Angel Erro.
JIRA

Curriculuma

2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Proba egin du Alemanian ikerketa batek. Emaitza asmatzen erraza zen. Datuak falta ziren akaso. Emakume baten curriculum bera hainbat enpresatara bidali dute eta erantzun positiboak zenbatu dituzte, lan eskaera horrek atxikita zer argazki zeraman. Hiru aukera zeuden. Hiruretan emakume bera agertzen zen, aurpegiera eta jarrera berdinarekin. Lehenengoan alemaniar jatorriko izen-abizenekin aurkeztu zuten (%18,8 baiezko jaso zituen). Bigarrenean argazki berbera, turkiar jatorriko izen-abizenekin (%13,5 baiezko). Hirugarrenean izen-abizen berberak, turkiarrak, baina lan eskatzailea buruko zapiaz agertzen da argazkian (%4,2 baiezko).

Oraintsu arte, Nafarroan ba omen zegoen curriculumetik euskaraz jakitea ezabatzen zuenik, euskal grafiari uko egiten zionik. Beharbada baikorregi jokatu dut eta gaur eguneraino luzatzen den egoera da, beste lurraldeetara ere zabalgarria. Jakingarria litzateke aurrekoa bezalako beste ikerketa batez egiaztatuko balute, datuak eskura.

Barne ahots batek kargu hartu nahi dit galdetuz ea nik ez nukeen (eta noraino) justu kontrara ebaluatuko, kontrara diskriminatuko. Hala izanda ere, ziur naiz ez nukeela desorekaren orratza gehiegi makurraraziko, ezta berdintasunera hurbilaraziko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.