Eaton multinazionalak Derioko lantegia itxi nahi duela salatu du ELAk

«Muturreraino» borrokatuko dutela agindu dute fabrikako ehun langileek. Ekoizpena Europa Ekialdera eraman nahi dutela dio ELAk

Eaton enpresaren aurrealdea, Derion (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2016ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Beste izen bat batu zaie itxiera arriskuan dauden Euskal Herrikoenpresei: Eaton, Deriokoa (Bizkaia). Haren jabeak, Eaton AEBetako multinazionalak idatziz jakinarazi zion asteartean enpresa batzordeari Derioko lantegian kaleratze kolektibo bati ekiteko asmoa duela, «antolaketa eta ekoizpen arazoak» argudiatuta. Derioko lantegian ehun langile zuzen ari dira beharrean. Itxierak, baina, kolokan eta zalantzaz josita utziko luke beste ehunka zeharkako beharginen geroa.

Bizkaiko plantaren ekoizpena Europa ekialdeko herrialde batera lekualdatu asmo duela ohartarazi du sindikatuak, eta gogor kritikatu du Eatonen gisako konpainia handien jokaera: «Adibide bat gehiago da jabetzeko multinazionalei soilik emaitzak axola zaizkiela eta, batez ere, etekinak lortzea».

Irabaziak handitzeko aitzakian, multinazionalek ehunka lanpostu kentzeko eta Euskal Herria «orube industrial huts» bihurtzeko inolako erreparorik ez izatea txarretsi du ELAk. Hori ikusirik, halere, langileek ez dute amore emateko asmorik. Asteazkenean egindako batzarrean, aho batez erabaki zuten «muturreraino» borrokatuko dutela euren lanpostuei eta, haien hitzetan, «betidanik bideragarria» izan den lantegiaren jarduerari eusteko. ELAk inplika daitezela exijitu die erakundeei.

Derioko lantegiak tentsio baxuko etengailu elektrikoak merkaturatzeari ekin zion duela 40 urte, eta 1978an lantegi propioa ireki zuen etengailu automatiko eta bereizgarriak Medex izenpean ekoizteko. F&Gek erosi zuen 1983an, 1998an Moellerrek bereganatu, eta, azkenean, Eatonen eskutara iritsi zen 2008an. AEBetako multinazionalak 140 herrialdetan ditu lantegiak, eta 70.000 langile baino gehiago enplegatzen ditu.

Bilera antzua Zumarragan

Bien bitartean, Zumarragan itxiera prozesuarekin aurrera jarraitzen du Arcelor Mittalek. Atzo izan zuten kontsulta faseko hirugarren batzarra zuzendaritzak eta langile batzordeak, eta, berriro ere, bakoitzak bere jarrerari eutsi zion: itxierari enpresak, eta altzairutegiaren bideragarritasunari eta 350 lanpostuen defentsari langileek.

Asteon hasi da ekoizpenaren gelditze mailakatua plantan: labea asteazkenean itzali zuten, eta datorren asteartean jarduera produktiboa etengo dute —egun horretarako deitutako 24 orduko greba bertan behera utzi dute—. Enpresak langileek eskatutako informazio ekonomikoen txostena eman zien atzo beharginen ordezkariei. Datorren asteazkenean egingo dute hurrengo bilera bi aldeek, eta «erabakimena» duen norbait nahi dute langileek enpresako ordezkarien artean. «Beste plan bat eskain dezakeen norbait behar da, ez soilik mahai gainean dagoen itxiera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.