Hau ez da bukatu

Kirolbet Baskoniak ezin du hutsik egin gaur, etxean, ACBko finaleko laugarren partidan. 2-1 doa atzetik, eta sasoiko azken lehia izan daiteke

Rodrigue Beaubois zaleen babesa jasotzen, igandeko partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
«Oraindik ez dugu galdu liga. Asteartean finala berdintzeko aukera dugu». Pedro Martinez Baskoniako entrenatzaileak oso garbi zuen zein zen mezua herenegungo partidaren ondoren kazetarien aurrera irten zenean. Mezua jokalarientzat, zaleentzat ... Serieko bigarren eta hirugarren partidak bizkarreko handiak izan dira, baina ez batzuek eta ez besteek —gaur 15.000 ikusle bilduko dira berriz Buesan— ez dute amore eman behar. Bigarren partidako hirugarren laurdena kenduta, Baskonia final ona jokatzen ari da, eta egindako ahaleginak ondo merezi du bosgarren partida behartu eta azken egunera arte estutzea.

Baskoniak denboraldiko azken partida joka dezake gaur, eta, hain zuzen, hori eragoztea da helburua. Jokalariek ez dute oporrik nahi. Horretarako, baina, bigarren eta hirugarren partidetan eginiko hutsuneak errepasatu, eta lehen partidan ondo eginikoak berriz egin behar dituzte. Igandeko partida, dena den, gogorra izan zen, Gasteizko taldeak bi aldiz lortu baitzuen zazpi punturen tartea (51-42, 24. min. eta 72-65, 35, min.), eta Real Madrilek oso bizkor lortu baitzuen kolpe horiek bueltatzea. Alegia, gauzak ondo eginda ere, Euroligako txapeldunaaurkari oso gogorra da.

Bizkarreko handiena, halere, azken txanpa izan zen. Azken bost minutuetan Baskoniak lau puntu sartu zituen bakarrik, eta bederatzi eraso huts egin zituen jarraian.Hauspoak behera egin, eta argia itzali zitzaion. «Ez dugu burua hotz izan», azaldu zuen Martinezek. Real Madrilek ere are gehiago estutu zuen defentsan. Baina interpretazio positiboa egin behar da, bukatzeko bost minutu falta zirela zazpi punturen errenta zuen Baskoniak, eta gustura sinatuko luke gaurko partidan egoera hori izatea.

Johannes Voigtmannek jokatu zuen, ez sasoi betean, baina pistan egon zen, eta, ondo bidean, gaur hobeto beharko luke. Haren jarduna garrantzitsua da Walter Tavares erraldoia (2,20 m.) eremutik ateratzeko. Herenegun asko baldintzatu zuen jokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.