Orgak erakusteko eguna

Gaur egingo dute Baztandarren Biltzarra, Elizondon.Uholdeek markatutako biltzarra izan arren, egitarau oparoa prestatu dute

Baztandarrek herriko pasarteak islatzen dituzte Baztandarren Biltzarreko orga desfilean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Heldu da baztandarrak batzeko eguna, bailarako hamabost herriak festa giroan elkartzeko aitzakia: Baztandarren Biltzarra. Gaur egingo dute 51. jaia, Elizondon (Nafarroa). Ez da faltako ongi pasatzeko aukerarik: artisauen merkatua, orga lehiaketa eta herri bazkaria antolatu dituzte, besteak beste. Uholdeek inguruan kalte larriak egin ostean, arnasa hartzeko beta emango die ospakizunak hangoei. Leloa: Baztanen eskuaraz barra-barra. Izan ere, herrien adiskidetasuna ez ezik, euskara da festaren ardatz.

Goizaldean hasiko dute egitaraua: 10:00etan, eskulangileen merkatua muntatuko dute plazan. Ekitaldi garrantzitsuena, baina, 11:00etan izango da: orga lehiaketa. Herri bakoitzak tokian tokiko errealitatearekin lotutako karroza bat prestatu du, eta gaur aterako dituzte kaleetara, kalejiran. Horren ostean, mutil dantza mistoa egingo dute; eta, hori bukatu eta gero, herri bazkariaren txanda helduko da. Bazkalondoan ere dantzarako aukera izango dute bertaratutakoek. 16:00etan, tonbolako zozketa egingo dute; ondoren, Trikidantzek joko du Laxoko frontoian. Eguna bukatzeko, Laiotz taldea igoko da oholtzara.

Herritik eta herriarentzat

Herriak egiten du Baztandarren Biltzarra; herriarentzat, gainera. Eta, horregatik, bada garrantzi berezia daukan elementu bat: auzolana. Herri bazkaria, esaterako, herritarren artean prestatzen dute, eta antolatzaileek azpimarratu dute urtero «oso ongi» ateratzen dela. Alvaro Garde da bazkariaren arduraduna, eta mahaiaren bueltan dena ezin hobeki ateratzeko prestakuntza lanetan dabil. «Oraingoz, 1.250 txartel saldu ditugu, baina 1.500 inguru izatea espero dugu». Eguraldia da aulki gehiago betetzeko faktore erabakigarria. «Azkenean, eguraldia gauza handia da. Badaezpada ere, ohi ez bezala, aurten frontoian eginen dugu bazkaria», adierazi du.

Baztango gazteek dute zerbitzatzeko ardura. Gardek esker hitzak baino ez ditu haientzat: «Nerabeek zerbitzatzen dute, 13 eta 18 urte artekoek. Lan handia egiten dute; aurten, 80 laguntzaile inguruk eman du izena». Urak hartutako bailarak «sekula baino gehiago» behar du festa, haren ustetan. «Inoiz baino ilusio handiagoarekin hartuko dugu».

Bazkariaz gain, orgak ere denen artean egiten dituzte. Oihana Retegi antolatzailearen zeregin nagusia da, hain zuzen ere, desfilean ezustekorik ez izatea. Haren hitzetan, aurreko desfileetan baino orga gutxiago erakutsiko dituzte gaur. «Uholdeen ondorioz, herriak geroago hasi dira orgak prestatzen; beraz, aurten hamabost baino ez dira izanen». Gutxiago izanda ere «gai anitz» landuko dituztela uste du Retegik: «Lekarozkoek eskola nahi dutela nabarmenduko dute; beste herri batzuetako herritarrek, berriz, lehengo ofizioak ekarriko dituzte gogora, belarra edo baserriko lanak nola egiten zituzten, kasurako; eta beste batzuek inkisizio eta frankismo garaiko pasarteak antzeztuko dituzte».

«Arras berezia» da festa, Retegiren aburuz. Argi dauka zergatik, gainera: «Baztandarren Biltzarreko xarma ez dagoelako beste edozein herritan!». Dioenez, Baztango historiari egiten diote gorazarre, eta horregatik da horren garrantzitsua hangoentzat. Hala ere, baztandarrak gustura sentitzeko elementu guztiak baditu ere, Euskal Herriko gainontzeko herritarrentzat ere badute tokia, eta hara joateko gonbita egin diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.