Lehen hamar gazten artean

Aste honetan Londresen egin duten munduko gazta onenaren sariketan zazpigarren egin du Urdazubiko Bengotxea gaztak; saria beren lana zabaltzeko erabili nahi dute gaztagileek.

Araitz Muguruza.
2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Alabari sakelakora bidalitako mezu baten bidez jakin zuten Maribel Lastiri eta Manuel Bengotxea gaztagileek munduko gazta onenen artean zazpigarrena zela beren Bengotxea gazta. Idiazabalgo gaztaren sor-marka darama. «Ezin sinetsita geunden; amets bat zela uste genuen», kontatu du pozik Lastirik. Izan ere, urte osoan egiten duten lana aitortzeko modu bat da saria. Hasiera batean, hala ere, ez zioten «berebiziko» garrantzia eman. «Berria eman ondotik handik eta hemendik zoriontzen hasi zaizkigularik ikusi dugu bazela zerbait inportantea, eta harritu gaitu guri eman izana». Sariari esker lehendik sona zuen gaztari indar handiagoa emango diotela espero du Urdazubiko (Nafarroa) Etxelekua baserriko sendiak.

33 jatorritako 2.600 gaztaren artean lortu du zazpigarren tokia Bengotxea gaztak. Ez da Bengotxea eta Lastiri senar-emazteek egiten duten ardi latxa gazta bakarra, Etxelekua baserriaren izen bereko beste gazta bat ere egiten baitute. Hura ere saritu dute; lehenengo 50 gazten artean sartu da. Lastirik gogoratu du hura sariketara aurkeztu zuten lehenengo aldia zela. Beren marka propioa da, hau da, ez dago Idiazabalgo gaztaren jatorri izenaren barruan. Nahiz eta aurkeztutako bi gaztek sari bana irabazi, Etxelekuko sendia ez zen Londresen izan. «Areago, pentsatu ere ez genuen egin», nabarmendu du Lastirik.

Munduko gaztarik onenetarikoak egiteko sekreturik ba ote duten galdetuta, honako hau erantzun du Lastirik: «Guk ez dugu deus berezirik egin; gure lana ahalik eta ongien egiten ahalegindu gara». Sarietan pentsatzeko beta handirik gabe aritzen dira lanean, egunero-egunero, jaiegunak libratzeko astirik gabe. «Gure lanean ez dira orduak kontatu behar; ez gara beste gauzei begira izaten, eta gutxiago sariei».

Familian aritzen dira artzaintzan eta gaztagintzan: Maribel Lastiri eta Manuel Bengotxea senar-emazteak, eta bien seme-alabak, Xabier eta Ana Mari Bengotxea. Lastiri alabarekin gehienbat gaztagintzan aritzen da, eta senarra eta semea, berriz, ardiekin. Lanak banatuta eduki arren askotan nahastu egiten dituztela dio Lastirik. «Beharraren arabera egokitu egiten dugu gure lana, beraz, elkar lagunduz aritzen gara lanean». Ardi latxaren esnearekin ez ezik, behi esnearekin egiten dute beste gazta bat, eta horrek ere Etxelekua izena du. Alboko baserriko behien esnea erabiltzen dute horretarako.

Gehiagotan sarituak

Aurrez ere aurkeztu izan dituzte gaztak Munduko Gaztaren sariketara, baita emaitza onak lortu ere. 2011n urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak irabazi zituzten, Birminghamen (Erresuma Batua) egin zen sariketan. 2009ko edizioa, berriz, Kanaria uharteetan (Espainia) egin zuten, eta urrezko domina jaso zuen Bengotxea gaztak orduko horretan. Han izan zen Lastiri, eta oso oroitzapen ederrak dituela nabarmendu du. «Ikaragarria izan zen; mundu osoko gaztak zeuden ikusgai, dotore-dotore. Ikustekoa da elkarren artean zein desberdinak diren». Ez zuten, baina, horiek dastatzeko aukera handirik izan: «Dastatzaileen lana zen hura, ez gurea, eta gutxi probatu genuen».

Nazioarteko gazten sariketa den aldetik, mota askotako gaztak aurkezten dira. Gazta mota bat baino gehiago egiten duten ekoizleek nahi beste aurkez ditzakete. Dastatzen aritzen direnek ez dituzte kategoriatan banatzen, denak probatu eta puntuatzen dituzte. Kopuruaren arabera, domina bat edo beste ematen diete gaztei. Azken fasera iristen dira onenak, eta erabakitzen dute azken emaitza.

Ospakizunetarako tarte txikiarekin dabil Bengotxea-Lastiri familia. Orain dator eurentzako garairik gogorrena: negua. Arkumeak jaiotzen diren garaia izaki, ardiei erditzean lagundu egin behar izaten diete. «Dagoeneko hasi dira jaiotzen, eta, hemendik aurrera, ardiek aginduko digute», gehitu du Lastirik irribarrez. Etxe inguruko zelaietan izaten dituzte ardiak, neguan; eta udan, ez dituzte askoz urrunago eramaten, Zugarramurdi ingurura.

Sariaren berri izan zutenetik komunikabideen dei asko izan dituzte Etxelekun. Eskertzen die horregatik, beren lana zabaltzeko balio dezakeelako. «Gure lana ezagutarazteko balio badu, pozik hartuko nituzke honelako sariak». Salmentetan ere aldea nabaritzea espero du. «Hori da sarien beste alde ona, izena ematen diola egiten dugunari, eta marketinerako aukera». Eskari asko izaten dituztela dio Lastirik. Euskal herritarrenak eta atzerritarrenak. Internet bidez ere eros daitezke Bengotxea eta Etxelekua gaztak; salmenten gehiengoa, hala ere, erosleekin aurrez aurre egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.