Brasilgo Munduko Kopa

Kontu batzuk kitatzeko

Herbehereek astindua eman zioten Argentinari 1974ko ekitaldian, baina argentinarrek ordainekoa eman zioten lau urte geroago finalean.

Johan Cruyff, Argentinari gol bat sartzear, 1974ko Munduko Kopan. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2014ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Aldi bakarra izan zen nire bizitzan ezina sentitu nuela. Gure gainetik pasatu ziren. Hantxe hilko nintzen». Enrique Wolff Argentinako selekzioko jokalari izandakoarena da aitormena. Argentinak eta Herbehereek 1974ko Munduko Kopan jokatutako partidan sentitutakoaz ari da. Ez du ahaztu. Ez da bakarra. Ez da harritzekoa, historian sartu da ekainaren 27 hartan Gelsenkirchengo Parkstadion zelaian gertatutakoa. Egun horretan perfekziora iritsi zen futbol totala deritzon joko sistema. Egun horretan jaio zen laranja mekaniko-a.

Herbehereek astindua eman zioten Argentinari bigarren ligaxkako partidan. 4-0 irabazi zuten Rinus Michelsek zuzendutakoek. Astindua, ordea, emaitzaz haragokoa izan zen. Herbeheretarrek lotsagarri utzi zituzten argentinarrak. Hanbesterainokoa izan zen nagusitasuna, lehia hori telebistaz ikusi zuten askok uste izan baitzuten atezain bakarra egon zela zelaian: Daniel Carnevali argentinarra. Ez da harritzekoa, lehen zatian Jan Jongbloed herbeheretarra bitan besterik ez zen atera irudietan: lehena, berotzen, lehia aurretik; bigarrena, taldekide batek atzera egindako pasea jasotzen.

Carnevali. Hura bai atera zen irudietan, makina bat aldiz, makina bat aldiz iritsi baitziren arriskuarekin herbeheretarrak haren ate ingurura. Johan Cruyffek, Johan Neeskensek eta enparauek ederki garraztu zioten eguna. Iritsi zen une bat, non galduz joan arren, Carnevali denbora galtzen hasi zela. Roberto Perfumo Argentinako kapitainak kargu hartu zion. «Agudo, atera baloia», oihukatu zion. «Lasai, oso azkar kentzen digute eta», izan zen bere erantzuna. Carnevali nazkatuta zegoen baloia sareetatik ateratzeaz. Lautan egin zuen: Cruyffek bi gol sartu zizkion, eta bana Ruud Krolek eta Johny Repek. Gaitz erdi, dozena bat gol sartzeko aukerak izan zituzten. Eta Argentinak? Bat bera ere ez. Justu-justu izan zen gai zelai erditik pasatzeko. Lehen zatian, adibidez, behin bakarrik lortu zuen. Wolffek egin zuen, eta horregatik Cruyffek zoriondu egin zuen amaieran.

Herbehereen erakustaldia ez zen egun bateko kontua izan. Argentina lotsagarri utzi eta lau egunera, 2-0 irabazi zioten Alemaniako Errepublika Demokratikoari, eta lau egun geroago emaitza berarekin Brasili, jarduneko txapeldunari. Hala, sei partidetatik seiak irabazita, hamalau gol sartuta eta bakarra jasota iritsi ziren finalera, Alemaniako Errepublika Federalaren aurka, etxeko taldearen aurka. Ederki hasi zuten finala, bigarren minutuan gola sartu baitzuen Neeskensek. Etxekoek, ordea, buelta eman zioten emaitzari, eta titulurik gabe utzi zituzten herbeheretarrak.

Beste hainbeste gertatu zitzaien lau urte geroago, berriz etxeko taldearen aurka finala galduta. Orduan, Argentina izan zuten borrero (3-1). Odolkiak ordainetan, beraz. 1998an jokatu zuten azken aldiz bi selekziok elkarren aurka Munduko Kopan. Marseillan (Frantzia) izan zen, final-laurdenetan. 2-1 irabazi zuten herbeheretarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.