Albistea entzun

Erromesentzat ostaturik ez

Donostiara iristen diren erromesentzat gaua pasatzeko lokal bat eskatu du beste behin Donejakue Bideko Lagunen Elkarteak. Udan ez dute non ostatu eman.
Hamar urtez, Donostiako Jakintza ikastolan eman diete ostatu erromesei, baina, aurten, konponketak direla eta, ez da posible izango.
Hamar urtez, Donostiako Jakintza ikastolan eman diete ostatu erromesei, baina, aurten, konponketak direla eta, ez da posible izango. BERRIA

Ihintza Elustondo -

2016ko ekainak 18

Kostaldeko Donejakue bidea egiten ari diren erromesek Donostiara iristean ez dute non lo egin izango uda honetan. Ez, behintzat, Donejakue Bideko Lagunen elkarteak eskainitako zerbitzuetan. Hamar urtez, Jakintza ikastolan ostatu hartu dute uztailean eta abuztuan, baina, eraikineko konponketa batzuk direla eta, aurten hori ez da posible izango. Elkarte horretako Gipuzkoako presidentea da Fernando Imaz 1987tik, eta argi du zer eskatzen duten: «Lokal bat eskatzen dugu, ohe batzuk jartzeko, eta, logikoki, Donejakue bidetik gertu egotea komeni da. Gainontzeko guztiaz gu arduratzen gara; dohainik lan egiten dugu».

Orotara, kalkulatzen dute 6.000 eta 7.000 erromes inguru iritsiko direla udan Donostiara; kultur hiriburutzaren harira, ez baitute aurreko urteetatik jaitsierarik espero. Horien artean, batzuek beren kabuz bilatuko dute ostatua: «Badago jendea nahiago duena pentsio bat edo hotel bat hartzea». Baina, aurreikuspenen arabera, 4.000 lagun inguruk joko dute elkartearen zerbitzuetara. Eta ez dute izango haiei non ostatu eman. «Hiru institutu behintzat badaude ibilbidetik gertu, eta badirudi inork ezin digula lokala utzi bi hilabeterako».

Imazek zer gertatuko den iragarri du: «4.000 pertsona egongo dira udan Donostiako kaleetan lotan. Pentsio bat ez dute 120 euro ordainduko, eta, uztailean eta abuztuan, ez duzu hori baino merkeago ezer aurkituko». Bestela, bideari jarraitu beharko diote Orioraino (Gipuzkoa), eta, horretarako, hamasei kilometro gehiago egin behar dituzte. «Hondartzan geldituko dira, edo diputazioko arkupean; ahal duten lekuan. Bestela, etxera edo bide frantsesa egitera joango dira, garestiago ateratzen zaielako Donejakue bidea egitea Karibera joatea baino».

Imaz udan gerta daitekeenak kezkatzen badu ere, aurretik datorren kontu bat dela azaldu du. Jakintza ikastolan 60 plaza zituzten, eta soilik uztailean eta abuztuan ziren erabilgarriak. Gainontzeko urte guztian iristen ziren erromesek beren kabuz moldatu behar izaten zuten. Gainera, 60 plaza gutxiegi dira, elkartearen arabera, egun batzuetan 30 baina beste batzuetan ehun lagun iristen direlako. Kasu horietan, lurrean lo egitea eskaintzen zieten, bestela ostaturik gabe gelditzen zirelako. Askotan, onartu egiten zuten erromesek aukera hori, «leher eginda» iristen zirelako, beste zerbaiten bila hasteko indarrik gabe.

Egun jendetsuenetan, 40 lagun inguruk lo egin zuten lurrean, eta haietako askok, korridoreetan. Gainera, ur berorik ez zen iristen denentzat. «Egoera jasangaitza zen. Gure lana eskertu egiten zuten, baina eskaintzen genizkien baliabideak penagarriak ziren. Zer irudi ematen dugu horrela?».

Urte asko dira elkartea egoera hori salatzen ari dela. «Hau tragedia bat da». 30 bat gutun bidali dizkiete udalari, Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiari, gotzainari... «Baina mundu guztiak beste aldera begiratzen du. Udalak, diputaziora jotzeko; diputazioak, Eusko Jaurlaritzara, eta hark, gotzainarengana... Nik esaten dut guztiok bilera bat egin behar dugula, eta erabaki bat hartu arte inor ez dela aulkitik jaikiko».

Boluntarioak aski ez

Elkarteko boluntarioek behar guztiak bete ezin dituztela iritzita, Imazek uste du ekimen pribatua sustatu behar dela. Beharrezkotzat jotzen du urte osoan erabilgarri egongo den gune bat, 40 plazakoa. «Politena litzakete norbait ausartzea aterpetxe bat muntatzera, gure estilora, zerbait xumea eginda». Gutxienez sei pertsonari proposatu die aukera hori Imazek: lokalak bilatu dizkie, planteatu die 40 lagunentzat izango dela, eta 40.000-50.000 euroko inbertsioa egin behar dela hasieran. Baina erantzun guztiak ezezkoak izan dira. «Gutxienez, zazpi hilabetez egunero lan egin behar duzu, eta 13:00etan hasi eta hurrengo eguneko 10:00etan amaitzen duzu. Familia eredu oso definitua izan behar duzu horretarako, eta jendea beldurtu egiten da». Eskaintza hipotetiko hori behin-behineko instalazioekin osatzea da elkartearen asmoa.

2009an, Herritar Merezimenduaren domina eskuratu zuen elkarteak, bere lanaren aitorpen gisa. Baina Imaz ez dago konforme. Horren ordez, benetako soluzio bat nahi du. Gainera, amorrua ematen dio Donejakue bidea turismoa erakartzeko eta publizitaterako erabiltzeak. «Honek gainezka egingo du. Iruñean gertatu zen duela urte batzuk. Udaletxean jarri ziren erromesak, bat eginda, eta hemen gauza bera gertatuko da. Elizara edo beste nonbaitera joango dira, eta joan daitezela, neu izango naiz lehena hara bidaliko dituena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Talka kultural batzuez ez zara ohartzen bertan bizi zaren arte»

Ane Insausti Barandiaran

Europan eta Euskal Herrian atentzioa eman zioten ohiturak eta bitxikeriak kontatzen zituen Iedemak Hego Dakotako herri aldizkari batean. Orain, liburu batean bildu ditu, atal laburretan.
1 ©JON URBE / @FOKU

'Belozipedoa' Urumeara itzuli da

Enekoitz Telleria Sarriegi

Ramon Barea asmatzaile eta ekintzaile donostiarrak asmatu zuen pedalontzia duela 130 urte. Urumea ibaian egin zituen lehen probak, Kontxako hondartzan ondoren, eta mundu osora zabaldu zen gerora. Arrauning enpresak ondare hori aldarrikatu nahi du, Barearen omenez egun bat antolatu, eta errekan zehar txangoak egin uztailean eta abuztuan.

Toño Lopezek zuzendutako <em>Cuñados</em> filma RTVE Play atarian dago, baina ezin da galegoz ikusi. ©RTVE

Plataformetan galegozko edukien presentzia hutsala dela salatu dute

Urtzi Urkizu

Galiziera Normalizatzeko Mahaiaren arabera, hainbat plataforma legea urratzen ari dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.