EB erreformatzeko beharra hitzartu dute Italiako gobernu akordioan

M5S mugimenduak eta Lega Nord alderdiak lotu dute ituna. Lehen ministro izateko hautagaia adostea falta zaie. Immigrazio politikak nabarmen gogortzeko nahia adierazi dute alderdiek

M5S mugimenduko buru Luigi Di Maio, aste hasieran, Mattarella presidentearekin bildu ostean. RICCARDO ANTIMIANI / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Italiako M5S Bost Izar Mugimenduak eta eskuin muturreko Lega Nord alderdiak atzo aurkeztu zuten biek adostutako akordioa, 70 eguneko negoziazioen ostean. Immigrazioaren aurkako neurriak, zerga murrizketa eta EB Europako Batasuneko hainbat hitzarmen eztabaidatzeko nahia dira gako esanguratsuenetako batzuk. Bi alderdien artean gehiengo osoa dute parlamentuan, eta orain aurkeztutakoa gobernu programa bilakatuko da. Horretarako, ordea, lehen ministro izateko hautagaia nor izango den hautatu beharko dute, oraindik erabaki gabe dagoena.

«Gezur gehiago ez egunkarietan eta telebistan, hau da errealitatea: Gustuko duzu?», adierazi zien Lega Nordeko idazkari federal Matteo Salvinik bere jarraitzaileei. M5S mugimenduko lider Luigi Di Maio ere gustura agertu zen lortutakoarekin: «Akordio honetan daude hauteskunde kanpainan aurkitutako jendea, ama langileen bizi kalitatea, nire belaunaldiko gazteak, zailtasunak dituzten familiak eta langileak[...]Italiarrak daude».

Martxoaren 4ko hauteskundeek gobernua osatzeko testuinguru zaila utzi zuten Italian, M5S mugimendua eta Lega Nordek gidatutako eskuineko koalizioa gehiengo osoa lortu ezinda geratu baitziren. Bi hilabete baino gehiago igaro direnean, ordea, badirudi azken xehetasunak baino ez direla falta gobernua osatzeko. M5S militanteen %94k babestu dute ituna, hala ere, oraindik akordioa onartu behar dute eskuin muturreko alderdiko militanteek.

Datorren astea hastearekin batera, eta militanteen baietza badute, Di Maio eta Salvini Italiako presidente Sergio Mattarellarekin bilduko dira, euren proposamena aurkezteko. Horren ostean, lehen ministro bat izendatzea besterik ez dute faltako, parlamentuan bozketa aurrera eraman eta gobernua osatzeko. Hori ez da, ez Di Maio, ez Salvini izango, bigarrenak azaldu zuenez.

Europako Batasunak ez du adierazpenik egin bi alderdi euroeszeptikoen akordioaren inguruan, nahiz eta Erromak Bruselarekin izan beharreko harremanaren inguruko hainbat puntu biltzen dituen akordioak. Europako Batzordeko bozeramaile Mina Andreevak adierazi zuen prozesua oraindik martxan dagoela, eta ez duela gobernurik ikusi Italian. «Itxaron eta ikusi» beharra azpimarratu zuen.

Aste hasieran filtratu zen zirriborroa baino leunagoa da atzo kaleratutako azken akordioa. Italia eurotik ateratzeko aukera mahai gainean jartzen zuen lehenak, azken testuak aipatzen ez duena.

Halere, zeresana eman du. Di Maioren eta Salviniren alderdiek azaldu dute 1992ko Maastrichteko ituna «guztiz betetzea» eta «Europako gobernantza ekonomikoko erakundeen» berrikusketa bat beharrezko direla. Immigrazioaren inguruko atalean ere, EB gogoan izan dute, eta Dublingo erregulaziotik harago joan beharra defendatu dute. Era horretan, EBko lurraldeetara iristen diren immigranteen birkokapenak «derrigorra eta automatikoa» izan behar duela adierazidute, «parametro objektibo eta kuantifikatuekin».

Atzerri politikan aldaketa gehiago ere iragarri dituzte.NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide izateko asmoa berretsi dute, baina Errusiarekiko «irekiera» prozesu baten beharra azpimarratu dute, «bazkide ekonomiko» gisa. Beraz, egun EBk Moskuren aurka martxan dituen zigorrak kentzearen alde agertu dira akordioan.

Immigranteen aurka

Dublingo erregulazioa aldatzearen beharra, ordea, ez da immigrazio politikaren inguruan eginiko ekarpen bakarra. Italiaren immigrazio politika guztiz aldatu nahi dute. Lega Nordek hauteskunde kanpainan immigrazio «ilegalaren» aurka «gogortasuna» behar zela adierazi zuen, eta hala berretsi dute akordioan. Hori aurrera eramateko,Barne ministro izateko prest da Salvini.

Programaren arabera, Italian 500.000 immigrante «irregular» daude, eta «ezinbestekoa» da horiek aberriratzea. Hori aurrera eramateko harrerarako erabiltzen diren baliabideen zati bat kanporatzeko erabili behar dela azaldu dute. Besteak beste, kanporatu beharreko immigranteak «kontrolatuak izateko» zentroak martxan jartzea proposatu dute, baita meskita irregularrak ixteko beharra ere.

Beste hainbat arlo ere landu dituzte. Aurrera eraman nahi dituzten proposamen esanguratsuenak honako hauek dira: enpresa eta familientzako zerga jaitsiera, erretiro adina aurreratzeko aukera, eta zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrei laguntzak ezartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.