Batavia Madrigal Singers taldeak irabazi du Europako sari nagusia

Kontinenteko bost abesbatza lehiaketatako irabazleek parte hartu dute Tolosako saioan

Batavia Madrigal Singers taldekoek irabazi zuten sari nagusia. GORKA RUBIO / ARP.
Migel Zeberio.
Tolosa
2017ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Batavia Madrigal Singers Indonesiako talde mistoak irabazi du Tolosan (Gipuzkoa) jokatutako Abesbatzen Europako sari nagusia. Atzo arratsaldean egin zen saioa Leidor aretoan, eta bertan parte hartu zuten Europako bost hiritan egiten diren abesbatza lehiaketetako irabazleek. Ekitaldian bost taldek abestu zuten: Letoniakoak, Frantziakoak, Errusiakoak, Filipinetakoak eta Indonesiakoak.

Indonesiako taldeak errituzko dantzekin gozarazi zuen publikoa, eta Juan Gutierrez de Padillaren lana soiltasunez eta era jasoan interpretatu zuen.

Sola Mixed Choir, Letoniako taldea izan zen ziurrenik saioko apalena, eta zuzendariak erehala iradokitzen zien maiz taldekideei, agian zehaztasun gehiagoren faltan; fonetikoki edo oro har bestela.

Frantziako National des Jeunes a Coeur Joie taldeak, berriz, gaztetasunaren jarioa eta freskotasuna eskaini zien Leidorren bildutakoei. Proiektu didaktiko ederra da, gozatzen dute kideek, baita gozarazi ere. Ideia argiko zuzendariak ere laguntzen du horretan.

UP Madrigal Singers taldekoek(Filipinak), soinu tresna boteretsuaz, sorbaldaz sorbalda, elkar loturik, pianissimo-etatik fortissimo-etara solastatzeko gaitasuna erakutsi zuten. Suchuetzen kontrapuntu arinetan moldatzeko, ordea, lanak izan zituzten, eta melisma arinetan bortxan ibili ziren zenbaitetan. Baina perkusio koloretsuen laguntzaz, beren kulturarako leiho aberatsa ireki zuten.

Moskuko Vesna koru musikan oinarritzen den ikastetxearen emaitza ezaguna izanda ere, zirraragarria suertatzen da beti. Zehaztasuna dute lemazain, baina beti edertasunaren mesedetan. Lanketa zorrotza egiten dute, baina pentsatzekoa da igortzen dutenaren neurrian, bizipena ere horren araberakoa izango dutela kantari gaztetxoek Nadezhda Averinaren eskuetan. Koreografia landu eta, aldi berean, bat-batekoak aberasten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.