Buruz buru, ikusgarri

Gipuzkoako Ligako bigarren estropada jokatuko dute gaur Pasai Donibanen. Etxekoak, Hibaika eta Orio txanda berean ariko dira

San Juaneko arraunlariak, ahalegin betean, artxiboko argazki batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Ligako lehen estropadak, aurreko igandekoak, aurrez uste zen zerbait utzi zuen agerian: faboritoak oso gertu daude elkarrengandik. Zortzi segundoan sartu ziren San Juan, Hibaika eta Orio, hurrenkera horretan. Ligako bigarren jardunaldia gaur jokatuko dute, Pasai Donibanen (17:30), eta, sasoi honetan aurreneko aldiz, buruz buru lehiatuko dira hiru faboritoak, azkeneko txandan. San Juan, Orio eta Hibaika elkarren ondoan ikusteko aukera paregabea emango du gaurko estropadak, eta gainera, ur baretan, ibaian baita estropada. Ikuskizuna emango dute, ez da batere dudarik.

Berez, erlojuaren aurka zen jokatzekoa estropada, baina Colindres ez datorrenez, zortzi talde ariko dira guztira. Hori ikusirik, antolatzaileak, San Juanek, estropada bi txandatan jokatzea erabaki du. Bigarrengo horretan, hiru faboritoekin batera Getaria-Zarautz ariko da. Aurrenekoan, beste hauek joango dira: Hondarribia, Hernani, Deustu eta Arraun Lagunak.

Emakumezkoen lanak bukatuta, San Miguel ligako zortzi ontzi lehiatuko dira, bi txandatan: Zumaia, San Pedro, Portugalete eta Astillerro aurrenekoan, eta Orio, San Juan, Hondarribia eta Urdaibai bigarrengoan. Ligak atsedena duenez asteburu honetan, aukera ona izango da talde hauentzat arraunlariak lanean jartzeko, eta ikusteko ere bai, jakina.

KAE 1 eta KAE 2 ere gaur

KAE ligen barruan, lehen mailakoek Hondarribian dute estropada, 18:00etan hasita. Berdintasuna aurreikusten da bospasei talderen artean banderaren lehian, baina faboritoak Ondarroa, Getaria, PedreƱa eta Deustu izan daitezke.

KAE 2koek Donibane Lohizunen ekingo diote lanari, 17:00etan, baina ez da puntuagarria izango estropada. Puntuak banatzen gaur zortzi hasiko dira, Lutxanan. Hamalau taldek osaturiko liga bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.