Estatistikak ere alde dauzka

Baskoniak 0-1 dago aurretik ACB ligako finalean. Kantxa faktorea aurka duen talde batek hamar aldiz lortu du hala hastea, eta bederatzitan txapeldun izan da.

Janis Timma Baskoniakoa txikitze bat egiten herenegungo norgehiagokan. JUANJO MARTIN / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Baskoniak herenegun Real Madrilen kontra irabazi izanak balio handia du berez. ACB liga irabazteko aukera izateko, Madrilen gutxienez garaipen bat behar zuen, eta lehenengoan lortu du. Baina estatistikei erreparatuta, irabazi izanak are balio handiagoa du.

Baskonia hiru aldiz izan da ligako txapeldun—2001-2002, 2007-2008 eta 2009-2010 denboraldietan— eta guztietan aurka izan du kantxa faktorea, orain bezala. Emaitza 0-3 izan zen guztietan.

Bost partidetara jokatu diren ACB ligako 31 finaletatik hamarretan irabazi du lehen partida kantxa faktorea aurka duela taldeak. Horietatik bederatzitan txapeldun izan da. Soilik Bartzelonak lortu zuen 1994-1995 denboraldian 0-1eko irauli, eta titulua eskuratzea. Unicajari irabazi zion, 3-2.

ACB ligako 34 finaletatik 11tan gailendu da kantxa faktorea aurka duen taldea. 1996ra arte abantaila hori izatea erabakigarria zen. Baina ordutik jokatu diren 21 finaletan joera bestelakoa izan da. 11 alditan nagusi izan da lehen bi partidak etxetik kanpo jokatu dituen taldea, eta, hamarretan, alderantziz gertatu da. Bestalde, 28 aldiz, lehen partida irabazi duen taldeak lortu du titulua. Azken bi finaletan, ordea, kontrakoa gertatu da. Beraz, adi ibili beharko dute arabarrek.

Gaur jokatuko du Baskoniak bigarren partida (22:15), berriro ere Madrilen. 0-2koa lortzeko, lehen lehiako joko on, ausart eta serioari eutsi beharko dio.Vildozak eta Huertasek gidatuta, ia partida osoan jarri ahal izan zuten jokoaren erritmoa. Hala,Real Madrili ez zioten ohikoa duen joko bizia egiten utzi. Kontrakarrean aritu zen Pablo Lasoren taldea

Defentsan serio jardun zuten arabarrek. Nahiz eta Carrolek (20 puntu) eta Tavaresek (12 puntu) min egin, ondo lotu eta zaindu zuten Real Madrilen kanpoko jokoa. Doncicek hamabi puntu sartu zituen, baina partida osoan pipertuta sumatu zitzaion. Hiruko bost saiakera egin zituen, baina ez zuen bakar bat ere sartu.

Erasoan, berriz, ondo mugitu zuen baloia Baskoniak, jaurtitzeko aukera onak lortuz. Sei jokalarik hamar puntu baino gehiago sartu zituzten: Vildozak (16), Poirierrek (13), Timmak (12), Xengeliak (12), Voigtmannek (11) eta Beauboisek (11).

Hobetzeko gauzen artean ondorengoa dago: ez zuen jakin norgehiagoka erabakitzen aukera izan zuenean. Horren adibide argigarriena azken laurdenean gertatu zen. Arabarrak bederatzi punturen aldearekin zeuden partidako azken hamar minutuetan: 58-67. Baina Real Madril gai izan zen markagailua iraultzeko. Lehia bukatzeko hiru minutu falta zirenean, bi punturen aldea zuten etxekoek: 81-79. Hortzak estutu behar izan zituen berriro Baskoniak, eta beltz lan egin. Azken minutu horiek ondo kudeatu zituen, eta jaurtiketa libreetan finago aritu zen. Baina berriro agertu zen galtzeko mamua: hamaika segundo besterik falta ez zenean sei puntu aurretik zeuden (84-90), baina Llullek eta Carrollek bi hiruko sartu zituzten eta emaitza estutu zuten. Eskerrak tartean Voigtmannek biko saskiratze bat lortu zuela, eta Beaboisek jaurtiketa libreetan asmatu zuela. Une horietan, Baskoniak erakutsi zuen talde gaztea izan arren presioak ez duela mendean hartzen.

Pedro Martinezen zuhurtzia

Horri eutsi behar dio gaur, eta «zuhurtziaz jokatu», Pedro Martinezen arabera: «Norgehiagoka bat baino ez dugu irabazi, eta hiru lortu behar ditugu. Umilak izan behar dugu. Europako txapelduna dugu aurrean, eta gogotik egin beharko dugu lan liga irabazteko».

Martinezen etorkizunaren inguruan mintzatu zen atzo Josean Kerejeta presidentea: «Gu oso pozik gaude berarekin, eta uste dut bera ere hala dagoela gurekin. Kontratua dauka, eta logikoena da hemen segitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.