Borroken erakusleihoa

Baionako Patxoki ostatuak 30 urte bete ditu, eta gaur ospatuko dute. Patxa gazte kolektiboak ireki zuen, Baionako bestak baino lehen. Talde askoren bilgune izan zen, eta halaxe da egun ere.

Mattin Ihidope eta Barth Camedescasse, Patxoki kudeatzen duen Bizi mugimenduko kideak. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Baiona
2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Garai mugitu batean ireki zuten Patxoki ostatua, Baiona Ttipiko Tonneliers kalean. 1987. urtea zen, eta giro mugitu horren gerizpe bihurtu zen. 30 urte pasatu dira ordutik.

Patxa gazte kolektiboak errentan hartu zuen Patxoki lokala, «leku finko bat edukitzeko eta jarduerak mehatxurik gabe egin ahal izateko», Hartzea Lopez Patxa mugimenduko kide ohiak gogoratu duenez. Okupazio saiakera batzuen ondotik, Baionan gaztetxe batzuk ireki ziren, baina Poliziak arin itxi zituen. Orduan ikusi zuten Patxakoek garaje bat alokatzeko aukera. Baionako bestak baino lehen hartu zuten lokal hori, eta besta alternatiboen inguruan hain ezaguna egin den Besta bai, borroka ere bai kanpaina egin zuten.

1980ko hamarkada horretan gazte kolektibo gutxi zeuden. Patxaren aurretik, Laguntza izeneko talde bat bazen, 1970eko hamarkadan abertzale borrokari antikapitalismoa, feminismoa eta bestelakoak ekarriz. Patxa 1986an sortu zen, Lopezek gogora ekarri duenez: «Ikastolako tropa bat sartu ginen Patxan. Giro nahasian ibiltzen ginen, errefuxiatuen seme-alabak, Iparretarrak-ekoenak... Patxa sortu zenean esparru bat bazegoen, eta horrek ere Euskal Rock Erradikalaren inguruan batzen zen gazteria bat erakarri zuen. Horrez gain, ukitu libertario bat izango zuen espazio baten bila joaten zen jende bat ere bazen. Horrek erakartze handi bat zuen, eta hortik sortu ziren hainbat kanpaina, batzorde eta dinamika».

GALen garai ilunak ziren haietan, Patxoki oasis moduko bat zen, toki erreferente bat bilakatu zena denborarekin. Patxaren lokala izanagatik, talde askoren bilgune izan da: errepresioaren kontrako taldea, talde feminista, talde antifaxista, ikasleen batzordea eta beste hainbat talde biltzen ziren. Bakoitza bere esparruan, baina denek elkarri eraginez, era berean.

Patxokin talde desberdinen hainbat kanpaina pentsatu, landu eta karrikaratu dira. Bortxaketen kontrako kanpainak, kanpaina antimilitaristak, intsumisioaren aldekoak... Informazio zentro moduko bat ere izan dela kontatu du Lopezek: «Kanpoko jendearentzat, hala nola Frantziako Estatuko hainbat kolektiborentzat, Euskal Herria eta Euskal Herriko borrokak ezagutzeko gunea izan da».

Patxokin ibiltzen zen jendea hastapen batean anarko-abertzale gisa klasifikatua bazen ere, abertzalea ez zen jendearentzako sarrera izan da, «hor egon den giroagatik edo proposatu diren egitarauengatik». Horrez gain, Ipar eta Hego Euskal Herriko jende eta gazteen arteko lotura egin du Patxokik.

Ipar Euskal Herriko testuingurua aldatuz joan zen heinean, Patxoki ere aldatuz joan zen, Lopezen hitzetan: «Garai hartan Baiona erdigune bat zen, mobilizazio gehienak hor gertatzen ziren, jendea espresuki Baionara etortzen zen, bereziki asteburuetan, hor aurkituko zuelako bilatzen zuen giroa. Hori pixkanaka herrietan garatuz joan zen, gaztetxeak, tabernak eta dinamikak lokalki errotuz joan ziren. Patxoki moduko hainbat leku irekiz joan ziren pixkanaka. Hori horrela, Patxokik zerbait galdu badu, Ipar Euskal Herriak zerbait irabazi duelako galdu du; halako dinamikak garatzeko espazioak ireki dira».

Gaur egun ere, bide beretik

Orain dela bost urtetik, Bizi mugimenduak kudeatzen du Patxoki, eta hastapenetik lekuak berak zuen funtzioa betetzen jarraitzea izan da talde ekologistaren nahia.

Funtzio hori alor askotan da bera orain 30 urte eta gaur egun: talde askoren bilgune da, abertzale eta ez-abertzaleak biltzen ditu, kanpainak antolatzen dira...

Baionako bestetan izan duen eta oraindik duen garrantzia nabarmendu du Mattin Ihidope Biziko kideak: «Patxokik besta eredu desberdin bat badela erakutsi du. Jendea honat heltzen delarik, lasaitasunez heltzen da, errespetuz besta egiteko leku batean sentitzen da, jokamolde sexistak, arrazistak... berehala baztertzen dira, arnasgune bat da».

Gaur egun, urteko egun jakinetan irekitzen da Patxoki, egiten diren kanpainez gain: urtats gauean, Pintxo Egunean, Musikaren Bestan, Baionako bestetan, maiatzaren 1ean eta Xingar Egunean. Hain justu, Pintxo Eguna nabarmendu du Ihidopek: «Patxokik ukitzen ez duen publiko bat ukitzen duelako hasi ginen parte hartzen. Egun horretan Patxokik balio pedagogiko ikaragarria du. 'Zer dira argazki hauek? Zergatik dago hori arabiarrez idatzia?', galdetzen du jendeak. Baionarrak etorri izan zaizkigu erranez Patxoki ordura arte ez zutela ezagutu ere egiten». Garaian garaiko borroken erakusleiho txiki bat dela esan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.