Nerabea, aitaren begian

Bi aita-semeren arteko talkak azaleratu ditu 'Urpekariak' nobelan Fermin Etxegoienek.«Iniziazio nobela bat» da, oporraldi batean girotutakoa

Fermin Etxegoien, Urpekariak aurkeztu zuen egunean. ANDONI CANELLADA / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Nerabeen eta haien gurasoen arteko elkarbizitzaren alde txarrak eta onak, zailtasunak eta pozak erakutsi ditu Fermin Etxegoienek Urpekariak nobelan (Erein), bere guraso ikuspuntutik. Bi aita-seme euskaldunek Gironako L'Estartit herrian —nobelan Katalunia independente batean kokatua— igarotako udako oporraldi bat kontatzen du nobelak. Meda uharteetan urpekaritza bataioa egitera doaz hara. «Aitak semearekin bizi nahi du esperientzia hori, eta horretarako oso leku egokia da L'Estartit», Etxegoienek adierazi duenez. Han direla, bi ama-alaba ezagutuko dituzte. Aita-semeen arteko askotariko eztabaidak ageri dira kontaketan, eta udako oporraldian dituzten aldarteak ere oso ezberdinak dira. Horrek ez du eragozten, ordea, bien arteko harremana estua eta txeratsua izatea.

«Ez da enkarguko lan bat, baina bai enbido modura jasotakoa», Etxegoienek azaldu duenez, gazteentzako nobela bat idaztea proposatu baitzion Erein argitaletxeak urtearen hasieran. «Hasieran ez nuen neure burua lan honetan ikusten, baina, gero, beste arrazoi batzuk direla medio, baiezkoa eman nuen, eta orduan enbidoa izatetik hordago izatera pasatu zen, azken finean nobela bat idaztea hordago bat baita. Ez dakit hordagoa handira edo txikira izan zen, baina hordagoak irabaztekoak dira». Horregatik, serio heldu zion lanari, eta zeregin horretan «alde» izan zuen nobelako nerabearen adin bertsuko seme baten aita izatea.

«Iniziazio nobela bat»

«Iniziazio nobela bat» da Urpekariak, «nerabezaroaren gaia tratatzen duten ia guztiak bezala», egilearen ustez. «Kontrazalean esaten da gurasokeriarik gabe idatzita dagoela, baina hori argitaletxekoek diote, ez nik. Seguruenik, guraso batek seme-alaben inguruan idatzitako edozertan beti dago goitik beherako begirada bat, azken finean halako ariketa ezinezko bat egiten ari garelako: geure burua jarri nahian nerabezaro deitzen dugun garai horretan dagoen baten baitan».

«Gure seme-alaben eta gure arteko harremanak ez dira gure eta gure gurasoen artekoak izan ziren bezalakoak», ohartarazi du hala ere Etxegoienek. «Ez ditugu jakintzat ematen kode edo balio jakin batzuk, eta ez ditugu jakintzat ematen seme-alabek egin behar dituztenak. Hori ere islatzen saiatu naiz».

«Hirugarren espazioaren apurketa bat» ere badago nobelan, egileak dioenez. «Nobelaren une batean, ikusten da kontatuko dela seme nerabearen eta L'Estartiten ezagutu duen neskaren artean lehen aldiz gertatuko dena, iniziazio afektibo bat. Hor agertzen du narratzaileak bere burua, irakurle gazteari zuzentzeko: 'Prest zaude nahitaez heldu baten ikuspuntutik kontatua datorren ondorengo hau irakurtzeko? Azken finean, ez dezagun ezkuta irakurriko duzuen hau idatzi duena, zuen arteko harremanetan kuxkuxeatzera sartzen den pertsona hori, heldu bat dela'. Horri deitzen diot nik hirugarren espazioaren apurketa. Puntuala da, baina tira... Jarrai nezakeen nobela horrelako oharrik egin gabe, baina iruditzen zait justuagoa zela hori esatea».

Aitaren eta semearen arteko talken artean, erreferentzia kulturalei dagokiena dago, eta horrek presentzia nahiko handia du liburuan. «Semearenak ohikoak dira Bilbo aldean bere adineko jendearen artean. Ez da soilik idazleei eta literaturari dagokion talka bat. Hizkuntzari ere badagokio, badago hizkuntza talka bat ere. Biak dira euskaldun, baina ikusiko da zenbateraino euskaldun diren, eta nolako euskaldun diren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.