Transmisioa izango dute hizpide 'Ahoa bete hots' jardunaldietan, uztailean

Antzerkian, bertsolaritzan, ipuingintzan zein kantugintzan ari direnen kezkak eta gogoetak partekatuko dituzte Villabonan, Mintzolaren egoitzan.Izena emateko epea zabalik da gaurtik

Nora Urbizu Amasa-Villabonako kultura zinegotzia, Beñat Gaztelumendi Mintzolako kidea eta Joxe Mari Karrere ipuin kontalaria, atzo. JON URBE / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Villabona
2014ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Transmisioa etetean kultura eta hizkuntza ere eteten dira. Nola zaindu genezake transmisio hori katea hautsi ez dadin? Nolakoa izan da orain arteko transmisioa? Eta nolakoa behar luke izan hemendik aurrerakoan, hezkuntzan, familian edo gizartean?». Nora Urbizu Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) kultura eta euskara zinegotziak plazaratutako galdera horiek eta beste hainbat mahai gainean jarriko dituzte uztailaren 2, 3 eta 4an, Mintzola Fundazioaren egoitzan egingo dituzten Ahoa bete hots jardunaldietan. Bosgarren aldi honetan ahozko kultur sorkuntzaren transmisioa izango dute hizpide. Ahozko sorkuntzaren transmisioan adituak eta arituak diren lagunak ariko dira hizlari, eta hiru egunetan, hainbat gogoeta, esperientzia eta ikerketa partekatuko dituzte.

2010. urtean ekin zieten Ahoa bete hots jardunaldiei. Orduko hartan, ahozkotasuna izan zuten eztabaidagai nagusi, eta ondorengo urteetan, berriz, idatzizkotik ahozkorako jauzia, ahozko kultur sorkuntzan euskalkien eta euskara batuaren artean izaniko talkak eta ahozkotasuna lantzeko jolasak izan zituzten mintzagai. Urtero, «Mintzola egitasmoaren barruan ahozko kultur sorkuntzan ari diren diziplinetako aditu eta arituak gonbidatu ohi dira, eta zehazki esanda, haiek partekatzen dituzten gai eta kezkak aztertzen dira jardunaldietan», adierazi du Urbizuk. Hala egingo dute aurten ere.

Hiru eguneko egitaraua

Uztailaren 2an kantagintza izango da mintzagai nagusia. Euskal kantagintzaren transmisioaz hitzaldia eskainiko du Mikel Markezek, eta Kantua entzun; entzuna kanta izenburupean ariko da jarraian Amaia Zubiria. Atsedenaren ostean, Zuberoako kantu transmisioaz jardungo du Maika Etxekoparrek, eta, egunari amaiera emateko, Kantuz kanta emanaldia eskainiko du Markezek.

Belarria soinu Joseba Tapiaren hitzaldiak zabalduko du hurrengo eguna, eta transmisioaren garrantziaz ariko da ostean Jon Sarasua. Antzerkiaren transmisioa izango du hizpide ondoren Antton Lukuk, eta mahai ingurua egingo dute hirurek bukatzeko.

Uztailaren 4an, azkenik, Xabier Amuriza bertsolaritzaren transmisioaz ariko da, eta Antton Irusta, berriz, ipuinen transmisioaz. Miren Artetxek gazteen hizkuntza erabileran bertsolaritzaren trasnsmisioak duen eraginaz eginiko ikerketa izango du hizpide. Miren eta Xabier Amurizaren bertso saioa izango da amaitzeko.

Izena emateko epea zabalik da gaurtik ekainaren 25a bitarte. Telefonoz edo www.mintzola.com webgunean eman daiteke izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.