Eguraldiz zein giroz, bero!

Bero sargori bati kemenez aurre eginez, 3.500 lagun inguru bildu ziren igandean Garindaineko Ürrüpera trinketean Pier-Paul Berzaitzek idatzitako 'Petti Buhame' pastorala bizitzera. Aldaketak nabaritu dira artzainen kantuan eta azken peredikuaren abesteko moldean.

Petti Buhame pastoralaren igandeko emanaldiko une bat. SYLVAIN SENCRISTO.
Garindaine
2014ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Bero egiten zuen, bero, Garindaineko Ürrüpera trinketaren gibelaldean jarritako pastoral soroan... Sargori honek, haatik, Petti Buhame tragediaren ikustera etortzetik ez zuen jendea zalantzan jarri, hiru jarleku guneak lepo beteta egon baitziren sarreraren soinuarekin dena hasi zelarik, joan den igandeko 15:30ean tanko. Jarleku hauek, egia esan, pastoralaren agerraldiari hasiera eman baino ordu eta erdi lehenago betetzen hasiak ziren, baita mendebaldera ematen duen hura ere. Hau da beti azkenik betetzen dena... honetan baita, jakina, eguzkia denbora luzeenean geratzen.

Bero egiten zuen, beraz... baina, aukeran, hau hobe da eguraldi txarra baino, zeren eta gaur egungo pastoralek erakartzen duten jendetzarekin eta behartzen duten antolakuntza alimalearekin, arogaitzagatik bertan behera geratzea nahiko larria baita.

Halakorik ez zaio suertatu, dena den, Pier-Paul Berzaitz kantari eta musika sortzaile muskildiarrak idatzitako Petti Buhame pastoralari, zeren eta jarlekuak ikusliarrez mukuru geratu baitziren, 3.500 lagun nonbait han. Une batean jarleku gehiago ere ekartzerat behartuta egon ziren antolatzaileak.

Ondorengo hiru orduko epean, Petti Buhame pastorala koloretsu, alai eta biziari harrera beroa egin zion jendeak, eta behin eta berriro bertset emate batzuei ihardukitze sendoak egin zizkion, hala nola Mathurin Bidegorri jauntxoak edo honen aldekoek nola ere jendarmeek buhameen kontra irain edo mespretxu esaldiak bota zituztelarik. Hala, Petti Buhame tragediaren luzeeran, buhameak egon ziren kirixti edo onak eta euren buruak kristau on zeuzkaten haiek... türk edo gaiztoak ziren! Zuberoako pastoralak horrelako anakronismoak onartzen ditu, arazorik gabe.

Kauterak parodian

Anakronismoa ez da, aldiz, pastoral honetan maskaraden agerraldi bat egin izana, zehazki kauter talde batek antzeztutakoa. Horrelakorik gertatu izan da, aurreko pastoral bat edo bestean ere. Hala, maskaradetan bezala, bere lagun zirtzilak banan-banan aurkeztu ondoren, Kabana handiak pastoralaren parodia bat egin zuen, lehen perediku bat eta heroiaren heriotza kantu bat modu aski arraroan eginda... Eta, ororen buru, beltzeria honetako partaideak oro erretiratu egin ziren oholtza zolako zulotik behera salto eginda! Oholtza zuloko ateari dagokionez, hain zuzen, 10. jelkaldian jendarme baten gorpua behera botatzeko ireki behar izan zelarik, neke batzuk izan zituen satan batek... Susmoa bada oholtzaren azpialde hartan batzuek ateari atxikitzen ziotela!

Tragedia batek behartzen dituen une hunkigarri haietan, berriz, Ainez Bidegorri neska gaztearen 14. jelkaldiko heriotza bertsetak egon ziren, aingürüen bertsuez eta biolinaren zein biolontxeloaren aire saminaz luzaturik.

Giro alaiagoz bizitu zen, aldiz, artzainen ateraldia, honetan berrikuntza aski berezia egon zelarik, artzain hauek euren kantua eman zutelarik... ardiak eta astoa oholtzatik behin eraitsi eta alde egin ostean! Ez da ziur aldaketa hau hain egokia denik, artzainen kantuak ardien marrakez eta hauen zintzarrien soinuaz lagundurik izateak bere xarma baitu...

Beste aldaketa batek ere esamesa batzuk piztu zituen, hau da, azken peredikuaren melopeia moduko airea antzaldatzea, zehazki hirugarren eta laugarren esaldian. Azken peredikuaren emaile diren hiru neskek dute omen horrela kantatzea eskatu... Kontua da, tragedia batean, den-dena ezin dela aldatu eta hasiera zein bukaera melopeia moduan ematean mende askotako hari baten jarraitzea dagoela.

Antxerak, Zalgize eta Irurira

Aspaldiko kontua da, halaber, pastoral bat antxera edo enkanteekin bururatzea, hauek direla tragedia eman den oholtza gainean muiñeiñak eta aitzina pika dantzak emateko ohorearen erostea. Norgehiagoka horretan lehiatzen dira Zuberoako hainbat herri, aldi honetan Atharratze-Sorholüze,Maule-Lextarre, Urdiñarbe eta Zalgize-Iruri, baita, aldi batean, Akitaniako Alienor tragedia eman zutenak ere. Azkenean, Zalgize eta Iruriko herritarrek zituzten antxerak irabazi 1.700 euro eskainita. Hau ez zen ustekabea izan, ohizkoa bihurtu baita pastorala baten lehen agerraldiko enkanteetan irabaztera utz dadin hurrengo urtean tragediaren egiteko lekukoa hartuko duen herria. Izan ere, 2015ean, Zalgize eta Iruri herri auzoek Pierra Lhande pastorala taularatuko dute, zalgiztar idazle eta hizkuntzalari ospetsuari gorazarre eginda. Hemendik harat, haatik, gogoan hartu Petti Buhame pastoralaren bigarren agerraldia egingo dela agorrilaren 3an. Eta agorrilaren 31n, berriz, Jean-Mixel Bedaxagar urdiñarbetarrak idatzitako eta hogei bat neska eta emakumek antzeztutako Akitaniako Alienor tragedia emango dela, hirugarren aldi baterako, Ortzaizen (Nafarroa Beherea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.