Brasilgo Munduko Kopa

Hirugarren borrokaldia

Argentinak eta Alemaniak Munduko Kopako bi final jokatu dituzte elkarren aurka. Bana irabazi zuten, eta bihar hautsiko dute berdinketa. Burruchaga, Matthaus, Goycochea, Brehme eta, batez ere, Maradonaren garaiak ziren.

Diego Armando Maradona, 1986ko Munduko Kopa eskuetan duela, Mexiko Hiriko Azteca estadioan. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Tradizio handiena duen finala da. Kolorezko telebista eta kromo bildumek sortu zuten futbol mitomano uholdeak ikusi nahi zuena. Alemaniak eta Argentinak aurretik Munduko Kopako bi final jokatu dituzte elkarren aurka. 1986an Diego Armando Maradonak altxatu zuen trofeoa Mexikon; 1990ean, berriz, Lothar Matthausek, Erroman. Biharkoa hirugarren borrokaldia izango da, berdinketa hautsiko duena.

Argentinak 1986ko ekainaren 29an irabazi zuen Munduko Kopa bigarren aldiz. Azteca estadioan izan zen, eta harmailetan bilduriko 114.600 ikusleek kolokan jarri zituzten segurtasun neurri guztiak. Argentinako izarra Diego Armando Maradona zen; egun hartan partida ikaragarria egin zuen, eta gutxitan adina egur jaso. Argentina 2-0 aurretik jarri zutenak, dena den, Jose Brown eta Jorge Valdano izan ziren.

Eskuan zuen titulua, baina Alemaniak ez zuen etsi. Karl Heinz Rummenigge erdiko lerrora jaitsi eta estutzen hasi zen. Alemaniak bi gol sartu zituen bi kornerretan, Rummenigge (74. min.) eta Rudi Vohlerren (81. min.) bitartez. Gora zetorren Alemania, eta fisikoki osoago zirudien, Maradonak Jorge Burruchagari pase bikaina eman eta hark 3-2koa sartu zuen arte (86. min). Eromenak irentsi zuen estadioa; Maradonak, baina, jokaldirik onena bukaerarako utzia zuen. Alemaniako lau jokalari behar izan ziren hura gelditzeko, eta ez zuen gola sartu. Ezta behar ere: trofeoa ziurtatuta zegoen.

Alemaniak lau urte geroago atera zuen arantza, Italian. Hautatzaileak berberak ziren: Franz Beckenbauer eta Carlos Salvador Bilardo; ordukoan, baina, kaisarrak egin zuen barre. Oraindik Alemania Federala zen. Zurrumurruak hasiak ziren arren, bi urte falta ziren oraindik Berlingo Harresia eraits zezaten. Alemaniak ondo ikasia zuen lezioa, eta ez zuen joko bizirik ametitu. Gero eta final itsusiagoa, hobe. Argentinak, hutsune askorekin, txartel pilaketaren erruz —Caniggia, Ruggeri...— hartu zuen baloia, baina falta asko jaso zituen.

Epaileak lan asko izan zuen, eta gol bakarra penalti bidez iritsi zen, 85. minutuan. Ordurako, Argentina hamar jokalarirekin zen, eta Alemaniak gora egin zuen. Nestor Sensinik area barruan bota zuen Rodi Voller. Ez zen falta argia. Gola Andreas Brehmek sartu zuen, Sergio Goycoechea gelditzeko zorian egon zen arren. Atezaina zen selekzio hartako heroia, Argentinak penalti jaurtiketetan kanporatu baitzituen Jugoslavia lehenbizi eta Italia gero.

Bi finaletan egin dute topo, baina guztira sei partida jokatu dituzte Munduko Kopako historian. Argentinak final hura irabazi du bakarrik; Alemaniak, berriz, hiru garaipen ditu. Beste bi partidak berdinketak izan ziren. Zerrendari lagunartekoak gehituz gero, baina, estatistika Argentinaren aldekoa da. Guztira, hogei partida jokatu dituzte elkarren aurka, eta amerikarrek bederatzi irabazi dituzte; Alemaniak, berriz, sei. Elkarren aurkako azken partida 2012an izan zen, Frankfurten (Alemania), eta Argentinak 1-3 irabazi zuen. 2010eko Munduko Kopan, berriz, Alemaniak irabazi zuen (0-4). Alemaniar zaleek maiz gogoratzen duten ondorioa da hori. «Argentinak lagunartekoak irabazten ditu, eta guk txapelketako partidak».

Agurren eguna

Kopa bihar bukatuko da, baina gaur, aurretik, inork nahi ez duen partida jokatuko dute Brasilek eta Herbehereek (22:00, T5 eta TF1). 3. eta 4. postuak erabakitzea izango dute jokoan Teresopolisen. Litekeena da Luis Felipe Scolarik eta Louis van Gaalek ezohiko jokalariei aukera ematea. Era berean, bien azken partida izango da hautatzaile postuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.