Brasilgo Munduko Kopa

Kolpe baten kontakizuna

Argentinan ohitu egin dira faborito izan eta kale egiten. 2002an gertatutakoa da horren adibide. Orduan jasotako kolpea gogoratu dio BERRIAri Roberto Bonanok.

Alejandro Sabella Argentinako hautatzailea, pentsakor, entrenamendu batean. DENNIS M. SABANGAN / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Isiltasuna zegoen aldagelan. Hondoratuta geunden; ezin genuen barneratu zer gertatu zen». Roberto Bonano ari da hizketan (Rosario, Argentina, 1970), oraintxe bertan une zehatz hura bizitzen ari balitz bezala. Hirugarren atezaina zen Argentinako selekzioan 2002ko Japoniako eta Hego Koreako Munduko Kopan. Suediaren aurka 2-1 galdu berri zeuden, eta emaitza horrekin, selekzioa etxera joan beharrean zen. Aurreneko fasea zen.

«Frantziarekin batera faborito handienak ginen, eta bi taldeak kanporatu gintuzten aurreneko fasean. Kolpea izan zen». Bazituzten arrazoiak Argentinan bere taldea faboritotzat jotzeko. «Sailkatze fase ikusgarria egin genuen. Munduko Koparen aurreko lau urteak zoragarriak izan ziren. Mundu guztiari irabazten genion. Bielsaren talde hark oso lan ona egin zuen». Hori dena oinarrian hartuta iritsi zen Argentina. Faboritoa. Faborito nabarmena.

«Nigeria, Ingalaterra eta Suedia izan ziren gure aurkariak F multzoan. Bagenekien erraza ez zela izango. Nigeriari irabazi egin genion lehen partidan (1-0), baina gero zaildu egin zen dena. Ingalaterrak irabazi egin zigun (0-1), eta azkeneko partidan, Suediarekin berdindu egin genuen(1-1)». Zaleak gogoan izango du Suediaren aurkako partida hura. Nagusi izan zen Bielsaren taldea, golak sartzeko aukera pila bat sortu zituen, baina sartu bakarra sartu zuen. Suediak falta jaurtiketa baten bidez egin zuen gola. «Dena gaizki atera zitzaigun partida hartan», laburtu du Alaveseko atezain ohiak egun beltz hura.

«Komunikabideetan egurra eman ziguten. Gainera, hedabide indartsuenak Bielsaren aurka zeuden, eta hori baliatu egin zuten denoi egurra emateko. Bagenekien hala izango zela, baina kosta egin zitzaigun barneratzea». Bonanok hauxe egin zuen Argentinara heldu bezain azkar: «Ezkutatu ez nintzen ezkutatu, baina gurasoen etxean egon nintzen, urte guztian zehar ez nituelako ikusi [Bartzelonan ari zen jokatzen orduan]. Bakarrik egon nahi nuen, kritiketatik ihes egiteko, eta autokritika egiteko. Aztertu nahi nuen zergatik joan ginen kalera hain azkar».

«Sasoi txarra»

«Puntu-puntuan heldu behar duzu Munduko Kopara, eta, gure kasuan, jokalari gehienak nekatuta zeuden; batzuk min hartuta ere bai, eta garesti ordaindu genuen gero». Bonanoren autokritikak ondorio nagusi hori utzi zuen. Hari horri tiraka, beste hau ere ondorioztatu zuen esperientzia txar hartatik: «Guk, jokalariok, bagenekien ez gindoazela sasoi onenean, baina zaleek ez zuten barneratu edo onartu nahi izan hori. Argentinan, futbola mutur batetik bestera bizi dute, eta aitzakiak ezin dira jarri lehiaketa baten aurretik. Bielsa ere ez da zalea aitzakiak jartzen, baina guk bagenekien ez geundela onenean».

«Bielsa bera jota zegoen Suediaren aurkako partida bukatu eta berehala. Horrek mina handitu egin zigun jokalarioi, ikusi genuelako zenbat lan egin zuen Munduko Kopa prestatzen. Oso lan ona egin zuen, eta berak egin zezakeen guztia egin zuen gauzak ondo ateratzeko». Ondo gogoan dauka Bonanok Bielsa, eta orduko sentimendu hura plazaratzeaz haratago joan da: «Talde hartako jokalari asko entrenatzaileak gara orain, eta beragatik da neurri handi batean. Erreferentzia da guretzat, eta ez kirol arloan bakarrik. Giza harremanetan ere bai. Errespetu handia dio mundu guztiari, baita jokalariei ere».

«Guk hartu genuen kolpe hura eta 1994koa pareka daitezkeela uste dut; duela hogei urte, Maradonaren positiboa izan zen taldea hondoratu zuena. Aurreikuspen handiak zeuden orduan ere, gurekin bezala. Talde handiak ziren biak. Gurean, esaterako, sekulako jokalariak zeuden: Veron, Sensini, Crespo, Batistuta... Askorentzat azken Munduko Kopa zen, eta horrek ere handitu egin zuen kolpea». Bonanoren ustez, bi horiek izan dira Argentinak Munduko Kopan hartu dituen kolpe handienak.

«Taldea egin behar da, taldea osatu, izar nagusia babesteko eta sendotzeko». Argentinari aholkua eman dio atezain ohiak txapelketa honetara begira. «Aurreikuspenak, beti bezala, oso handiak dira orain ere, baina Messiren inguruan taldea osatu behar da, eta ez dut hori ikusten. Ez dugu hamaikako finko bat, eta hori behar dugu». Ez ditu gauzak garbi ikusten Bonanok, eta gehiago sakondu du iritzia: «Zelai erditik aurrera oso jokalari onak dauzkagu, baina ez dut ikusten taldeko joko landua erasoan. Eta zelai-erditik atzera aldaketa asko ari da egiten entrenatzailea, eta ez da ona hori».

«Maradonaren inguruan eratu zen 1986ko taldea, Mexikon txapeldun izan zen hura. Eta orain Messiren inguruan talde sendoa behar da». 28 urte joan dira Argentina txapeldun azkenekoz izan zenetik. Harrezkero, behin bakarrik sartu da aurreneko hiruretan: 1990ean bigarren izan zen, Italian. Batek daki zer gertatuko zaion aurten Argentinari Brasilen. Asko egin dezakeela uste da, baina hori betikoa da herrialde hartan. Gero etortzen dira kolpe latzak. 2002ko hura bezalakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.