Klima aldaketa. Etorkizunera begira

Trump gabe, kasik hobe

Klima aldaketaren aurka lanean ari diren hainbat eragilek uste dute hobe dela AEBak kanpora joatea, barruan geratu eta Parisko Akordioa trabatu beharrean.

Donald Trump, Parisko Akordioa utziko duela iragartzeko agerraldian. MOLLY RILEY / EFE.
inaki petxarroman
2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Marrakexen (Maroko) klimari buruzko nazioarteko goi bilera egiten ari zirela heldu zen Donald Trumpen AEBetako presidentetzarako bozetako garaipenaren berria. Zur eta lur geratu ziren guztiak, jakitun zirelako albiste horrek eragin handia eduki zezakeela urtebete lehenago (2015ean) Parisen sinatutako Klima Aldaketaren Aurkako Akordioan. Jakinekoa zen magnate estatubatuarraren jite ukatzailea klima aldaketarekiko, eta zalantza bakarra geratzen zen argitzeko: AEBak Parisko Akordioaren barruan geratu eta bertatik hura trabatzen saiatuko ziren, edo zuzenean akordiotik irtengo ziren. Zalantza herenegun argitu zuen Trumpek: Parisko akordioa utziko dute AEBek.

Zeresan handia eman du azken hilabeteotan gobernu errepublikanoko kideen artean gai horren inguruan dagoen balizko ezadostasunak. Izan ere, Rex Tillerson estatu departamenduko burua eta Ivanka Trump presidentearen aholkularia akordioan jarraitzearen aldekoak ziren. Nabarmentzekoa da klima aldaketarekiko alde gutxi izango zutela batzuek eta besteek, izan ere, Tillerson Exxon Mobil petrolio enpresa erraldoiko burua izan baita duela gutxi arte. Aldiz, Steve Bannon Estrategia arduraduna eta Trump akordiotik irtetearen aldekoak ziren.

Taktikoa zen desadostasuna, noski. Unai Pascual klima aldaketaren ikerketarako BC3 taldeko ekonomialariak garbi du bi agertoki zeudela, eta azkenean nagusitu dena bestea baino «hobea» dela. «AEBek jarrai zezaketen akordioaren barruan eta lobby ukatzaile baten moduan jardun etorkizuneko aurrerapausoak oztopatzeko».

Izan ere, Parisko Akordioa sinatu zenetik gauza asko daude oraindik airean: herrialdeek egiten dutenaren kontrola nola egin, gardentasuna nola bermatu, isuriak nola neurtu... «Parisko Akordioa ez da guztiz boluntarioa: batetik bada, herrialde bakoitzak bere buruari jartzen diolako isurketen murrizketaren helburua; baina, bestetik, behin ezarri eta gero, loteslea bihurtzen da herrialde bakoitzarentzat». Arkitektura hori dena ezarri gabe dagoela, barruan geratu balira, AEBek aukera handiak edukiko zituzketen negoziazio diplomatiko zailak «geldotu, lokaztu eta trabatzeko», Pascualen ustez. «Hori aukerarik txarrena izango zen, batez ere AEBek bitarteko handiak dituztelako horretarako. Frustrazio handia sor zitekeen».

Trumpen gobernuaren barruko balizko desadostasun hori zalantzan jarri du, ordea, Naomi Klein klima aldaketaren gaietan espezializatutako idazle kanadarrak, The Intercepte-n aste honetan idatzitako iritzi artikuluan: «Ez gaitezen engaina: desadostasuna ez zen Parisko Akordioa suntsitu nahi zutenen eta errespetatu nahi zutenen artean, baizik eta suntsitu nahi zutenen eta, barruan egonda, bizkar eman nahi ziotenenen artean».

Domino efektua

Inork ez daki zein izango den Trumpen erabakiaren ondorioa. Munduko potentzia nagusiek—Txina, Europako Batasuna eta G-7 osatzen duten herrialdeek— Parisko Akordioari eusteko konpromisoa agertu dute, baina Unai Pascual ez da guztiz fio. «Beste herrialde batzuk eramateko arriskua badago, baina zenbatekoa ezin dut zehaztu. Ikusi beharko da zer egiten duten Saudi Arabia eta golkoko herrialdeek, eta ikusi beharko da zer egiten duen Errusiak ere, Kyotoko Protokolotik ere irten egin baitzen».

Tatiana Nuño Espainiako Greenpeaceko klima aldaketaren aurkako kanpainaren arduradunak ez du horren arriskurik ikusten. «Marrakextik hona zalantza handiak egon dira Trumpekin, eta mezu oso argiak entzun ditugu horri dagokionez. Herrialde aberastuak eta pobre eta hauskorrenak eskutik helduta ari dira gai honetan. Argi daukate elkarrekin lan egin behar dutela klima aldaketaren aurka». Argiago ikusten du Nuñok AEBen «bakartze diplomatikoa» eta «sinesgarritasunaren galera».

Naomi Kleinen ustez ere, Trumpen erabakiak ez du zertanbeste inor akordiotik kanpora bultzatu. Aitzitik, kontrako eragina ere izan dezakeela uste du. Alegia, hauspotu egin ditzake klima aldaketari anbizio handiagoz ekin nahi diotenak. Esate baterako, AEBetako zenbait estatutan—Kalifornia eta New Yorken, nagusiki— erregai fosiletatik berriztagarrietarako trantsizioa azkarrago eta ausartago egitearen alde dauden sektoreak —New York Renews koalizioa, adibidez— .

Ildo horretan, ideia bat azaltzen hasi da nazioarteko zenbait sektoretan, alegia Trumpen administrazioari zigorrak ezartzearen aldekoa. Besteak beste, Martin Wolf kazetariak ideia hori aipatu berri du Financial Times-en: «AEBek Parisko Akordioa uzten badute, munduko gainerako herrialdeek aztertu beharko lukete zigorren bidea».

Hazkunde berdea

Parisko Akordiotik irteteko bidea luzea izan daiteke, hiru urte artekoa, eta orduan Trumpek presidente jarraituko duen zalantza ere badute batzuek. Denbora tarte horretan akordioa trabatzen arituko den edo kasurik egingo ez dion ikusteko dagoela azpimarratu du Pascualek. «Beste aukera bat ere badu: NBEren klima aldaketaren aurkako programa esparrutik irtetea. Legez, Parisko Akordioaren gainetik dago, eta hala egingo balu, urtebete nahikoa luke Trumpek kanpoan egoteko. Uste dut onena dela alde egitea eta gainerako 194 herrialdeek aztertzea nola egin aurrera».

Txina eta Europako Batasuna aldarrikatzen ari diren «hazkunde berdearen» eredu horrek zehaztasun gehiago behar duela uste du Pascualek. «Karbono gutxiko hazkunde batek klima aldaketa geldiaraz dezake agian, baina autoak nola ibiliko dira, biodieselarekin? Nola eragingo du horrek basoetan, nekazaritzan, gosea pasatzen duten herrialdeetan? Hazkunderako ez dira bakarrik haize errotak behar... Geoingeniaritza eta nuklearrak ere beharko dira, eta oraingoz inork ez du horretaz ezer esaten».

Tatiana Nuñok, berriz, uste du trantsizio energetikoa «geldiezina» dela, eta AEBetan ere gertatzen ari dela dagoeneko. «Trump bakarrik geratzen ari da, eta berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetiko hori geldiezina da. Herritarrek, herri eta hiriek, estatuek eta zenbait enpresak ere Parisko Akordioan jarraitu nahi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.