litzateke orain ere. Legebiltzarkideak uste du hori agerian gelditu dela gaiari buruz legebiltzarrean martxan dagoen prozesuan, eta ordua dela DSBEari buruzko «adostasun soziala adostasun politiko» bihurtzeko. Era berean, Iriartek jakinarazi zuen negoziazio baterako bidea urratzeko lehen kontaktuak izan dituela Jaurlaritzarekin.

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu zituen koalizioaren proposamenaren nondik norako nagusiak, eta azpimarratu zuen EH Bilduk DSBEa «hobetzeko» soilik onartuko duela moldaketa, «murrizketa eta iruzurrari buruzko obsesiorik gabe».

2008. urtean onartutako legea oinarritzat hartu du koalizioak, baina «murrizketarik gabe». Hala, bertan behera utzi nahi du errenta zenbatekoei ezarritako %7ko murrizketa. Errenta jaso ahal izateko erroldatuta egon beharreko epea hiru urtetik bakarrera jaistea ere nahi du, eta gutxieneko adina 23 urtetik 18ra apaltzea. Errenta «eskubide indibidual» gisa hartzea ere aurreikusten du, etxebizitza berean bizi diren bizikidetza unitateak mugatu gabe.

Errentak ezartzeko erreferentzia berriz ere lanbidearteko gutxieneko soldata izatea ere proposatu du, eta ez aurrekontuak. Era berean, ez dute nahi «langile pobreentzako» osagarria DSBEko zenbatekoaren desberdina izatea, ezta hori jasotzeko denbora mugarik egotea ere. Errenta jasotzen duen familiako adingabe bakoitzak 120 euroko osagarria du EH Bilduren proposamenean —orain 120 eurokoa da seme-alaba guztiengatik—.

Bestalde, Elkarrekin Podemos alderdiak gaur azaldu behar ditu DSBEa moldatzeko bere proposamenaren nondik norakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.