Albistea entzun

Jarraitu kaskabiloari

Itsuei kalean autonomiaz ibiltzen laguntzeko, satelite bidezko nabigazio sistema bat garatu du Europako enpresa talde batek, Donostiako Vicomtech-IK4 buru.
Zuriñe de Anzola erabateko itsua, <em>Argus</em> nabigazio sistemarekin zebra bidea igarotzen, Gipuzkoako Teknologia Parkean.
Zuriñe de Anzola erabateko itsua, Argus nabigazio sistemarekin zebra bidea igarotzen, Gipuzkoako Teknologia Parkean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2015eko urtarrilak 17 - Donostia

Izugarria da, guztiz erreala», dio Zuriñe de Anzolak. Erabat itsua da emakumea, eta ikusmen arazoak dituztenentzat Donostian garaturiko nabigazio sistema bat probatu du, Gipuzkoako Parke Teknologikoan. Sistema erakusteko, entzungailuak jantzi ditu, eta kalean gora abiatu da. Itsu-makila darama, gailuak aurreikus ezin ditzakeen oztopoak antzemateko, baina soinuek gidatzen dute. Kanpaitxo eta marinba hotsek ezkerretara edo eskuinera joan behar duen esaten diote, eta danbor batek ondo doala eta aurrera jarraitzeko. «Zure gorputza trebatzen duzu soinuari obeditzeko, eta non biratu behar duzun ikusiko bazenu bezala da».

Apustu «arriskutsua» zen. Itsuek edo ikusmen urria dutenek sistema arbuiatuko ote zuten beldur ziren Oihana Otaegi eta Eduardo Carrasco ingeniariak. Otaegi Vicomtech-IK4 enpresako Ingeniaritza Saileko zuzendaria da, eta Carrasco ikertzailearekin garatu du itsuentzako sistema. «Ikusteko zailtasuna dutenei mugitzeko segurtasuna eman nahi izan diegu», dio Jauregik, «ezin izaten dutelako jakin zein ibilbide jarraitu behar duten leku batera heltzeko».

Argus du izena sistemak, eta Europako egitasmo bat da. Greziako mitologian, ehun begiko erraldoia da Argus Panoptes, eta argonauten Argos ontziaren egileak ere Argus du izena, hortik nabigazioarekiko lotura. Vicomtecht-IK4k zuzendu du elkarlanean aritu den enpresa taldea eta Euskal Herriko, Alemania, Austria, Espainia eta Erresuma Batuko ikertzaileak. Besteak beste, Siemensekin aritu dira.

'Tormesko itsumutila'

Carrasco ikertzaileak kontatzen duenez, teknologia aurreratuko sistema hori sortzeko ideia XVI. mendeko eleberri batetik atera zuten. Izan ere, Tormesko itsumutila nobelan, kaskabilo bat lotzen diote mutiko protagonistari, itsuak soinuari jarrai diezaion, eskutik heltzeko beharrik gabe.

Musika estereo sistemarekin grabatzen dutenean, gitarra, ahotsa edo bestelako tresnak eskuinerago edo ezkerrerago dauden irudipena sor daiteke, eta espazio ilusio hori helarazi gero entzuleari. Estereofonia arrunt hori erabiltzen dute Argus sisteman, itsuei esateko non biratu behar duten eskuinera edo ezkerrera, eta nondik jarraitu behar duten zuzen.

Argusen berrikuntza nagusia horretan datza. Orain arteko sistemek hitzezko aginduak ematen dizkiete itsuei. Soinuak erabilita, ordea, hizkuntza arazoak saihesteaz gain, «askoz modu naturalago eta zehatzago batez» gida daitezke itsuak, Otaegiren arabera.

Entzungailu arruntekin erabil daiteke sistema, baina erabat itsu direnekin, garatzaileek nahiago dute erabili soinua kaskezurretik transmititzen duten entzungailuak, horiek belarriak libre uzten dizkietelako, kanpoko soinuak oztoporik gabe entzuteko. «Hori ezinbestekoa da, itsuen segurtasuna ziurtatzeko», dio Carrascok.

