Artearen argiaren bila

Sorkuntzak prestatzeko eta erakusteko aukera eskainiko du ARTgia aretoak. Artista gazteei eta emakumeei protagonismoa emango die

Irantzu Lekue artista gasteiztarra, ARTgia aretoaren aurrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Gasteizek eta arteak harreman berezia daukate. Izan ere, bertan bada museo esanguratsurik, baina bidea hasi nahi dutenek ez dute erraz izaten lehen urratsak egitea, batez ere emakumeek eta gazteek. Besteak beste, behar horri erantzuteko sortu du ARTgia aretoa Irantzu Lekue artista gasteiztarrak. «Artea erakusteko tokien beharra dago, sormenera irekitako lekuena, elkarlanera eta berrikuntzara irekitako eremuena», azaldu du Lekuek. Era berean, garbi dauzka zeintzuk diren ARTgiaren helburuak: «Sortzeko baldintzak bultzatzea, toki katalizatzaile bat izatea, elkarrizketak eta esperimentazioa eragiteko».

Hainbat helburu jarri ditu artista gasteiztarrak, baita aretoan zer antolatuko den zehaztu ere: «Denetarik egingo da: bilerak, jardunaldiak, aurkezpenak, grabaketak, proiekzioak, proiektuen garapena eta hainbat sektore sozialen arteko elkarrizketa». Nabarmendu du ziklo sortzailearen ia fase guztiak aseko dituela proiektuak, sorkuntzatik hasi eta zabalkunderaino. «Lan prozesuak ere erakutsiko ditugu aretoan».

Irantzu Lekue izango da proiektuaren zuzendaria, baina talde motor baten laguntzarekin lan egingo duela zehaztu du artistak, proposamen guztiei zabalik: «Gune irekia izango da sorkuntzak, egitasmoak, jarduerak, proposamenak, kolaborazioak eta abar jasotzeko».

Oraingoz, martxa hartzen hasi da proiektua. Jada atondua dute aretoa, baina ateak ez dituzte ofizialki ireki. Egun, Eider Bernaola argazkilariak eta haren ikasleek osatutako Ikuspegiak erakusketa daukate ikusgai. Baina orain arteko lana ez da hori bakarrik izan. Izan ere, Orainaldian Laissez faire dokumentalaren trailerra aurkeztu zuten ARTgian, eta Eusko Jaurlaritzako Ikertu egitasmoaren hainbat bilera egin dituzte.

Gazteak eta emakumeak

Gasteizko kulturan eragiteko sortu du Lekuek aretoa eta bere barruko proiektua. Baina bereziki emakume eta gazteei bideratuta jaio da: gazteek ere izan dezaten aukera «lehen urratsak» egiteko eta «profesionalizaziorantz» hurbiltzeko. «ARTgiaren instalazioetan sorkuntza fasean dauden proiektuak hartuko dira», azaldu du Lekuek. «Horrez gain, laguntza zerbitzua eskainiko zaie ibilbide profesionalen garapenerako». Proiektuetan laguntzea helburu izaki, hasierako prestakuntza zerbitzu «etengabeak» emango dituztela argitu du Lekuak, proiektuen zabalkundea barne.

Ideia garbi dauka artistak, baina ez hori bakarrik, baita nola lortu ere: «Guztia burutzeko tresnak izango dira egonaldi artistikoak, erakusketa jarduerak, prestakuntza tailerrak eta jardunaldi zein topaketa espezializatuak».

Ekoizpen artistikotik kanpo

Artea sortzea ez da proiektuak bultzatuko duen bakarra. «Jendartearen eta herritarren ekoizpenerako tresna izango da», azaldu du Lekuek. Sorkuntza artistikoa kudeatzeko eta antolatzeko bestelako ereduak ikertzeko apustua egin du, parte hartzea bultzatzeko bideak sustatuz.

Hirigunetik kanpo kokatu du ARTgia Lekuek, Jose Lejarreta kalean. Tokia ere nahita aukeratu du: «Non jarri dudan aldarrikatzen dut, artea eta kultura auzoetara ere eraman behar direlako».

Proiektuaren beste ardatzetako bat euskara izango da. «Osagai aktiboa izango da ARTgia sorkuntza plastiko eta bisuala euskaraz sustatzeko, artetik eta Gasteiztik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.