Zuritzen ari da nobela beltza

Literatur genero horren inguruko gogoetak bildu ditu Jon Alonsok 'Beltzaren koloreak' saiakeran

Jon Alonso idazlea, liburua aurkeztu aurretik, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
«Hasiera batean boterearen kontra egiten zuen nobela beltzak, eta orain, idazle batzuek, zuzenean langileari edo sindikatuari egiten diote kritika». Jon Alonso idazlearen arabera, oro har literaturan gertatzen ari dena ari da gertatzen nobela beltzaren kasuan ere: estatuak menperatu nahi du, eta, horregatik, ideologia neoliberal ofiziala errepikatzeko beste tresna bat bilakatu da. Iritzi horrek badu oinarri bat: azken ehun urteetan idatzitako 150 nobela beltz inguru irakurri ditu Alonsok, eta, haietatik abiatuta, iritzi eta ohar bilketa bat egin du. Gogoeta horien emaitza da kaleratu berri duen Beltzaren koloreak saiakera (Susa). Halere, argi du 150 istorio «tanta» bat baino ez direla nobela beltzaren historian.

Iaz Euskal Nobela Beltzaren Astean Alonsok emandako hitzaldi bat da liburuaren abiapuntua. Nobela beltzeko protagonisten ingurukoa zen hark egin zuen ekarpena, eta Susa argitaletxekoek gogoeta luzeago bat egitea proposatu zioten. Horrek, nolabait, zituen ideiei oinarri sakonago bat eman beharra ekarri zion, eta etxean zituen liburuak berrikusi zituen: besteak beste, Dashiell Hammett, Raymond Chandler, Jim Thompson, Jean Patrick Manchette eta Manuel Vazquez Montalban dira autoreen artean. Jatorri eta garai ezberdinetako idazle horien pasarteak eta ateratako ondorioak jaso ditu lanak.

Funtsean, nobeletako protagonistek dituzten ezaugarrietan oinarritu da idazlea. Eta pertsonaia horietan bilakaera bat gertatzen ari dela ohartu da. «Generoaren urrezko aroan», detektibea izan ohi zen protagonista, eta polizia antagonista. Poliziak estatua ordezkatzen zuen, eta detektibea estatuak ezkutatzen zituen ustelkeriak azaleratzen saiatzen zen. Egun, ordea, gero eta gehiago dira poliziak protagonista diren istorioak. Polizien artean beti egon ohi diren «polizia zintzoak» izan ohi dira, eta, modu horretan, estatuaren izena «zuritzen» da.

Eta ez da kasualitatea pertsonaia horiekin gertatu dena. Oinarri ideologiko bat du horrek Alonsoren iritziz. Ideologia ofizialak, kontrolpean dituen «komunikabide guztiak aski ez», eta hortik aparte zeuden zirkuituak ere kontrolatu egin nahi ditu. «Komunikabide gehienek funtsean mezu berbera ematen dute. Lehen, literatura hortik kanpo zegoen, eta, batez ere, nobela beltza. Baina, egun, hori aldatzen ari da». Horregatik bilakatu da heroia polizia.

Gai sozialetatik urrunduz

«Artea egiten ez duenak panfletoak egiten ditu». Gizartean hedatutako esaera hori sinetsi egin dute artista askok eta askok, Alonsoren arabera. Eta, horregatik, gai sozialak bazter batera utzi dituzte. Idazlearen iritziz, ondorioak ekarri ditu horrek: «Orain dela bi urte, Nobel saridun bat etorri zen hauteskunde kanpaina egitera, neoliberalismoaren eta eskuindarren alde». Ikuspegi ezkorra du autoreak horretan: «Benetan bizirik segitu nahi badugu, literaturzale moduan eta hiritar moduan, garaia dugu ustez salagarriak diren gauzak benetan salatzera itzultzeko».

Atzo, Donostian aurkeztu zuten liburua, eta, gaur, Elizondon (Nafarroa) aurkeztuko dute, Euskal Nobela Beltzaren Astean. Liburuaren ernamuina egitasmo hartan sortu zenez, aurkezpenak harekin bat egitea nahi izan du Alonsok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.