Futbola. Espainiako Kopako finala

Valverde: «Finalean ezin dugu egin orain arte egin ez dugun ezer»

Bartzelonaren aurkako gaurko finala «oso erronka zaila» dela onartuta ere, «mirarietan sinesteko» eskatu du Athleticeko entrenatzaileak.Ez du eman argibiderik hamaikakoari buruz

Ernesto Valverde, atzo, prentsaurrekoan. TONI ALBIR / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bartzelona
2015eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
«Oso huts gutxi egin ditzakegu Bartzelonari irabazi nahi badiogu». Ernesto Valverderen hitzetan, ez dago sekreturik Athleticek gaur Espainiako Kopako finala irabazteko aukeraren bat izateko. «Finalean ezin dugu egin orain arte egin ez dugun ezer. Errespetu handia diogu aurkariari, baina baita eurek guri ere. Presio lan handia egin beharko dugu». Bartzelona aztertzen hasita, berehala agertu zen Messiren izena. «Ondo dagoenean, oso zaila da aurre egitea. Zer esango dizuet ba nik Messiri buruz? Oso ondo egiten duen hori hain ondo egin ez dezan saiatu behar dugu». Baina Bartzelona Messi baino gehiago dela gogorarazi zuen.

«Bartzelonarentzat titulu bat gehiago da, eta guretzat titulua». Partidaren atariko prentsaurrekotik hasi zen zirikan Athleticeko entrenatzailea, eta jokalari guztiak prest dauzkala baieztatu zuen. «De Marcos eta Muniain salbu, noski». Athletici ez zitzaion askorik gustatu finala Camp Noun jokatzea. «Zaila da erronka, azken urteotako gogorrena. Guretzat ez da erraza izango, baina ezta eurentzat ere, zelaiko giroa ez delako izango ligako ohiko partida batekoa».

«Bartzelonak kontrolpean zauzkanean, erabat kontrolpean edukitzen zaitu, zure arean sartzen zaitu», hausnartu zuen Valverdek. «Baina partida zailetan maila ematen badakigula erakutsi dugu; Espanyolen aurka, esaterako». Mirarietan sinesteko eskatu zien kazetariei, eta hamaikakoari buruz ez zuen eman argibiderik.

Aduriz eta Iraola, baikor

«Ilusioa» eta «konfiantza», bi hitz horiek izan zituzten ahotan Andoni Iraolak eta Aritz Adurizek ere. «Konfiantzaz gainezka gatoz. Ondo amaitu dugu liga, Europa Ligarako sailkatzea ziurtatuta, eta zama ez, ilusio handia daukagu». Adurizek argi utzi zuen Athleticek zer egin beharko lukeen Bartzelona estutzeko. «Partida baten ohiko jarduna aldatu behar dugu. Dena normal joanez gero, murriztuz joango dira gure aukerak».

Iraolak gaurkoa izango du azken partida zuri-gorriekin. «Baina nire egoera eta sentsazioak ez, taldearenak dira garrantzitsuenak. Itzela litzateke hainbeste urteren ondoren titulu bat irabaztea». Horretarako sekretua? «90 minutuetan kontzentrazioari eustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.