Literaturaren biosferak

Gutun Zuria letren Bilboko jaialdiak natura eta literatura izango ditu ardatz, igandera bitartean. Besteak beste, Bernardo Atxagak, Aingeru Epaltzak eta Maider Lopezek parte hartuko dute

Azkuna zentroan aurkeztu dute Gutun Zuria jaialdia. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Natura hor dago ulertzeko, irakurtzeko eta bertako mugimenduez jabetzeko». Azken sentsazio hori da Bernardo Atxaga idazlearentzat naturak eskaintzen duen ideiarik literarioena. Natura eta literatura uztartuko ditu aurten Gutun Zuria Bilboko Letren XI. Nazioarteko Jaialdiak, eta bertan hizlari arituko da Atxaga, etzi, Hasier Larretxea idazlearekin batera. Naturara itzultzea, Utopia literarioa ote? izango da jaialdiaren izenburu nagusia, eta bi mundu horiek uztartuko ditu. Astelehenean abiatu zen jaialdia, apirilaren 29ra arte iraungo du, eta, Atxagaz eta Larretxeaz gainera, nazioarteko eta bertako hamaika idazle batuko ditu.

Mugimenduaren ideia Frantziako kartzela batera egindako bisitan piztu zitzaion Atxagari. «Itota sentitu nintzen; itota hormengatik, aginduengatik, arauengatik, ordutegiengatik... eta itomen horren ondorioz estimatu nuen mugimendua», adierazi zuen atzo egindako agerraldian. Gertakari jakin hori abiapuntu hartuta, Larretxearekin izango duen solasaldian landuko duen gaia aurreratu zuen idazleak. Azaldu zuenez, kartzelan pasatutako ordu haiek erakutsi zioten «bizitzan garrantzitsuena mugimendua» dela. Naturaz pentsatzen duenean bere burua «oinez, paseatzen, mugimenduan» ikusten duela kontatu zuen Atxagak.

Pertzepzioa «zorrozten»

Maider Lopez artistak, berriz, bere artelanak izan zituen aipagai. Bera ez da idazlea, baina natura sorkuntzarako baliatu du behin baino gehiagotan, eta lan horiek erabili zituen pertsoneknaturarekin sortzen dituzten harremanez hitz egiteko. Eta baita naturaren behaketak gizakien pertzepzioak nola eraldatzen dituen azaltzeko ere. Gai horiez mintzatuko da Lopez ostiral honetan, Ixiar Rozas idazlearekin batera. Iñigo Astiz BERRIAko kazetaria arituko da moderatzaile lanetan.

Bere bi lan aipatu zituen bi gai horien adibide gisa: Watching Grass Grow bideoa eta Ataskoa artelana. Lehena, belarra nola hazten den erakusten duen bideo bat da. «Natura etengabe eraldatzen, handitzen eta mugitzen ari da, baina, horren mantso, ez baikara ohartzen, ez behintzat gure pertzepzioa egokitzen ez badugu». Azaldu zuen gizakien pertzepzioak zorroztea dela lan horren helburua. Bigarren artelana deialdi publiko bat izan zen.400 bat auto bildu zituen mendian auto ilara bat sortzeko. «Egunerokotasuna apurtu eta autoarekiko harremana mahai gaineratzea zuen helburu», adierazi zuen.

Larunbateko solasaldiak mendia izango du protagonista. Zaletasunak bultzatuta horri helduko baitiote Juanra Madariagak eta Aingeru Epaltzak. Miel Anjel Elustondo izango da solasaldiko moderatzailea. Mendizaletasunari buruzko ipuinak biltzen ditu Epaltzaren azkeneko liburuak (Mendi-Joak), eta bilduma horretan bildutako Sergei Volokoven hitzak berreskuratu zituen idazleak atzo. Horien bitartez azaldu zuen gizakiak literaturaren eta naturaren artean egiten duen zubi lana. «Mendia, berez, harria eta izotza baino ez da; soilik gizakia bertara doanean eta bertan bizitakoa kontatzen duenean ematen dio zentzua».

Atzo, jaialdiak dakarrenaren atarikoa eskaini zuten hiru idazleek. Gai bera baina ikuspegipropiotik landuko dute Maja Lunde eta Lars Mytting idazleek ere gaurko solasaldian, Terry Tempestek eta Francisco Ferrerrek larunbatekoan, eta Cesar Airak eta Maria Luisa Blancok igandekoan. Solasaldi guztiak Irakurlearen ordua saioarekin bukatuko dira. Bertan, ikusleek aukera izango dute idazleekin aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.