Brasilgo Munduko Kopa

Taxilariak baino gehiago

Munduko kopetako gonbidatu exotiko hutsa izateari utzi dio Costa Ricak. Ia jokalari guztiek kanpoan jokatzen dute, eta Jose Luis Pinto hautatzaileak defentsa lana perfekzionatu du.

Taxilariak baino gehiago.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Taxi bana, hori izan zen 1990eko Munduko Kopan Costa Ricako selekzioko jokalari bakoitzak final-zortzirenetarako sailkatzeagatik jaso zuen saria. Talde hartako kideak ezagun egin ziren kolpetik, eta, irudi kontu bategatik, bizi guztirako bizibidea ziurtatu nahi izan zien Costa Ricako Gobernuak. Ez ziren profesionalak, eta futbola kaleko okin, kandela egile, estraperlo eta antzeko legez kanpoko ofizio traketsekin uztartzen zituzten. Selekzio gutxik pilatuko zituzten talde hark adina pasadizo, eta egun idoloak dira euren herrialdean.

Modu ezin prekarioagoan joan zen Italiara selekzio hura. Handik 24 urtera, berriz, Costa Ricako jokalari gehienek Europan jokatzen dute, eta futbolak berak bilakaera handia izan du. Italian, Bora Milutinovic zen hautatzailea, eta jokalari askok hegaluzeak eraman zituzten poltsetan gosearen beldur.Prestaketa garaian, ez zuen estadio nazionala erabiltzerik izan, jokalari bakar batek ere ez zuen ingelesa hitz egiten, egunean 10 dolar jasotzen zituzten bakarrik, eta Italiako ligako 3. Mailako talde batek utzi zizkien zapatak. Costa Ricako jokalarienak zaharrak eta higatuak zeuden, italiarrek utzi zizkietenak, baina, txikiegiak ziren, eta Milutinovicek uretan egosi zituen, laxa eta zabal zitezen.

Mila istorio, eta emaitza historikoa. Mexiko zigortua izan zelako sailkatu zen Costa Rica, Brasilen aurka gerra emanez galdu (1-0) eta Eskozia (1-0) eta Suediaren (2-1) aurka irabazi aurretik. Txekoslovakiak eten zuen bidea, final-zortzirenetan (1-4). Duela gutxi,Munduko Kopa hartako gorabeherekin dokumental-filma egin dute Costa Rican, eta zinema aretoak goraino bete dira. Lehen Munduko Kopa zen. Gero beste hiru etorri ziren. 2002an, Txinari irabazi (2-0), Turkiarekin berdindu (1-1) eta Brasilen (2-5) aurka galdu zuen. Gol aldeak utzi zuen final-zortzirenetatik kanpo. 2006an, lehen faseko hiru partidak galdu zituen.

Costa Rica bi ezaugarrik egiten dute ezagun: batetik, ez duela armadarik, eta, bestetik, mundu osoko zoriontasun-maila inkestetan beti oso goian agertzen dela. Bada, 2014an, selekzioak tasa hori igotzen lagunduko du. Iragan astean, ezustekoa eman zuen Uruguairen aurka, 1990ean egin bezala. Selekzio horrek, baina, hark baino zumitz sendoagoak ditu, taxi haietatik bi oraindik ere badabiltzan arren. Uruguaiko jokalariek beldur zioten, eta 1-3koa sartu zieten. Zumitza hobea, eta eskarmentua, bederatzi bakarrik jokatzen baitute euren ligan. Hiruk Norvegian jokatzen dute, beste hiruk AEBetan, atezainak Espainiako Ligan, Bryan Ruizek PSV Eindhovenen, Jorge Campbellek Olympiakosen Arsenalek utzita...

Ez dira nolanahiko jokalariak,gainera, Navas Espainiako ligako atezain onenetarikoa izan da eta Ruizek 2010ean 24 gol sartu zituen Herbehereetako ligan. Uruguairen aurka, baina, Campbell nabarmendu zen. Azpiko mailetako munduko kopetan zeresan handia eman izan duen aurrelaria. Eta hori, selekzioko jokalari garrantzitsu asko min hartuta daudela kontuan hartuta: Heiner Mora, Rodney Wallac, Alvaro Soborio eta Bryan Oviedo. Oviedo da taldeko izarra, eta Evertonen ari da; Soborio, berriz, selekzioko inoizko golegile onena da.

Costa Ricak ahal fisiko harrigarria du, eta Uruguairen aurka ikusi zen. Teknikoki oso trebeak ez izanagatik, geldikako jokaldietan arriskutsuak dira. Bolañosek ondo ateratzen ditu, eta kideak oso ondo doaz buruz. Hor sumatzen da hautatzailearen eskua: Jorge Luis Pinto. Kolonbiarra da jaiotzez; bigarrenez ari da Costa Rican. Kritika ugari izan ditu, eta motibatzeko hitzen oso zalea da. Selekzio honekin asmatu du. Garai bateko alaitasuna desagertu da; defentsa lana lehenesten du. Bost atzelariko lerroa darabil —bi hegalekoak asko igotzen dira—, eta lau erdilariak gertu. Atzean, Navas. Emaitza? Zazpi gol bakarrik sartu zizkieten sailkatze fasean; Erdialdeko Amerikako bigarren sailkatu gisa sartu zen kopan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.