Brasilgo Munduko Kopa

Ez du ikusten, ez du entzuten

Mundu guztiko 209 futbol federazio biltzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundea da FIFA, 1904an sortua, baina eskandaluz eskandalu dabil azkenaldi luzean. Ustezko eroskeriagatik, 2022an Qatarren jokatzekoa den Munduko Kopa dago muturreko azken salaketen atzean.

Joseph Blatter suitzarra, FIFAko presidentea, artxiboko irudian, Zurichen eskainitako prentsaurreko batean. STEFFEN SCHMIDT / EFE.
unai zubeldia
2014ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Begiak itxita ez da ezer ikusten. Edo, are hobeto, ikusi nahi dena bakarrik irudikatzen da. 2022ko Munduko Kopa, Qatarrera. Estali belarriak gero, eta entzun komeni dena. Arrakastaren musika eskaini barruari. 50 gradu balantzaren alde batean; dirua, aberastasuna eta errentagarritasuna bestean. FIFAren gola, luzapenean. Jokoagatik, munduagatik. Horixe da Federation Internationale de Football Association erakundearen gaur egungo leloa. FIFArena,alegia. Jokoagatik, munduagatik... Baina, zer? Hori falta zaio argitzea. Azkenaldian, iruzurra, boto erosketa, ustezko gutun trukea eta eskandalua gehiago izan duelako gola, garaipena eta porrota baino.

1904ko maiatzaren 21ean sortua, Zurichen dauka egoitza nagusia FIFAk, Suitzan. Mundu osoko 209 federazio bilduta, mundu osoko futbol eredua arautzeko sortutako elkartea da, oinarrian. Baina jarritako arauak hausteko, eraldatzeko eta berregituratzeko makina perfektu bihurtu da azkenaldi luzean. 2022ko Qatarreko Munduko Kopa da eskandaluen zerrenda luzeko azkena. FIFAko arduradunak gaur-biharretan dira biltzekoak Qatarreko ordezkariekin. «Eta iruzurra egon dela ondorioztatuz gero, berriz egin beharko da bozketa». Jim Boyce FIFAko presidenteordearen mezua da hori. Hemen ez da ezer gertatu. Begiak itxita ez delako ezer ikusten.

Suitzako Fiskaltzaren 2012ko uztaileko dokumentu batek azaleratu zuen ustezko iruzurra: Joao Havelange FIFAko presidente ohiak gutxienez 1,1 milioi euro jaso zituen eroskeria tarteko, eta Ricardo Teixeira Brasilgo Futbol Elkarteko presidenteordeak 9,6 milioi euro inguru. Pasioaren izenean, bere buruari harrika jarraitzen du mundu osoko futbol eredua arautu beharko lukeen erakundeak. Iruzurra besteen teilatuan dagoela salatuz beti.

Hamar langileko egitura xumea zeukan FIFAk 1970ean; sentimenduen jokoari helduta, 443 milioi eurotik gorako irabaziak dituen munstroa da orain. Horixe da baloirik gabeko benetako jogo bonito-a. Futbol entrenatzaile gutxik eta are jokalari gutxiagok lortzen duten egonkortasuna daukatelako FIFAko agintariek. 1998tik dago presidente karguan Joseph Blatter suitzarra; 24 urtez egon zen karguan aurreko presidentea, Joao Havelange brasildarra (1974-1998); eta hamahiru urtez Stanley Rous ingelesa (1961-1974). Iristea ez, irautea da zailena. Hortxe kirol munduko aholkurik zentzudunena. FIFAko agintariei inork ezingo die leporatu esan hori betetzen ez dutenik.

Munduko Kopa da FIFAren diru euskarri nagusia. %5 Brasilentzat; %95 FIFArentzat —3.600 milioi euro inguru—. Hortxe joko eremua. Hilabetez munduaren erakusleiho izateko egiten du herrialde batek Munduko Koparen aldeko apustua. Turismoa, telefono eta bidaia enpresak, jatetxeak, kirol dendak... Estadioak eraikitzeko 3.300 milioi euroren eta 13.000 milioi euroko inbertsio publiko eta pribatuen izenean, alor horiek dira irabazle ofizial nagusiak. Baina partida bakoitzeko emaitza dena delakoa dela ere, FIFA beti irabazle. FIFAk inoiz ez duelako galtzen.

Hilean 37.000 euro

«Irabazi asmorik gabeko elkartea» da FIFA. Baina erakundeak berak eta bere mende dauden elkarte eta delegazioek ez dute ordaindu behar izaten zergarik, eta hilean 37.000 euro jasotzen ditu kontseilu batzordeko 24 kideetako bakoitzak. Baloirik gabeko jogo bonito-a. Mundu osoaren pasioaren izenean eskandaluz eskandalu, begiak itxita eta belarriak estalita jarraitzen dute FIFAko agintariek. Jokoagatik, munduagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.