Albistea entzun

Brasilgo Munduko Kopa

Sanbarik ez goizean

Selekzioaren porrotak jota utzi ditu Brasilgo zaleak. Rion eta Sao Paulon istiluak izan dira, eta pertsona bat hil da tiroketa batean.
Sao Pauloko istiluetan erre zituzten autobusetako bat, herenegun gauean.
Sao Pauloko istiluetan erre zituzten autobusetako bat, herenegun gauean. CARLOS VILLALBA / EFE

Iñaki Larrañaga -

2014ko uztailak 10 - Salvador de Bahia (Brasil)

Alemaniaren aurka galdu orduko, dituen aurpegiak erakutsi zituen Brasilek astearte gauez. Dena den, eta hegoalde hotzetik hasi eta iparralde berora arte, herritarrek erakutsitako jarrerak bat egin zuen biharamunean. Zigorraldi sentsazioa zabaldu zen, eta sanbaren herrialdean musika kolpetik eten zela zirudien.

Rio de Janeiroko Copacabana hondartzan, tentsioa handituz joan zen gol bakoitzeko. Partidaren osteko liskarretan, hildako bat, lapurreta ugari eta dozenaka atxiloketa izan ziren. Hildakoa, polizia iturrien arabera, autobus bat erre zuen gazte bat da, eta Poliziarekin izandako tiroketan hil zuten. Sao Paulon ere gaua luzea izan zen: hogei autobus kiskali, eta hainbat saltokiri eraso zioten.

Egunkariak ere gogorrak izan ziren. Lance-k, esaterako, hau zekarren azal zurian: «Etsipena, iraultza, frustrazioa, mina...»; eta irakurleak sentimenduak idaztera gonbidatu zituen. O Globok, berriz: «Brasilgo selekzioak bere historiako umiliaziorik handiena izan du». Azkenik, Folha de Sao Paulo-k zioen Alemaniak «zanpatu» egin zuela Brasil eta herrialdeak «1950eko trauma» berritu zuela.

Zaleek hedabideen antzeko iritzia dute. «Nik Brasilek irabaztea nahi nuen, baina ez nuen esperantza handirik. Egia esanda, 1-2 galduko zuela uste nuen, baina 1-7... Amesgaiztoa izan da». Mirton Oliviera Salvador da Bahiako 26 urteko gazte bat da. Partida hasi baino ordubete lehenago, Farol da Barra itsasargi ezagunaren parean zegoen, guardia egiten. Pantaila erraldoi bati esker, jaiaren erdigune bilakatu da Salvadorren.

Herenegungoa, dena den, ez zen izan ohiko eguna Bahian. Canarinharen elastiko horiak nonahi eta ia autorik ez zirkulazioa eguneroko amesgaizto den hirian. Langile askok jai hartu izanak arindu zituen autobideak: «Orain bertan irten naiz lanetik, eta sekulako itzulia egin behar izan dut etortzeko. Kopan, Brasilek jokatu duen bakoitzean, ordu batzuk lehenago irteteko aukera eman digute», azaldu zuen Joao Gonzalvesek, pozik oraindik, partidaren aurretik.

«'Que vergonha!'»

Bahian sustraitu zen Brasil, eta han loratu dira, mendeetan, Brasilgo kulturaren adibiderik ezagunenak. Bahiak atzerritarrak Brasilen inguruan dituen irudi eta sentipen gehienak biltzen ditu. Poztasuna ere bai, noski. Horren erakusgarri da, beste hiriburuetan ez bezala, jendea dantzan hasi izana epailearen azken txistuarekin batera.

Aurretik, baina, ez zen negarrik falta izan. 23. minuturako, bikotekidearen besoetan zegoen neska gazteak ezin izan zien malkoei eutsi. Brasili bigarren gola sartu berri zioten. Hala ere, ez zekien zer zetorkion gainera.«Que vergonha, que vergonha!», entzun zitekeen (A zer lotsa!); beste batzuk, ordea, barrezka; eta jende multzoaren atzealdean zegoen alemaniar taldetxoa, pozez txoratzen.

Azken golak jai giroan ospatu zituzten, eta, partida bukatzean, musikak tristezia ahazten lagundu zuen. Gonzalves pragmatikoago mintzatu zen partidaren ondoren: «Polita izan da iraun duen bitartean, baina niri futbolak ez dit jaten ematen. Bihar ez dut jairik izango; lanera joan beharko dut. Lehen ez ginen hain onak, eta orain ez gara hain txarrak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

Mokoka amaitu dute bidea

Beñat Mujika Telleria Ainara Arratibel Gascon

Iñigo Martinezek Athletic uztea erabaki du. Klubak dio jokalariak uko egin diola kontratua luzatzeko eskaintzari, baina haren komunikazio agentziak ukatu egin du eskaintza
Braulio Vazquez prentsa aretoan ©@Osasuna

Braulio Vazquez: «Elkarrekin sufritu genuen duela bi urte, eta elkarrekin gozatu dugu orain»

Beñat Mujika Telleria

Osasunaren denboraldiaren balorazioa egin du eguerdian Braulio Vazquez kirol zuzendariak. Haren esanetan, sasoia, oro har, «klubaren historiako onena» izan da, Espainiako Kopako finalerako eta Konferentzia ligarako sailkatuta.

 ©Andoni Canellada / Fotu

Erreka eta Buruzgain finalerdietara

Jon Eskudero

Ezusteen asteburua izan da Berria Txapelketan. Izan ere, faborito zirenek huts egin dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...