Berdintasunaren besokoa

Hegoafrikako errugbi selekzioak jokalari beltz bat izango du kapitain gaur lehenengoz: Siya Kolisi. 'Apartheid'-aren eraginez haurtzaro gogorra izan zuen Kolisik.

Siya Kolisi entsegu bat egiten, duela urtebete Frantziaren aurka jokatutako partida batean. GAVIN BARKER / EFE.
ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Siya Kolisi Hegoafrikako errugbi jokalariak 4 urte baino ez zituen errugbi selekzioak etxean Munduko Kopa irabazi zuenean. 1995. urtea zen, eta jokalari beltz bakarra zegoen kopa altxatu zutenen artean: Chester Williams. Ia ez du oroitzapenik gertaera hartaz: «Gogoan dudan gauza bakarra da jende guztiak elkarrekin ikusi genuela partida, herrian». Nelson Mandela presidenteak errugbia baliatu nahi izan zuen apartheid-a gainditu eta herrialdea batzeko. Hark bultzatuta hartu zuen parte Williamsek taldean. Mandelak arrazoi jakin batekin aukeratu zuen errugbia, hamarkada askotan zurien harrotasunaren eta beltzen zapalkuntzaren ikur izan baitzen.

23 urte igaro dira ordutik, eta Hegoafrikako errugbian ere izan dira berdintasuna sustatu eta arrazakeria amaitzeko neurri gehiago. Adibidez, selekzioak hautatzaile beltz bat izatea. Bainaoraindik beste hainbat falta dira, eta horietako bat gaur ikusiko da. Kolisi lehen jokalari beltza izango da Hegoafrikako kapitaina izaten. Hark eramango du besokoa Ingalaterraren aurkako partidan.

Kolisik Stormers taldean jokatzen du, eta 28 norgehiagoka daramatza selekzioarekin jokatzen. 2013an egin zuen debuta, eta bere abiadurarengatik, bere izaera lehiakorrarengatik eta bere teknikarengatik nabarmendu da. Jokatzeko modu hori bat dator bere nortasunarekin, haurtzaro gogor batean zaildutakoa baita. Aitak jaio eta gutxira alde egin zuen bere ondotik, eta amaren familiak ez zuen ezer jakin nahi izan. Amonak —aitaren amak—hezi zuen. Porth Elizabeth inguruko herri txiroenetako batean bizi izan ziren: Zwiden. Apartheid-ak markatutako herria izan zen.

Amonak sukaldeak garbitzen egiten zuen lan bilobari ikasketak ordaintzeko. Jatekoa, berriz, bizilagunei eskatzen zien. Amonak egunak igaro zituen jan gabe Kolisi txikiari emateko. Oraindik nerabe zela, amona larri gaixotu zen, eta Kolisik ikasketak utzi zituen amona zaintzeko. Hura hil zenean itzuli zen eskolara, eta bertako ostatuan bizi izan zen hilabete askotan, ez zuelako nora joan. Orduan hasi zen errugbian jokatzen. «Amonarekin batera, nire salbazioa izan zen, hezkuntza eta lagun onak izateko aukera eman zidalako. Baina batez ere itxaropena eman zidan. Lehen beka eman zidatenean hasi nintzen amesten».

Orain «oso zoriontsu» da. «Balio handiagoa ematen diot daukadanari. Jendeari lagundu nahi diot, eta auzo txiroetan bizi diren umeen itxaropena izan. Ahaleginduz gero, edozer gauza lor daiteke». Jokalaria badu esaldi kutun bat hori azaltzeko: «Iraganak ez du zure geroa erabakitzen». Itxaropen horren ikur izango da, haren ustez, gaurko partidan eramango duen besokoa. «Ohore handia da kapitaina izatea, eta nire onena emango dut».

Kolisiren izendapena berdintasunaren bidean egindako beste urrats bat da. Apartheid garaian jokalari beltzek debekatua zuten selekzioan jokatzea. Herrialde askok salatu zuten neurria, eta ezin izan zuen errugbiko lehen bi Munduko Kopetan parte hartu. 1994an aldatu zen dena, Williamsi deitu ziotenean selekzioarekin jokatzeko. 1995ean, Ingalaterran jokatutako azken Munduko Koparako, Hegoafrikako Gobernuak eta Errugbi Federazioak adostu zuten deialdian zeuden 32 jokalarietatik gutxienez zazpi beltzak izatea. Hurrengo Munduko Koparako jokalarien erdiak beltzak izatea nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.