Errepide sarea Internetentzat

Izarkom telekomunikazio-operadore kooperatiba sortu dute. Internet eta telefonia eskaini nahi dute Euskal Herri osoan, irabazi asmorik gabe eta sare partekatuekin.

Iker Garaialde, Asier Garaialde eta Arkaitz Sodupe Iruñeko Katakrak liburu dendako areto nagusian, Izarkom kooperatiba aurkezten, herenegun. J. MANTEROLA / ARP.
Iker Tubia.
Iruñea
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Errepide sare bat. Horrela irudikatzen dute Internet zerbitzua jasotzeko modua Izarkom kooperatiban. Errepidea ailegatzen ez den herria inkomunikaturik dela esaten da. Errepidea, edozeinek erabil dezake herrira ailegatzeko, eta, era berean, denek partekatzen dute bidea. Noski, Izarkomek nahi duen errepidea ez da autoentzat. Telekomunikazio sare partekatu baten bidez, zerbitzua eskaini nahi du Euskal Herri osoan kooperatiba sortu berriak. Dagoeneko egin dute aurkezpen publikoa, Iruñeko Katakrak liburu dendan. Orain, bazkideak behar dituzte. Urtarrilean martxan izanen dute sakelakoentzako linea, eta ahal bezain pronto hasiko dira Internet eskaintzarekin, sarea sortua duten tokietan.

Hiru zerbitzu eskaini nahi ditu: Internet, telefonia finkoa eta telefonia mugikorra. Horrela esanda, operadore berri bat baizik ez dirudi. Baina bada alderik. Izan ere, telekomunikazioen eskaintza bestela ikusten dute Izarkomen: zerbitzu publiko gisa. Eta hortxe dago alde nabarmenena, filosofian. «Internet konexioa giza eskubide bat da, baita beste giza eskubide batzuk zabaltzeko bidea ere: hezkuntza, osasuna arta, adierazpen askatasuna...». Iker Garaialderenak dira hitzok. Izarkom proiektua aurkezteko ekitaldian esan ditu. «Oso zaila da eskubide bat bermatzea, horretarako arduradunak enpresa pribatuak direnean». Horregatik, irabazi asmorik gabeko kooperatiba martxan jarri dute, alternatiba gisa.

Izan ere, operadoreek helburu bakarra izaten dute: irabaziak lortzea. Beraz, herri txiki batzuk inkomunikaturik geratzen dira, telekomunikazioen zerbitzuei dagokienez, ez direlako errentagarriak enpresa horientzat. Helburua, beraz, zerbitzu publikoa eskaintzea da, irabazi asmorik gabe. Horretaz gainera, partekatutako sare baten bidez eman nahi dute zerbitzu hori. Hor ere, errepidearen metafora erabili dute: «Ez da logikoa herri bakoitzera joateko nork bere errepidea egitea. Batekin aski da», esan du Asier Garaialde Izarkomen sortzaileetako batek.

Sare partekatuetan, arau batzuk errespetatuz gero, beste batzuek ere erabiltzeko aukera dute. Konpromiso bat adierazi du Asier Garaialdek: «Gure oinarria da sare partekatuak erabiltzea, sustatzea eta, behar den neurrian, egitea». Gainera, Izarkomek instituzio publikoak engaiatu nahi ditu sare horiek sortzeko, betiere, tokian tokiko eragileak ahantzi gabe. Dagoeneko, badira gisa horretako esperientzia lokalak; adibidez, Orendaingoa (Gipuzkoa). Sare bat dute herri osorako, eta zuntz optikoa dute herrian. Baserrietara wifi bidez iristen da Internet. «Telekomunikazio seinalea %100ekoa da guifineti esker». Antzeko esperientziak daude Hernanin, Andoainen (Gipuzkoa)...

Eginak dauden sareak erabiliko ditu Izarkomek, eta beste batzuk sortu beharko dira. Dagoeneko, harremanetan dira Iruñeko eta Gasteizko eragileekin, eta Donostian badaude esperientzia batzuk. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere hasi dira harremanak egiten sarea zabaldu ahal izateko. «Orain arte errepidea osatzen aritu gara batik bat, eta ez hainbeste zerbitzua ematen», gogorarazi du Asier Garaialdek. Epe motzean guifinet eta sare askeak dauden tokietan emanen dute zerbitzua. Gainerako tokietara bertako eragileen bultzadarekin iritsiko dira, sareak sortu ahala.

Interneterako sarbide «duina» sare partekatuen bidez eskaintzeaz gainera, antolatzeko moduari ere garrantzia eman diote Izarkomen. Operadore gehienak merkataritza elkarteak izaten dira, baina haiek kooperatibaren alde egin dute. «Gure helburua Internet konexioa ahalik eta kalitate onenean eta prezio justu batean Euskal Herriko leku guztietara zabaltzea delako, eta ez dugulako irabazteko asmorik», zehaztu du Asier Garaialdek.

Gainera, sistema sozioekonomiko kapitalistari aurre egiten dion antolatzeko moldea dela uste du. Horrekin batera, parte hartzea aipatu du: «Ez ditugu bezeroak bilatzen, baizik eta proiektu kideak edo proiektua gurekin batera aurrera atera nahi duten pertsonak eta erakundeak». Dagoeneko Izarkomeko bazkide egiteko aukera badago.

Filosofia zabal horren barruan kokatu dute ere nazioaren eraikuntza. Izarkom Euskal Herri osorako proiektua izanen da. Mugak hor jarriko dituzte. «Hankamotz geldituko ginateke proiektua bera ez balitz herrigintzaren ikuspegitik sortuko», esan du Iker Garaialdek. «Herrigintzaz gain, Euskal Herriko naziogintza ere sustatuko dugu. Argi geratu da Katalunian telekomunikazio aldetik izan dituzten oztopo,zentsura eta gabeziak». Horrelako egoerak saihesteko, Euskal Herriak bere azpiegitura propioak izatea garrantzitsua dela uste dute Izarkomeko kideek.

Irabazteko asmorik ez dute, baina galtzekorik ere ez. Proiektuak bere burua mantendu beharra duela gogorarazi du Asier Garaialdek. Operadoreek, askotan, prezio baxuak eskaintzen dituzte hasieran, eta gero bikoiztu egiten dira. «Ahalik eta preziorik justuena eskaini nahi dugu, nahiz eta oso baxua ez izan. Ez dugu jendea tarifekin nahastuko».

Bidesaria ordaindu beharra

Izarkomen filosofia ez da guztiz egingarria eskainiko dituzten zerbitzu guzietan. Arazo batekinegin dute topo sakelako telefonoko zerbitzua eskaintzeko tenorean. Izan ere, alor horretan ezin da uhin frekuentzien sarerik sortu, enpresa pribatu gutxi batzuen esku baitago ahalmen hori. Bestela egitea legez kanpokoa litzatekeenez, Orangeren sarea erabiliko dute sakelakoetarako.

«Zoritxarrez, hori erabili beharko dugu. Ordaindu beharreko bidesaria da», onartu du Asier Garaialdek. Bestalde, gogorarazi dute, Interneteko sarbidea eta telefono finkoa Euskal Herrian baizik ez dituztela eskainiko, baina, sakelako telefonoek seinalea izanen dutela atzerrian ere; gainerako operadoreekin gertatzen den modu berean, hain zuzen ere. Izarra abiatzear da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.