Oporretarako erromesaldia

Askok atzo hartu zituzten oporrak. Hori dela eta aireportu, autobus eta tren geltokiak jendez gainezka daude egunotan. Ohiko irudiak ikusi ahal dira.

Loiuko aireportuan, bagajea uzteko ilara luzeak egon ziren egun osoan MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Loiu
2014ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Paris, Bruselas, Munich, Londres edo Bartzelona. Lisboa, beharbada. Uneotan, euskal herritar asko hodeien gainetik hegan egiten ariko dira. Eta beste horrenbeste, autobuseko leihoetatik begira daude, errepide amaigabea noiz bukatu eta opor lekura iritsiko zain. Opor egunak amets izateari utzi, eta errealitate bihurtzen ari dira zorioneko askorentzat. Bidaiarien eromenezko joan-etorriak, maleta gurpildunen hotsak eta megafonoen informazio mezuak nahasten ari dira atzotik aireportu, autobus eta tren geltokietan. Joatea ez ezik, beste askori itzultzea egokitu zaie.

Bizkaian atzo jaieguna zenez, askok, zubia egin, eta oporrak hasi zituzten. Hala, ohi baino mugimendu handiagoa izan zen atzo Bilboko Termibus autobus geltokian. Goizean goizetik, nasak jendez gainezka egon ziren, eta, autobus guztien ate aurrean, bidaiarien ilara luzeak osatzen, maletak eta motxilak uzten, autobusera igotzen eta errepidean desagertzen igaro zen goiza. Burgos, Lekeitio, Hendaia, Santiago, Pontevedra eta Santander. Autobus batek alde egin bezain laster, beste batek hartzen zuen haren tokia; mugimenduak behin eta berriro errepikatuz.

Atzealdean, eskuineko nasetan, Loiuko aireportura doan autobusak motorra piztu bezain laster, isiltasuna urratu eta hizkuntzak nahastu ziren. Erresuma Batutik etorritako Kevin Lewis urduri eseri zen, ez zekien bagajearen erregistroa garaiz egin ahal izango zuen. Hamabost egun eman ditu Euskal Herria bisitatzen, eta etxera bueltatzeko ordua heldu zaio. Atzeko eserlekuan, bidaia osoa eztabaidan eman zuten senar-emazte batzuk zituen, Tenerifera zihoazen oporretan, eta euren maleta oso pisutsua omen zen. «Emazteak beti sartzen du gehiegizko arropa, erabiliko ez ditugunjantziak. Ez du sekula ikasten», zioen kexaka Carlos Fernandezek.

Loiuko Aireportuan ere maleta handiak eta pisutsuak ageri ziren nonahi. Eta aldiro aldatuz doazen informazio paneletara begira zeuden bidaiariak, euren ontziratze atearen zenbakiaren zain. Aireportuko zuzendaritzak emandako datuen arabera, atzo 61 hegaldi lurreratu eta beste 60 aireratu ziren Loiun. Bidaiarien joan-etorria etengabekoa zen, eta fardelen zigilatze zerbitzuak ez zuen atseden hartzeko astirik izan. Ehunka maleta forratu zituztela nabarmendu zuen Roque Toribiok, zerbitzu horretako arduradunak: «Jendeak bagajea ez zabaltzeko edo hegazkinen biltegietan egon ohi den koipearekin ez zikintzeko forratzen ditu maletak. Behin itxita eta zigilua jarrita, poliziak baino ezin ditu ireki». Bogotara (Kolonbia) zihoan familia batek segurtasunagatik forratu zituen maletak. «Madrilen beste hegazkin bat hartu behar dugu familia bisitatzeko. Halako bidaia luzeak egitean, guk nahiago dugu maletak forratzea, lasaiago goaz», zioen Kolonbiara zihoan Carmen Rodriguezek. Bagajea hartu eta berehala jarri zen Madrilera doan hegazkinaren ilaran. Gero eta bidaiari gehiago elkartzen ari ziren. Irantzu Sacristanek ere Madrilerako hegazkina hartu zuen atzo. Nikaragua zuen helmuga. «Bidaia luzea dugu, baina sekulako gogoarekin goaz. Deskantsatu, surf egin eta toki berriak ezagutzeko irrikaz gaude».

Grebak tren zerbitzuetan

Garraiobideetako grebek atzeratze asko sorrarazten dituzte, eta,oporretan doazenei eragiteaz gain, oporretatik datozenei ere kalte egiten diete. Jon Txarroaldek Galizian eman ditu oporrak eta atzo hartu behar zuen Bilborako trena. Baina, Renfek eta Adifek atzo abiaturiko lanuztea dela eta, zegokion trena kendu zioten. Langileen urritasuna eta bortxazko lekualdatzeengatik abiatu zuten atzo hasi eta gauera arte iraungo duen greba. Hala, arazoak izan zituen etxerako bidean. Txarroaldek azaldu zuenez, aurreko egunean eman zioten zerbitzuen murrizketari buruzko abisua eta txartela aldatzeko aukera. Bartzelonara zihoan trena hartu behar izan zuen, eta Gasteizen jaitsi, handik etxerako autobus bat hartzeko. «Bidaiariontzat endredo bat da, baina ulergarria da langileen egoera. Haiek harrabotsa sortu nahi dute».

Errepideetan ere izan ziren arazoak atzo. A-8 autobidean, Kantabriarako noranzkoan, adibidez, 20 kilometro arteko auto ilarak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.