Hogei urte plazan dantzan

Hogei urte bete dituzte Patxi Perez baionarrak abiatutako dantza pikoek. Plazan, jendearen erdian, dantzako urratsak irakasten aritzen da Perez bere taldearekin.

Publikoaren erdian azaltzen ditu Patxi Perezek urratsak dantza pikoetan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
B adira bi hamarkada dantza pikoek Euskal Herriko plazak hartu zituztela. Musika lagun, publikoaren erdian dagoen gidariak urratsak azaltzen dizkio dantza egin nahi duen orori. Patxi Perez baionarrak ireki zuen bidea, Europako hainbat herritako dantzak ekarri eta bertakoak zabaldu asmoz. Orain, Perez eta Konpaniak disko berria atera du, urteotako ibilbidearekin eta dantza pikoen bilakaerarekin pozik.

Duela hemezortzi urte, Patxi eta Batbiru taldeak Dantza piko izeneko diskoa atera zuen. Europako maparen irudia zeukan, «musikak eta dantzak mugarik ez dutela esateko». Honako testu hau ere bazuen: Espero dut espazio berri bat sortuko dugula dantzarekin. Orain, hogei urte geroago, testu bera daraman diskoa argitaratu du Patxi eta Konpania taldeak, 2005ean Patxi eta Batbiruri lekukoa hartu zionak. Agorila diskoetxeak argitaratu zuen diskoa, eta Europako hainbat herrialdetako dantzak ditu: scottisha, mazurka... Kalakan, Minxoriak eta beste talde batzuen musika hartu eta dantzak bildu dituzte. Bizpahiru abesti berri ere badira azken diskoan, Perezen semeak sortuak.

Dantza pikoen hogeigarren urteurrena ospatzeko, Patxi eta Konpainiak hainbat emanaldi ditu datozen asteetan: Errenterian (Gipuzkoa), Errioxan, Amurrion (Araba), Bilbon, Okzitanian... Perezek mintzaldiak ere emango ditu bertan, eta dantzen historia kontatuko, nondik datozen-eta.

Perezek dio dantza pikoek bilakaera handia izan dutela hogei urteotan. Hastapenetan, dantza bakoitzeko dantza bakoitzeko bost-hamar minutuko ikastaldia ematen zien bertaratutakoei, bizpahiru orduko dantza saioak egin ahal izateko. Denborarekin, jendeak urratsak ikasi ditu, eta Perezek aurreikusten du gero eta presentzia txikiagoa izango duela; laster, bere burua oholtzan ikusten du, mutxikoen urratsak esaten soilik.

Perezek ez du maite dantza irakasle edo animatzaile titulua. Frantsesezko metteur hitza aipatzen du, dantza emaile, nolabait esatearren. Perezek Europako hainbat herritako dantzen urratsak azaltzen ditu plazan, baita Euskal Herrikoenak ere; mutxikoak gidatzen ere aritzen da. Bat-batekotasunetik ere badu, ordea, bere lanak; izan ere, momentuan bertan zehazten du kantu sorta: «musikariek ere ez dakite». Tokiaren, jendearen eta giroaren arabera aukeratzen du hurrengo abestia, eta, horregatik, hondartzan margotzearekin alderatzen du dantza pikoa: «beti ezberdina da».

Euskal Herri osoan ibili da Perez bere taldeekin dantza pikoen saioak eskaintzen: «orain Euskal Herriko geografia biziki ontsa ezagutzen dut». Perezek dio Hegoaldean ere zabaldu direla Iparraldeko dantzak, jauziak-eta, dantza pikoei esker. «Lehen, zazpi jauziak bakarrik egiten ziren», gogoratzen du. Iparraldean bezala, Hegoaldean ere ugaritu egin dira helduen dantza eskolak. Orain, beste talde batzuek ere hartu dute dantza pikoen ohitura, publikoaren erdian mikroarekin urratsak azaltzen hasi baitira.

Perez ez da dantza berriak sortzearen aldekoa, jendeak sarri eskatu arren; haren ustez, gaurdaino ekarritakoak nahikoak dira euskaldun batek Europan zehar bidaiatu eta dantzatu ahal izateko. Are gehiago: denboraren poderioz, jendeak atzerriko zenbait dantza euskaldunak direla pentsatu izan duela adierazi du: fandangoa, esaterako.

Ofizio berria, mundu berria

5 urte zituela hasi zen Perez dantza eta txistua ikasten, Baionan. Dantza bere bizitzaren parte dela dio, behar duela. Dantza pikoei heldu aurretik, hegazkinak egiten zituzten lantegi batean ibili zen. Egun, dantza du ogibide, eta gustura dabil. Euskararekin alderatzen du Perezek dantza pikoa: euskaldun berria da, eta, euskarak beste mundu bat ireki zion moduan, sentitzen du plazan dantzak gidatzen hasteak ere beste mundu bat ireki diola.

Perezek ez die erromeria edo dantzaldia deitzen dantza pikoei. «Barnealdeko ohitura» batetik dator izena: «Familian, bazkarien, mokaduen, kanten... ondoren, norbaitek esaten zuen 'dantza piko bat', eta guztiak dantzatzen ziren». Gerora, zuberotar baten hiztegian aurkitu zuen frantseserako itzulera: autour de la dance (dantzaren ingurua) eta au tour de la dance (dantzaren momentua). Biek bikain islatzen dute bere jarduna, Perezen hitzetan.

Duela 25 urte, Perez Frantziara joan zen fandangoa irakastera. Euskaldunei irakatsi behar ziela uste zuen, baina ez, bertako jendeari irakatsi behar zion. Zenbaitek dantzak plazetarako ikasten zituela ohartu zen bertan. Beste herrietako dantzak ere ikusi zituen Perezek: Katalunia, Bretainia, Irlanda, Quebec... Eta Euskal Herrira ekartzea bururatu zitzaion orduan. Ez zekien nola irakatsi, ordea.

Folk mundura jo zuen orduan. Hilabetekari batean, Perezek Tapia eta Leturiaren berri izan zuen. Basusarriko (Lapurdi) festetara joan zen taldea 1995-96an, eta Perezek proposatu zien elkarrekin zerbait egitea. 1998an hasi zuten bidea, eta Patxi eta Batbiru taldea ere sortu zuen bere herriko zenbait musikarirekin. Herrietako festak baino astebete lehenago bertara joaten ziren, eta dantzak irakasten zituzten. Aretan (Araba) eta Aian (Gipuzkoa) egin zituzten lehen saio haiek. Hasieran uste ez zuten arren, lehenengo hiru saioetan ikusi zuten posible zela plazan bertan urratsak irakatsi eta dantzatzea.

Ohartzerako, bi hamarkada bete dituzte Frantzian otu eta Euskal Herrian errotutako dantza pikoek. Orain, Perezek uste du gazteen eskuetan dagoela dantzaren etorkizuna: «Gazteak elkartu eta zerbait sortzea bera garaipena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.