Gurpil bikoa aitzakia hartuta

Ethiopia Cycling Academy sortu du Mikel Gurrutxagak Ner Groupekin batera. Proiektu soziala da, Etiopiako txirrindulariei laguntzeko erronka du, besteak beste.

Etiopiako bost txirrindulari Idiazabalen dira, euren entrenatzailearekin batera. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Idiazabal
2015eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
I diazabalgo Udalak utzi dien etxean dira, azkeneko solairuan, Mikel Gurrutxaga txirrindulari amateurra eta Etiopiatik etorritako txirrindulariak. Sartu eta berehala, egongelan daude batzuk elkarren aurrean eserita. Sukaldean, beste bi txirrindulari: euren artean Hailemelekot Hailu. Sukaldean diren bi txirrindulariak bazkaria prestatzen ari dira Angel Gomezekin, etxeko arduradunarekin.

Duela lau urte hasi zen Mikel Gurrutxaga Afrikan laguntzen. Garai hartan ospitale bat eta eskola bat eraikitzeko proiektuetan parte hartu zuen. Kirolaria izanik, ordea, kirolari berari lotutako zerbait egiteko beharra sentitu zuen: «Ospitaleak eta eskolak garrantzitsuak dira, baina, baita kirola ere».

Hailurekin Facebook bidez aurreneko aldiz harremanetan jarri zenean sortu zitzaion horretarako aukera: «Gomendioak eta laguntza eskatu zizkidan, eta gero, Etiopiara gonbidatu gintuen. Gabonetan joan ginen hara bospasei motxila bete arroparekin. Han hamabi egunez egon, eta txirrindulariak nola bizi diren ikusi genuen. Lasterketa batzuk, eta nola entrenatzen diren ere bai». Haimelekot Hailuk esan digunaren arabera, asko dira txirrindulariak Etiopian, «baina ez dute aurrera egiteko inolako baliabiderik».

Hala ere, ez da Hailurena etiopiar batek bizi dezakeen egoerarik latzena. Klub batek jarritako etxean bizi da, Euskal Herrira hiru hilabeteko egonaldia egitera etorri diren beste lau txirrindulariak, Temesgen Buru, Goytom Biru, Kbrom Hailay Giday eta Getachew Atsbha, eta entrenatzailea, Nuguse Abreha, bezala. Guztira, hemezortzi lagun bizi diraetxe horretan. Klubak jatekoa eta lo egiteko lekua eskaintzen dizkie. «Normalean, udalak utzitako mendiko bizikletekin asteburuetan antolatzen diren lasterketetan parte hartzea da egoera horretara heltzeko modua». lasterketa horietan, 11-12 urte bitarteko haurrak aritzen dira, eta klubek gailentzen direnei aukera hori ematen diete. «Baina klubetan bertan ere ez dute entrenatzeko sistemarik, eta darabilten materiala oso zaharra da», argitu du Gurrutxagak.

Hori aldatzen hasteko pausoak eman nahi dituzte proiektu honekin, Etiopian pertsona batek eguneroko ogia irabazteko dituen aukerak ez baitira asko: «Unibertsitatera joanez gero, baliteke gero lana topatzea, edo, atletismoan onenetarikoa izanda, hori izan liteke irtenbideetako bat. Bestela, nekazaritzan aritzen da jende gehiena, pobrezia handian bizi diren herri txikietan». Txirrindularitza izan daiteke beste irtenbideetako bat. «Hori da geuk sustatu nahi duguna».

Ner Group gobernuz kanpoko erakundeari esker igaro ditzake bere lan orduak Gurrutxagak etiopiarrekin.

Roletan ere aldaketa

Txirrindulariek entrenatzen ikastea litzateke proiektuaren helburuetako bat; ez, ordea, bakarra. «Askoz gehiago dela» esan du etxeko arduradunak, «horretan soilik tematuko bagina, oker arituko ginateke». Dioenez, gustatuko litzaioke txirrindulari gazte hauek txirrindularitzatik bizi ahal izatea euren herrialdera itzuli ostean, baina euren helburuaren ardatza ez omen da hori.

Txirrindularien eguna gosariarekin hasten da, sukaldean. «Etiopian, emakumeak soilik aritzen dira sukaldean, gizonek jatekoa prestatzea gaizki ikusita dago eta». Hemen, berriz, txandaka bi txirrindulari aritzen dira janaria prestatzen ikasten, astero. «Berdin egiten dugu garbigailuarekin, arropak tolesteko lanetan, edo beste edozein betebeharrekin... Beren buruarekin aski izaten ikas dezaten nahiko genuke».

Entrenatzeaz eta eguneroko beharren gaineko kontuez ikasteaz gain, hizkuntzak eta informatika ikasteko ere hartzen dute astia: «Erakundeko boluntarioek ingelesa, gaztelera eta informatika irakasten diete arratsaldeetan txirrindulariei». Fisikoki gaitasun handiko pertsonak izateaz gain, Gurrutxagaren arabera,«beste edozer ikasten ere izugarri abilak dira, bizi izan dituzten egoera gogorrek behartuta».

Hailuk dioenez, etorri zenetik hona dagoeneko nabari du aldea lasterketetan. «Askoz hobe» dabil orain. «Baina ikasteko asko dut oraindik» dio.

Azpimarratu nahi izan du «irrikan» dagoela itzulitakoan bere kideei hemen jasotakoa irakasteko. «Baita sukaldean laguntzeko ere. Ikasi dudan guztia, dela txirrindularitzan, zein beste arlotan praktikan jarri nahi dut aurrerantzean ere».

Idiazabalgo herritarren inguruan ere ongi mintzo da Afrikako txirrindularia. Jendeak etengabe motibatzen dituela dio, eta oso harrera ona izan dutela euren artean. Hemengoek ere jaso dute ezer etiopiarrengandik. Angel Gomez pozik da horrexegatik, eta Mikel Gurrutxaga ere ados da haren hitzekin: «Geuk ere asko ikasi dugu: elkarbanatzen, janaria edonola ez botatzen, maitasuna elkarri azaltzen... Hizkuntza muga denean ere, komunikatzeko beste bide batzuk badirela ikusi dugu haiei esker. Oso aberasgarria izaten ari da». Lortu dute «imajinaezina» zitzaiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.