Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka

Soinuaren sentimendua

Juanito Garate 'Maltzeta' trikitilariari buruzko biografia bat idatzi du Juan Luis Zabala idazleak

Zabaleta eta Maltzeta, ezkontza batean. EHTE.
Inigo Astiz
Durango
2012ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Ona zen teknikoki, eta ona zen pieza propioak eta hitzak sortzen ere. Musikari osoa. Baina Juanito Garate Maltzeta trikitilariak (Azkoitia, 1924-Hondarribia, 2006) bazuen beste zerbait, eta neurtzen zailagoa izan arren, hori da Juanito Garate Maltzeta trikitilariaren lanaz nabarmendu dutena: sentimendua. «Oso gizon sentimentala zen, eta bere abesti guztietan dago sentimenduen agerpen bat; oso primarioa da agian, baina hor dago guztietan». Juan Luis Zabala BERRIAko kazetari eta idazlearena da deskribapena. Hark idatzi du Maltzetari buruzko biografia: Maltzeta, soinu bete bihotz. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak kaleratu du lana.

Erreferentziazko postua aitortzen dio Zabalak Maltzetari. «Trikitilari osoa izan zen, trikitiaren garairik osoenean». Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zen Maltzeta, Urrategi bailarako Maltzeta Etxetxo baserrian, eta horregatik jaso zuen ezizena. Aski ezaguna egin zen gerora, plazaz plaza hasi zenean. «Francoren ilunpean erromeriak izan ziren euskal kulturaren eta sentimenduaren ardatz nagusietariko bat, eta Maltzeta izan zen punta-puntako erreferentzietako bat».

Ez da gorabehera handiko biografia trikitilariarena. Zabalak dioenez, gizon fina izan baitzen; «finegia ere bai, Joakin Errasti Epelarre trikikitilariak liburuan dioenez». Eskandalu eta zarata handirik ez, beraz, hari buruzko orrietan, baina horrek ez du esan nahi plaza gizona ez zenik. «Bere lanbidearen parte gisa bizi zuen giro hartan egotea. Bazekien jendearen zerbitzurako egoten. Joaten zen lekuan, eskatzen zitzaiona egiten zuen».

Familiatik zetorkion hein handi batean afizioa. Dultzaineroak zituen aita eta osaba, eta bertsolaria aitona. Dultzaina gehiegi maite ez, ordea, eta soinu bat erosteko tema sartu zitzaion, eta atsedenik ez zuen izan, harik eta bere lehen tresna lortu arte. Gaitz batek baserriko gazatainondoak jo, eta zur hura ikatza egiteko erabili zutenean jasotako diruarekin erosi zuen lehen soinua. Hari esker egin zuen gerora bizimodua. Lehenetarikoa izan zen profesionalizatzen. Plazaz plaza ibili, eta nahikoa sona izan zuen, baina eskolak ere eman zituen. Azkoititik Hondarribira joatean, batez ere.

Beti soinuarekin

Zabalak dioenez, ez zen iltzatuta geratutako artista Maltzeta. Taula gainean urteak egin arren, asmatu egin zuen bere ikuskizuna berritzen. Mari Karmen alabari esker izan zen hori. Hamaika saio egin zituen harekin, eta hiru disko ere grabatu zituzten.

Ikusgarria behar zuen irudiak. Bizi gordetzen dute gogoan, behintzat, ikusi zutenek. Trikitiarekin Maltzeta, panderoarekin Mari Karmen Garate. Bizi biak, eta sentimenduz. Ez zen plaza kontua soilik, soinuarekin gogoratzen du aita Mari Karmen Garatek. «Azken urteetan ere ez naiz oroitzen aitak soinua jotzen ez zuen egun batez, oso gaixo ez bazen behintzat. Eta jotzen ari ez bazen, hitzak idazten ari zen, kantatzen... Trikitia zen bere bizitza».

Biografiaz gainera, 23 kanta dituen CD bat ere badakar liburuak. Agurtzane Elustondo Trikitixa Elkarteako lehendakariaren hitzetan, etxean edo erromerietan grabatutako piezak dira gehienak. Trikitilariaren sormena eta maisutasuna erakusten dute. «Sortzaile handia zen. Harenak dira gaur egun trikitilariok norenak diren ohartu gabe ere jotzen ditugun piezetariko asko, eta benetan handia da hori». Teknikoki ere bere garaiko onenen artean zegoela dio. «Azkar jotzen zuen, bizi, baina beti sentimenduarekin».

Trikitiaren memoria gizarteratzea. Hori da Trikitixa Elkartearen helburuetariko bat, eta horregatik sortu zuten garai bateko trikitilarien bizitza eta historia ezagutarazteko Soinuaren Liburutegia ekimena. Euskal idazleei eskatu diete beti laguntza horretarako, eta bederatzigarren alea da Zabalak Maltzetari buruz idatzitakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.