Ivan Santamaria.
GEURE KONTU

Carrie Gracie eta errege biluzia

2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Gutxitan du lekukotza batek halako indarra. Agerraldi asko daude parlamentuetan, baina logika du herritar arrunt bat apur bat kikilduta aritzea parafernalia instituzional handiaren aurrean, natural mintzatzea kostata. Kazetari esperientziaduna izateak lagundu dio Carrie Gracieri. Kamera aurrean bezain zorrotz erantzun die asteon Erresuma Batuko parlamentarien galdera eta iruzkinei. Arazo bat bere gordinean azaleratu du, bikain.

Nor da Carrie Gracie? Joan den hilabetean nahigabeko protagonista bihurtutako BBC telebista kate publikoko kazetaria da. Dimisioa eman zuen, pareko editore gizonezkoei baino gutxiago ordaintzen ziotelako. Soldata arrakala eta berdintasun falta salatzeko kolpea izan da. Parlamentuan egindako kontakizun zehatzak agerian utzi du arazoa zein sakon errotuta dagoen.

BBCk Txinari jarraipen handiagoa ematea erabaki zuen 2014an. Gracieri eskaini zioten editore lana. Hasieran, ez zuen nahi izan. James Harding albistegiburuak belauniko eskatu zion. Ez zegoen inor hoberik. Ez zuen beste inork hainbesteko kualifikaziorik. Lau urte geroago, telebista katea behartu zuten ordainik handienak zituzten langileen soldatak argitaratzera. Orduan jakin zuen kazetariak: nazioarteko gizonezko editoreen erdia ari zen kobratzen.

Soldata berdina jasotzeko eskaera ofiziala egin zuen segituan. Zuzendaritzak, auzia aztertuta, onartu zion behar baino 115.000 euro gutxiago ordaindu zizkiola lau urtean, eta igoera bat eskaini zion, gainerako editoreekin parekatu gabe. Haatik, BBCk ez zuen onartu emakume izateagatik diskriminatu zutela. Berriemailea ez zen konformatu. Kalte-ordaina errefusatu, eta genero arteko soldata ezberdintasunei buruz datu zehatzak exijitu zituen.

Emakume izateagatik diskriminatu ez bazuten, orduan zergatik kobratzen zuen gutxiago? Txundigarria da galderari erantzuteko argudioa. Gutxiago ordaindu zitzaion hiru urtez in development zegoelako. Proba moduan zegoela esateko modu fin bat. Proban. 55 urteko emakume bat, 30 urtez kazetaria, mandarin hiztuna, eta Txinako gaietan aditua. «Kalteari gehitzeko irain bat da», haren hitzetan. Inork ez zion esan proba zenik. Ez zuen onartuko. Norbaitek uste al du ardura postu batean gizonezko bati halako baldintzak ezarriko zitzaizkiola?

Ez da diru kontu hutsa. Graciek berak dio soldata ona zuela. Hemen gertatu dena errespetu kontua da. Profesional bati, emakume izateagatik, errespetu txikiagoa izan zaiola. Emakume izateagatik gutxietsi dela haren balioa, non eta berdintasuna ikur izan behar zuen telebista publiko batean. Beste 297 emakumek kexak aurkeztu dituzte BBCn, pareko ordainak eskatzeko. Lurrikara hori sektore pribatuko beste enpresetara iritsiko den ikusteko dago.

Soldata arrakalaren faktore nagusitzat jo izan da beti lanpostuaren kalitatea. Emakumeak gutxiago ordaindutako lanpostuetan gehiengo dira —zerbitzuei lotutakoetan, batez ere—, eta prekaritate tasa handiagoak dituzte. Bere horretan, hori bada diskriminatzailea, baina benetan lanpostu berdinetan pareko soldatak bermatuta daude? Ardura postuetan ere bai?

Asteon eskatu dio legebiltzarrak Jaurlaritzari ordain diskriminazioa salatzeko tresnak erraztea, lan iruzurraren aurkako buzoian. Berez, Lan Ikuskaritzaren eginbeharra bada orain halakorik gertatzen ez dela bermatzea. 2013-2016ko epean 121 ikerketa egin zituen sexu diskriminazioari buruz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bi zigor jarri zituen. Ikerketa guztietatik %0,6 dagozkio diskriminazioari. Zigorrak %0,27 izan ziren.

Buzoia ez da berez ideia txarra. Diskriminazioa frogatzeko zailtasun handiak daude, ordea. Datuak eskuratzea ez da hain erraza. Zama guztia salaketa egin duen emakumearen bizkarrean erortzeko arriskua badago. Herrialde batzuetan hasi dira datu horien erabilera arautzen, zer eta non zuzendu behar den ulertzeko informazio zehatza ezinbestekoa baita. Erregea biluzik dagoela diote arrakalaren neurketek. Baina, batzuetan, arropak propio kendu behar zaizkio, Carrie Graciek egin duen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.