Leo Varadkarrek diputatuei esker irabazi ditu Fine Gael alderdiko bozak, Irlandan

Errepublikako lehen ministro hautatu berria da. Afiliatuek Simon Coveney primarioetako beste hautagaiaren alde egin dute, nabarmen

Leo Varadkar, atzo, primarioak irabazi zituen unean. AIDAN CRAWL / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Irlandako FG Fine Gaelek 21.000 afiliatu ditu, eta atzo, alderdi kontserbadorearen hauteskunde primarioetan, horietako gehienek Simon Coveney hautagaiaren alde bozkatu zuten. Militanteen botoen %65 bereganatu zituen Coveneyk. Baina buruzagia aukeratzeko sisteman, pisu handiagoa dauka alderdiko diputatuen eta senatarien botoak, eta horiek Leo Varadkar beste hautagaia babestu zuten. Beraz, iragarpenak betez, azken legealdian Babes Sozialeko ministroa izan dena da bai Fine Gaeleko buruzagi berria, baita Irlandako lehen ministro hautatu berria ere, eta Enda Kenny azken sei urteotakoa ordezkatuko du, beraz. Azkenean, Varadkarrek bozen %60, eta Coveneyk %40. Parlamentuak, ziurrenik, hilaren 13an inbestituko du.

Alderdi barruko hauteskundeen irabazlea bera zela jakin eta berehala, esan zuen helburu bat daukala errepublikarentzat: ekonomikoki liberalak izatea eta sozialki aurrerakoiak. Kenny loratu zuen —«hura bezain lider ona baldin banaiz, poztuko nintzateke»—, eta aurreko lehen ministroaren gobernuak azken urteetan egindako lana goratu: «Begiratu non geunden duela sei urte, eta begiratu non gauden orain, Greziaren gisako herrialde batekin konparatuta». Brexit-az ere mintzatu zen, eta haren agendan «lehentasunezko» kontua dela jakinarazi. Brexitgogorra-ren aurka dago, eta Ipar Irlandarekin orain arteko harremanari eustearen alde. «Haiekin hitz egingo dugu».

Varadkarrek Kenny ordezkatuko du. Kenny izan da Fine Gaeleko burua azken hamabost urteotan, eta, iazko apirilean berrirolehen ministro aukeratu zuten arren, joan den otsailean iragarri zuen dimititzeko asmoa zuela. Izan ere, batetik, gutxiengoan gobernatzen ari zen FF Fianna Faileko zentristen laguntzarekin —azken hamarkadetako parlamenturik zatituena eratu zuten iaz Irlandan—. Eta bestetik, polizia agente batek argitaratu zuen Kenny ustezko ustelkeria kasu batean nahastuta zegoela.

«Konpromiso asko» zeuzkala-eta, atzo ez zuen parte hartu Dublingo Mansion Housen egindako ekitaldian, baina eguerdian ohar bat kaleratu zuen, eta adierazi pozik dagoela Irlandak subiranotasuna berreskuratu duelako eta herrialdea berriro «ekonomikoki independentea» delako. «Nazioartean gure irudi ona dute, eta harrituta geratzen dira ikusten dutenean zeinen azkar eman diogun buelta krisialdi ekonomikoari». Hain zuzen, aurreko legealdian haren zuzendaritzapeko gobernuak ezarritako austeritate neurriek eragin ezkorra izan zuten, iaz, hautetsontzietan.

Beteranoa da Kenny, eta Varadkarrek 38 urte besterik ez dauka. Rara avis bat ere bada Irlandan, duela 25 urte arte homosexuala izatea delitua zen herrialde horretan Varadkarrek gay dela aitortu izan baitu jendaurrean. Bada, gainera, bakan bihurtzen duen beste aldagai bat: aitaren aldetik jatorri indiarra duela. Halere, horri guztiari garrantzia kentzen ahalegindu izan da, eta, irrati batean bere homosexualitatearen berri eman zuenean, zeraerantsi zuen: «Ez naiz ez politikari erdi indiar bat, ez politikari medikua, ez politikari gaya. Naizenaren parte besterik ez dira horiek». Zuzenbidea ikasten hasi zen, baina azkenean medikuntzan lizentziatu zen.

Aspalditik aktiboki parte hartu du Fine Gaelen jardueretan, eta Europako Alderdi Popularreko presidenteordea izan zen. Urte batzuk geroago, Garraio, Turismo eta Kirol ministroa izan zen 2011 eta 2014 artean, eta Osasunekoa 2014tik 2016ra. Berez, hiru urte barru dira hauteskundeak, baina inork ez du baztertzen aurreratuko dituztenik, Fine Gaelek eta Fianna Failek osatutako gobernu koalizioaren ahultasuna ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.