Brasilgo Munduko Kopa

Kolonoentzat ez dago urrerik

Munduko Kopa zazpi bider jokatu da Amerikan, eta denetan kontinente horretako selekzioak izan dira txapeldun. Ekitaldi honetan ere Amerikakoak dira nagusi.

1994an AEBetan titulua irabazi zuten Brasilgo selekzioko jokalariak, tartean Romario eta Dunga, besteak beste. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Futboleko selekzioek egin izan dutena egin izan balute Amerikako indiarrek, orain bestelako Amerika bat litzateke. Kanpotarrek ostu zizkieten lurrak eta ondasunak, materialak eta kulturalak, eta orain arrotz dira beren lurraldean. Futbolean, kontrakoa gertatu izan da. Munduko Kopa zazpitan jokatu da Amerikan, eta etxekoek irabazi izan dute beti. Kolonoek jai izan dute futbol zelaietan orain arte. Aurten ere antzekoa gertatzeko bidean da. Izan ere, Amerikako selekzioak dira gehiengo final-zortzirenetan, sailkatu diren erdiak: Brasil, Mexiko, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Uruguai, Argentina eta AEBak. Brasilera iritsi zirenetik bi bakarrik geratu dira bidean: Ekuador eta Honduras.

Aurreneko Munduko Kopa 1930ean jokatu zen, eta huraxe izan zen Amerikako lehendabizikoa. Uruguain aritu ziren hamahiru selekzio, eta aurretik ez zen sailkapen faserik jokatu; antolakuntzak gonbidatu zituen selekzioak. Etxeko taldeak lortu zuen Jules Rimet kopa, finalean Argentinari irabazita (4-2) Centenario estadioan. Amerikako bederatzi selekzio aritu ziren, eta Europako lau.

Brasilek antolatu zuen Amerikako bigarren Munduko Kopa. 1950eko hura, futbolaren historian aparteko lekuan gordeta dagoena. Maracanaço ezaguna orduan izan zen. Uruguaik irabazi zuen txapelketa, Brasil faborito ahalguztiduna hankaz gora utzi eta gero (2-1). Berdinketa nahikoa zuen etxeko taldeak, lehiaketa ligaxka eran jokatu zelako. Baina 174.000 ikusleren aurrean, Uruguaik mutu utzi zuen Maracana estadioa. Hamahiru selekzio aritu ziren orduan ere.

Txilen izan zen Amerikako hirugarren Munduko Kopa 1962an, eta orduan bai, Brasilek irabazi zuen. Lau urte lehenago lortu zuen aurreko aldiz txapelketa, eta nagusitasuna berretsi zuen Txilen. Txekoslovakiari irabazi zion finalean (3-1), Santiagoko Estadio Nacionalean. Edson Arantes do Nascimiento Pele min hartuta egon zen aurreneko partidatik, eta ez zuen gehiago jokatu. Hala ere, izar handiaren hutsunea edukiagatik ere, Brasilek jaso zuen Jules Rimet kopa.

Amerikako laugarren Munduko Kopa ere Brasilek irabazi zuen, 1970ean izan zen, Mexikon. Azteca estadioan jokatu zen finala, eta Peleren taldeak 4-1 irabazi zion Italiari. Brasilen jokoak liluratuta utzi zuen futbolaren mundua. Zortzi urte geroago, Argentinan jokatu zen txapelketa, eta etxeko taldea nagusitu zen, Herbehereak sailkatu ziren bigarren; argentinarrek luzapenean irabazi zuten finala (3-1), Buenos Airesko Monumental estadioan.

Argentina, berriro 1986an

Mexikon aritu ziren selekzioak beste behin ere, 1970ean bezala. Argentinak, Diego Armando Maradonaren Argentinak irabazi zuen txapelketa. Mendebaldeko Alemania izan zuen aurkari finalean, Azteca estadioan, eta 110.00 zalek baino gehiagok ikusi zuten Maradona kopa jasotzen (3-2). Hura eta haren jokoa izan ziren protagonistak lehiaketa hartan.

Amerikako azken txapelketa aurtengoaren aurretik 1994koa da. AEBetan jokatu zen, eta Brasilek nagusitasuna berreskuratu zuen, 24 urtez txapelketa irabazi gabe egon eta gero. Italia izan zuen aurkari finalean, Los Angelesko Rose Bowl estadioan, eta penaltietan erabaki zen txapelduna zein izango zen, arauzko denboran ez Brasil ez Italia ez baitzen gai izan golik sartzeko.

Ez da harrezkero Munduko Koparik jokatu Amerikan. Datuak ikusita, mesede kontinente hartakoak ez diren selekzioentzat. Baina orain, han da berriz ere txapelketa. Aurkituko al dute urrea eta urredun lurra kolonoek? Edo orain arteko joera bera izango da, eta urrezko kopa Amerikan geratuko da? Datuekin amaitzeko, bada beste kontu bat ere: hemeretzi aldiz jokatu da Munduko Kopa, eta Europako selekzioek hamar aldiz irabazi dute titulua; Amerikako taldeek bederatzitan. Kontinente horretako aurreko zazpi ekitaldietan gertatua Brasilen berriz gertatzen bada, berdindu egingo lukete Europak eta Amerikak: hamarna koparekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.