Angel Erro.
JIRA

Asper

2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Aste honetan ikusi dudan Call Me by Your Name filmetik sakonen iritsi zaidana ez da mutil nerabe baten eta gizon gazte baten arteko maitasun istorioaren eder edo sotila, baizik eta lehenaren asperdura udatiarra nola dagoen islatuta. Filmaren gainontzekoarekin, gertukoa sentitu arren, ezin izan naiz hainbeste identifikatu. Etxean ez dugu inoiz gizon gazte ederrik hartu aitari bere ikerketetan laguntzeko, ez daukagu Italiako iparraldean landetxerik, ez dugu ezta Nafarroako herri ziztrin batean ere etxolarik izan uda pasatzeko. Maiteminera eta haren gorpuztera beranduago iritsi nintzen. Halere, oso nireak sentitu ditut protagonistak ematen dituen ordu alferrak, gerora oroimenean udatiar irudika ditzakegun horiek: jakin-goseaz, sentsualitateaz eta aukera mugagabeez jositako nagitasun oraindik analogikoa, oharkabean moldatzen ari zaizun asperdura.

Gerora, mundura ateratzean, asperdura itzuliko da tarteka, leunagoa eta hutsalagoa. Nerabezaroan bezalakorik ez (nire garaikoaz ari naiz; gazteagoenaz ez naiz mintzatzera ausartzen).

Esanguratsua iruditzen zait asper hitzak euskaraz dituen (baina ahaztu ditugun) adieren artean irrika, grina, desira ere egotea, lehenago aipatu filma ikustea besterik ez dago zergatik ulertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.