Argus sakelako batekin erabil daiteke, telefonoaren GPS gailuarekin, edo, merkatuan dauden beste gailu zehatzagoekin; mendizaleek erabiltzen dituztenak, esaterako. «Ahalik eta aukera gehien eman nahi izan ditugu», azaldu du Otaegik. Horrez gain, zehaztasun handiagoko gailu propioa sortu dute Argus egitasmoaren barruan, GPSz gain, Europako Galileo zein beste kokapen sistemak uztartzen dituena.

Sare soziala

Itsuentzako eta itsuekin egin dute lan. Hasieratik aritu dira lanean horietako 110 baino gehiagorekin, probak egiten. Izan ere, itsuak protagonista izango dira egitasmoan, ez erabiltzaile hutsak. Geolokalizaziorako gailua eta aplikazioa Argus sistemaren bi hankak badira, sare soziala da hirugarrena. Interneteko plataforma bat eratu dute garatzaileek, itsuek ibilbideak eta informazioa parteka dezaten. Erabiltzaile batek aukera izango du berak eginiko ibilbide bat plataformara igotzeko, eta, Argus sare sozialaren bidez, besteei jakinarazteko, haiek ere ibilbidea erabil dezaten. Denen artean, hiri eta landa eremuetako ibilbideen maparik trinkoena osatzea da helburua.

Kanpoan direnean itsuak edonoiz galde diezaioke sistemari non dagoen, zenbat denbora beharko duen helmugara heltzeko, edo, ustekabeko oztoporen bat aurkituz gero, beste ibilbide bat kalkulatuko dio. Erabiltzaileak puntu interesgarriak marka ditzake, denda bat edo oztopo bat, eta besteei ere agertuko zaizkie ibilbide horretan. «Komunitate bat sortu nahi dugu» dio Carrascok, «denon artean sistemak askoz indar handiagoa hartuko duelako». Itsuei mesedea egiteaz gain, sistema erreskate lanetan ere erabil daitekeela uste dute garatzaileek, ikusteko arazoak daudenean. Android sistema eragilearekin erabil daiteke sakelarako bertsioa (Appleren iPhonerako bertsioa prestatzen ari dira), eta GooglePlay dendan dago jaisteko: doako bertsio sinplea dago, zein ordainpekoa.

Zuriñe de Anzolak zebra bidea gurutzatu berri du, soinuari jarraika. Nabigazio sistema, itsu-makila edo zakurraren artean aukeratu beharko balu, ez du zalantzarik: «Zakurra eta aplikazioa».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo Otamendi (Berria), Jose Miguel Santamaria (El Correo), Iñaki Soto (Gara) eta David Taberna (El Diario Vasco) ©Kazetarien Euskal Ekargoa

‘El Correo’, ‘El Diario Vasco’, ‘Gara’ eta BERRIAko zuzendariek kazetaritza goratu dute

Urtzi Urkizu

Lau egunkari horietako zuzendariak Guardian (Araba) elkartu dira, Kazetarien Euskal Elkargoak gonbidatuta.

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Uliak aukerak ditu jende guztiarentzat»

Jakes Goikoetxea

Donostiako Ulia mendiko interpretazio zentroak hamar urte beteko ditu uztailean. Ezezaguna da oraindik ere donostiar askorentzat, baina jendea gero eta gehiago joaten dela uste du Orkolagak.
Anubis zaldi arabiarra, aurtengo edertasun lehiaketa batean. Lau aldiz gailendu da azken hiru hilabeteotan Galizian jokatutako txapelketetan. ©BERRIA

Abarizketako zaldi arabiarra

Enekoitz Telleria Sarriegi

Aritz Aranburu beasaindarraren Anubis zaldiak hainbat edertasun sari irabazi ditu. Abarizketa baserrian zaindu eta aterpetzen dute. Arraza bereko beste lau zaldi ere badituzte han.

Oberena

Enrique Maia Iruñeko peñen pankarten erdigunean

Iker Tubia

Karrika «berreskuratzeko» eta eraso sexistarik ez onartzeko dei egin du Iruñeko Peñen Federazioak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...