Txapel klasikoa, gaurkotuta

Euskal Herriko txapel tradizionala galtzear dela jabetuta, Tolosako Elosegi txapel enpresak modelo berri bat kaleratu du: bisera itxura du, gazteak erakartzeko.

Txapel tradizionala eta bisera uztartzen ditu. BERRIA.
Ihintza Elustondo
2016ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Beltza eta borobila. Gainean nahasezina den txortena duela. Horra Euskal Herriko txapel klasikoa. Bertako jantzi tipikoa izateaz harago, Euskal Herriaren identitate marka ere bilakatu da: mundu osoan ezagutzen dituzte euskal herritarrak txapela buruan dutela. Garai batean, diasporara lan bila joan zirenak txapelarekin joaten ziren, zihoazen lekura zihoazela, nortasunari sekula ere uko egin gabe. «Txapela buruan eta ibili munduan», dio esaerak. Baina tradizioa tradizio izan ohi da askotan, eta, iraganaren zamak eraginda, gero eta gutxiago ikusten dira halakoak kalean.

Mito bat galtzear dela ohartuak dira Tolosako Elosegi txapel fabrikan (Gipuzkoa). Hango salmenta arduraduna da Ander Astigarraga, eta belaunaldi berriek txapela janzteko ohiturarik ez izateak kezkatzen du: «Pixkanaka, ikusi dugu txapelak lekua galdu duela; jendeari kostatu egiten zaio janztea». Mota guztietako biserak eta txanoak eramaten dituzte gazteek buruab, baina tradiziozko txapela zaharren kontu bat balitz bezala ikusten dute. «Nahi gabe, mundu guztiak aitonekin lotu du txapela,eta belaunaldi gazteek ez dute lekukorik hartu. Aitonek bakarrik janzten dute egun». Egoera hori ikusita, gazteak erakartzeko modelo berri bat kaleratu du enpresak: tradizioko txapela eta bisera uztartzen dituena.

Duela 160 urte hasi ziren Elosegi fabrikan txapelak ekoizten. Urte asko pasatu diren arren, denbora tarte horretan ez du inolako aldaketarik izan tradiziozko txapelak. Dena den, joan den urtean moldaketa bat egitera animatu ziren. Jendeak gero eta gutxiago erabiltzen duela eta, txapelaren erabilera berreskuratzea jomuga duen ideia bat izan zuten: hark dituen berezitasunei eutsi nahi izan diete, baina, era berean,bisera itxura eman diote, mota horretako txapelak egun gazteek asko erabiltzen dituztela ohartuta. «Tradizioko txapel batetik abiatuta, bisera bat josi dugu. Txortena du, hori baita txapelaren bereizgarri nagusia. Tradiziozko txapela dirudi, baina bisera itxura ere badu». Berrikuntza bat da, baina hasieratik jarraitzen dituzten eskulan prozesu berberak jarraitu dituzte ekoizteko.

Identifikazio arazoa

Bi gauza lotu dituzte: batetik, moda, biseraren bidez; eta, bestetik, tradizioa, txapelaren bidez. «Bohemioa eta modernoa» da, aldi berean. Bestelako txapelak erabiltzera ohituta dauden gazteak erakartzea da helburua. Astigarragaren iritziz, ohiturak bizirik iraungo badu, haiengana iritsi beharra dago. Behin hasita, uste du pixkanaka hedatuko litzatekeela joera haien artean. «Begira horrek zer txapel duen, eta nik, zergatik ez dut jantziko?».

Duela urte batzuk adin askotako jendeak janzten zuen txapela. «Gazte-gazteek agian ez, baina 30 urtetik gora, edozeinek eraman ohi zuen». Egun, adin horrek asko egin du gora, «identifikazio arazo bat egon delako». Zaharrekin lotu da txapela, eta horrek «min handia» egin dio ohiturari. Horrez gain, komedianteek ere egin diote kalte txapelaren erabilerari, Astigarragaren arabera: «Umoristek baldarrarena egiteko jantzi izan dute txapela». Baina, haren arabera, edozein adinetako edozein pertsonak jantz dezake txapela. Baita emakumeek ere. Ohituraz txapela gizonezkoek jantzi izan duten arren, emakumeak ere badira produktuaren bezero potentzialen artean. Gustu guztietarako aniztasuna izan dadin, kolore askotako txapelak sortu dituzte.

Moda jarraitu daiteke atera berri duten txapela eramanda, Astigarragaren iritziz. «Moda femeninoan, batez ere, txapela arrakasta izaten ari da. Une hau aprobetxatu nahi dugu haren erabilera berreskuratzeko». Ez daude bi modu berdin txapela janzteko. Berezitasun hori du: amaiezinak direla txapel bat janzteko moduak. «Kalean arreta jartzen badugu, ikusiko dugu bakoitzak modu batera eramaten duela. Bere fisionomiaren arabera, gustuen arabera, alde batera, bestera, aurrera, atzera, ilea tapatuta, bistan... Izaera ezberdina ematen dio txapelak pertsonari. Hori da lortu nahi duguna».

Egungo joerei jarraitzeaz gain, baditu bestelako bertuteak txapelak: «Asko berotzen du, euritik eta hotzetik babesten du, eta, gainera, ehuneko ehun naturala denez —artile hutsa da—, oso ondo oxigenatzen da burua, eta tenperatura erregulatzen du».

Mundu zabalean ezaguna da Euskal Herriko txapela. Eta produktu berritzaile hori ere mundu osoan saltzen saiatuko dira: Latinoamerikan, Japonian... Nahiz eta jakin erraza ez dagoela kontua. «Euskal kulturari oso lotuta dago txapela, oso gurea da, eta gustatuko litzaiguke berreskuratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.