xabier martin
GEURE KONTU

Perfume usainik gabeko gutunak

2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Eta gutun bat jasotzen baduzu, eta ez badauka perfume usainik»... Guardia Zibilarena dela zioen Kojon Prieto y los Huajolotesen kantu ezagunak. Sindikatuek berriki jasotakoek ere ez dute usain onik: Bizkaiko Ogasunaren zigilua daramate, eta, kantuarenak bezala, ez dakartzate albiste onak jasotzaileentzat. Horien artean, ordea, jasotzaile zehatz bati eragiten dio gehien ogasunaren ezusteko ekimenak: ELAri. Hark baitauka ogasunak miran jarri duen erresistentzia kutxarik handiena; grebak egin ahal izateko tresna garrantzitsua, inondik ere. Orain arte, euskal ogasunak ez dira sartu grebalariei ordainketak egiteko diru kutxek ogasunarekiko izan ditzaketen obligazioetan, baina Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak joko arauak aldatzeari ekin dio.

Erresistentzia kutxen bidez lanuztean dauden beharginei egindako ordainketak lan errendimenduak diren ala ez da auziaren funtsa, itxura batean, aldagai tekniko bat. ELAk dio ez direla gisa horretan jo 38 urtean, eta orain arteko irizpidea aldatu duela Bizkaiko Ogasunak; bide batez, urte horietan guztietan, ELAk beti bete duela ogasunen irizpideekin garbi utzi du sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñozek, baita ogasunak baduela behar duen informazio guztia ere: «Ez gara iruzurgileak, eta ez dugu ezer ezkutatzeko». Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak, berriz, esan du lan errendimenduak izan direla «beti», eta atxikipenak egin behar zaizkiela aditzera eman du; halaber, sindikatuak «erabateko kolaborazioa» eskaintzen ari direla jakinarazi du.

Rubicon gurutzatu du Rementeriak

2005eko azaroan, Gasteizko Caballito enpresako langileek amaiera eman zioten grebari bi urteko lanuzte luzea egin ondoren. Grebaren lehen urterako 120.000 euroko ordainketak egin zituen ELAk erresistentzia kutxaren bidez, sindikatuaren orduko iturriek esan zutenez. Arabako Ogasunak ordainketa horiek zergapetzeko saio bat egin zuela gogoratu du asteon Adolfo Muñozek, baina berehala baztertu zuela. Ez du ematen, ordea, Bizkaiko Ogasunak atzera egiteko asmorik duenik. Lurraldeak azken urtean bizi izan duen lan gatazka giroaren ostean, Rementeriak Rubicon gurutzatu du. Orain, oso testuinguru jakinean, ELAk lan gatazkak areagotzera doala iragarri eta gero, iritsi da Rementeriaren oniritzia behar duen ogasunaren erabakia, oraindik oroimenean dagoela zahar etxeetako emakume langile grebalarien garaipena. 370 lanuzte egunen ondoren, elastiko erreibindikatiboak airera jaurti zituzten beharginek. Argazki horretan bilatu behar da auziaren benetako funtsa, politiko-ideologikoa baita.

ELAri ez zaio «egokitu» azterketa, Andoni Ortuzarrek esan duen bezala, «besterik gabe»; alegia, ogasunaren «jarduera normalaren barruan». EAJko presidenteak badaki zerga politika ez dela egokitzen, besterik gabe, funts politiko-ideologikoei jarraikiz baizik. Gipuzkoan ez diete ezkutu fiskala ezarri zergetan kopuru handia pagatzea egokitzen zaien hiritarrei, besterik gabe, eta EAJk-PSEk eta PPk ez dute adostu sozietate zergaren tasa %28tik %24 jaistea, zotz egin ondoren. Perfumerik gabeko karta bat edonork jaso dezakeela eta, ELAk ez duela zertan «kexuka ibili» esateari mendeku usaina dario, harreman gatazkatsu baten eragile aktibo baten ekarpenarena.

Andoni Ortuzarrek ELAren erresistentzia kutxa elikatzen du bere afiliazioaren kuotaren bidez, eta hori ez da aldatuko, «ELAren zuzendaritza baino lehenago» iritsi zelako sindikatura. Zuzendaritza horrek «nahi duen arren», EAJko presidenteak ez du «amorerik emango», eta esan du ELAko kide izango dela aurrerantzean ere. Hori bai: erresistentzia kutxaren dirua «gardena» izatea nahi du, eta ELAn, zuzendaritza arduretatik kanpoko beste edozein kideren parekoa den arren, zerga politika erabakitzen duen joko politikoan ez da edozein jokalari, gauzak era batera edo bestera gertatzea egokiarazten duen horietako bat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.