Desadostasunak obsesionatuta

Zazpi antzezlan bildu ditu Oier Guillanek 'Mr. Señora' liburuan. Idoia Beratarbidek ilustratu du

Oier Guillan, liburua aurkeztu aurretik, Donostiako Kaxilda liburutegiaren kanpoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Gorputzak. Matxuratuak, mehatxatuak zein matxinatuak. Modu batera ez bada bestera, ados ez dauden pertsonaiak dira protagonistak Oier Guillan antzerkigile eta idazlearen (Donostia, 1975) Mr. Señora liburuan (Txalaparta). Eszenarako zazpi lan ondu ditu, gai zein estilo aldetik independenteak. Baina badituzte hainbat ezaugarri komun. «Antzezlan hauek funtsean galderak planteatzen dituzte, inoiz ez erantzunak. Pentsamendu bakarraren kontra idatzitakoak dira. Batez ere, pentsamendu bakarra norberarena denean. Zalantza eta kontraesana erabiltzen dute bertako ahotsek tresna politiko gisa, egia osoei eta baieztapen borobilei ihes eginez». Metrokoadroka kolektiboko kide da egilea, eta maiatzaren 21ean, estreinakoz, liburuko lehen testuaren —Mr. Señora— irakurketa dramatizatua egingo du taldekideekin, Literaturia jaialdian. Zarauzko Modelo aretoan (Gipuzkoa) izango da emanaldia, eta Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Joseba Roldan eta Guillan bera ariko dira aktore lanetan.

Mikel Soto Txalapartako editoreak azaldu duenez, behin Irati Jimenezi galdetu zioten ea euskal literatura feminista ba ote den. Hark erantzun zuen literatura berez ez dela feminista, baina idazle feministak egon badirela. Eta, bat aukeratzekotan, Oier Guillan aukeratu zuen. «Ni ez naiz genero gaietan aditua, baina Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak liburuko hitzak inspirazio iturri izan zaizkit sarri, eta oso presente eduki ditut bilduma honetarako antzezlanak aukeratzerakoan». Genero desadostasunak agertzen dituzte Mr. Señora liburuko ahotsek, zentzu bikoitz batean. «Batetik, bere gorputzarekin eta gorputzei egozten zaizkien rolekin desadostasun sentipena agertzen duten ahotsak dira asko, eta, bestetik, literatur generoekiko desadostasuna ere islatzen dute antzezlanek». Eszenarako pentsatutako testuak diren arren, batzuk saiakerara hurbiltzen dira, beste batzuk poesiara, eta zenbaitek narrazio labur zein performatibitate ukitua dute.

Azken hamar urteetan idatziak dira guztiak; haietako batzuek oholtza ezagutu dute, eta beste batzuek ez. Berriena Mr. Señora da, libururako propio sortua, eta hari izena ematen diona. Protagonista antzoki bateko oholtzara igo, eta publikoarekin hitz egiten hasiko da. «Begiratuak sentitzen diren gorputzei buruzko gogoeta egingo du batetik, eta, bestetik, bizitzaren edozein arlotan inoiz armairutik ateratzeko pausua eman dutenei maitasun deklarazio bat egingo die». Askotarikoak dira gainontzeko lanek jorratutako gaiak: hizkuntza hautuaz eta estatuaz gogoeta egiten du batek, minaren inguruko material bilketa da beste bat, gizonkeria eta gizontasuna ere presente daude, umore absurdoa ere bai, askatasuna, elkartasuna, gordinkeria...

Ainara Gurrutxaga aktoreak idatzi du liburuaren hitzaurrea, Gorputz deserosoak izenburupean. Guillanen «laguna eta bidaidea» da, eta haren obsesio guztiak liburuan aurkitu dituela azaldu du. Segidan, galdera bat bota du airera: «Zer da, bada, sortzaile bat bere obsesiorik gabe?».

Antzerkia, genero «zaila»

Soto «pozik» dago halako liburu bat argitara eman izanaz. «Oso pozik egonik ere, beti dauka editore batek halako beldur bat. Kasu honetan beldurra, batez ere, generoak ematen du. Gure sistema literario txikian gutxi gorabehera badakigu zerk saltzen duen gehiago eta zerk gutxiago. Genero zailenetako bat, zailena ez baldin bada, antzerkia da». Halere, «elementu positibo» asko ikusi dizkio lanari. «Erantzunik eman gabe, badauka gaitasun bat gu guztiok bizi ditugun hainbat arazori aurre egiteko. [Albert] Einsteinek esaten zuela uste dut: ez zela argiagoa, baizik eta beste jendeak baino denbora gehiago eskaintzen ziela arazoei. Iruditzen zait Oierren literaturan hori ikusten dela». Haren iritziz, «borrokarako» liburu bat da.

Buruan dituen ideiak taulara eramateko denborarik ez duenean idazten du Guillanek, «ideiak tiraderan gordeta uzteko». Baina, haren arabera, paperean dauden unetik, beren bidea egin dezakete testuek. Edonork hartu, moldatu eta oholtzara eraman ditzakeela, alegia. «Autorearen figura akabatzean sinesten dut».

Idoia Beratarbide arduratu da liburuaren azalaz eta ilustrazioez. Testu bakoitzaren hasieran, haren marrazki bat dago, zuri-beltzean. «Antzezlan bakoitzak bere autonomia eta bere gai propioa ditu, eta hortik abiatuta ondu dut ilustrazio bakoitza. Baina, era berean, irudi gehienetan errepikatzen dira elementuak eta gaiak: generoaren gaia, ispilua, umorea eta jolasa... Guillanen arabera, Metrokoadroka kolektiboan irudi fisikoetatik abiatuta sortzen dituzte testu asko eta asko, eta horregatik, agian, liburuko hitzak «gorputz gosez» ziren. «Hori izan da niretzat Idoiak egin duen lana. Antzezlan hauei falta zitzaien gorputza ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.