Oraindik nortasun bila

El Columpio Asesino eta Los Planetas gisako izen ezagunek hauspotuta, ikusle kopuruak nabarmen egin du gora Kutxa Kultur jaialdiaren azken egunean.

Euren kantu ezagunenak jo zituzten Los Planetas taldekoek larunbatean, Igeldoko jolas parkean. Irudian, Jota, taldeko abeslaria. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Danele Sarriugarte.
2014ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Larunbatarekin nabarmen egin zuen gora mendirainoko bidea igo zutenen kopuruak, asteburuak eta talde ezagunagoen promesak xaxatuta. Arratsaldearen lehen errainuekin dagoeneko multzo zabal antzekoak ikus zitezkeen agertokien parean.

Iñigo Cabezafuego bakarlari iruindarrak, kasurako, girotxoa sortu zuen Red Bull autobusaren goialdetik, Los Brutaleseko biolin-jole eta bateriak lagunduta. Plazagizon-gizona dugu Cabezafuego, eta ohiko duen moduan kantuak eta txisteak eta publikoari komentarioak tartekatu zituen berrogei minutu inguruko saioan. Ikus-entzuleen artean bazituen zaleak eta dantzan eta irribarrez aditu zituzten, besteak beste, Pachuca txalupari eta Marlon Brandoren andre nazkatuari buruzko abestiak.

The Pains of Being Pure at Heart estatubatuarrek ere harrera beroa izan zuten oholtza nagusian. Argi dago inguruotan ez dela popzalerik falta, eta bihotz aratza izatearen ondorioz sufritzen duen boskoteak ederki erantzuten dio korronte horretakoen eskakizunei, doinu argitsu eta freskoekin.

Jarraian, proposamen erabat diferente bati heltzeko aukera izan zuten Kutxa Kultur agertokira gerturatutakoek. Chase the Mayhem donostiarrek punka, metala eta rapa uztartzen dituzte. Distortsionatua dirudien ahots urratuz bota zituen bota beharrekoak abeslariak, hasieran hotzago azaldu arren apurka animatu zen jendea, taldekoek ere aitortu zuten ez daudela ohituta egun argitan jardutera. Ezagutzen ez zaituztenen aurrean ustekabeko bertsio batek salba zaitzake, kasu honetan, inor gutxik espero zuen Britney Spearsen Toxic abestia gailur moduko bat izan zen.

Atzera Keler oholtzan, El Columpio Asesino talde iruindarrak txalo artean ekin zion emanaldiari, azken diskoko Babel kantuarekin hasi eta berehala ziren denak saltoka. Aurretik ere errekonozimendua zuten, dena dela aurten argitaratutako Ballenas muertas en San Sebastián bildumak lehen lerrora ekarri ditu berriro ere. Gehienbat horretako abestiak jo zituzten, nahiz eta festaren goraldirako Toro hit-a aukeratu zuten, aurreko diskokoa, gau osoan dantza egiteko gogoz zebiltzanei atsegin emanez.

Europar erdi-iparraldeko taldeak etorri ziren hurrengo, eta Reptile Youth eta Jacco Gardner hurrenez hurren danimarkar eta holandarren doinuek hartu zuten Igeldo. Beti bezala iritziak askotarikoak badira ere, bi saio hauek izan ziren, hainbaten ustez, jaialdiko aipagarrienetakoak.

Gaua ixteko, Los Planetas

Hasteko, Reptile Youthek electro-punk-rockak ildo gogorragoen maitaleak poztu zituen. Azpimarratzekoa abeslariaren grina, gora eta behera jauzika egin zuen saio osoa. Gustura igartzen zitzaion jada masa gotor bilakatzen hasitako publikoaren aurrean. Hirugarren kanturako egina zuen horienganako bidea, ikus-entzuleen sorbalden gainean abestu zuen errepika. Ekilibrismo ariketekin segituz, oholtzaren egitura eusten zuten zutabeetako batera igo eta handik aritu zen, txaloak, beso altxatuak eta, ezinbestean, gerora sareetan agertuko ziren argazkiak irabaziz. Jendeari nahi duena ematen badaki.

Ikuskizun soilagoa izan zen, ostera, Jacco Gardner bakarlariaren eta bere taldearen proposamena. Pop barroko eta ganbera pop gisa izendatzen dute euren estiloa, eta mimoz eraikitako kantuak dituzte ezaugarri. Zertxobait berandu hasita (danimarkarrek bukatu arte itxaron zuten), espektazioa zen nagusi. Emanaldi txukuna eskaini zuten, azken abestiko zati instrumentalarekin poltsikoratu zituzten bestela ere begi maiteminduz so izandako ikus-entzuleak.

Azkenik, gaua ixteko Los Planetas taldearen txanda iritsi zen. !!! (Chk Chk Chk) kaliforniarrak ordezkatzeko, azken orduan agertu zen granadarren izena kartelean. Zalantza izango da beti, bisitariak erakarri ala uxatzea lortu zuen gehiago azken uneko aldaketak; festa amaieran dantzagarri baten galeragatik zaputza eta talde mitiko bat ikusteko poza, biak ala biak, agertu baitzituzten bertaratutakoek. Granadarrek, halere, eutsi zioten, eta ordezkapen soil ez suertatzeko, euren kantu ezagunenak jo zituzten.

Hori guztia eman zuen, beraz, 2014ko Kutxa Kulturrek. Oholtzetara igo zirenetatik, %90 pasa izan ziren gizonezkoak; hizkuntzei begira ere antzera: ingelesa nagusi, gaztelania atzetik eta euskara ia anekdota huts. Hirugarren aldian nortasun bila jarraitzen du jaialdiak, aterki beraren pean (zabala eta malgua izanik ere) gaitz batu daitezke-eta jardun duten talde guztiak. Paraje ederrarekin identifikatzen da oraingoz jaialdia, eta ondo doakion arren, Donostian musikaz egarri direnek apurka-apurka ildoak definitzen joatea eskatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.